Karrajua.org euskaltegien eta helduen euskalduntzearen inguruko gunea da. Mundu honetaz jarduteko plaza eta internetek ematen dituen aukerak esperimentatzeko gune irekia besterik ez du izan nahi.

Ezagutza tazitoaz

Arkaitz | 2009-07-03 00:16

Ez dakit Benitok ez ote duen oraindik asteazkeneko bazkaria ondo digeritu, edo bazkalondoa joan zitzaion kontrako eztarritik. Baina, bera protagonista izan zeneko kronikaren zain, nik zenbait gauza aurreratu nahi nituzke.

Hasteko, esan behar dut Benitoren aurretik andaluz saleroso bat jartzea ez zitzaidala parte onekoa iruditu. Dena dela, Benito ondo irten zen plaza (plazatoros) hartatik. Glotodidaktika ikastaroa eta AEK-k irakasleen prestakuntzan jartzen duten ahalegina agerian geratu ziren. Esan daiteke, egungo Helduen Euskalduntze Alfabetatzean irla bat izaten jarraitzen duela, aspalditik gainera. Nik esan dezaket ni neu behintzat markatu egin ninduela. Han galdetu ziguten ea zerk markatu gaituen irakasle bidean. Nik gaur arte ez dut aitortu, baina hor doa: batez ere Begok katuarena egin zuenean guk barre egiteko eta serio mantendu ginenekoak (barkatu Bego)

Egun, oraindik ere, unibertsitatean ez dago ikasketarik geureari begira. Filologian lizentziatuak dira hurbilen ibil daitezkeenak eta, denok dakigu hizkuntzaren didaktikatik zenbat edaten den fakultate hau duten unibertsitateetan.

Teoria, nahi duenak eskura du: liburuak, internet, ikastaroren bat edo beste eskatuz gero (udako “etenaldian” bazaude, ordainduta). Baina 3. saioan mahaikideek eta entzuleek azpimarratu zutenez, astean 20/30 klase-ordu eta gero, aukera gutxi daude bolondres joateko (beti dago kolgauren bat baina...). Etxeko kontuei eta buruko osasunari ere begiratu behar zaiela ere esan zuten (jendeak apuntatu egin zuen).

Ikerketaz ez zen askorik hitz egin, baina unibertsitaterik ez dagoenez, ikerketa aplikaturik ere ez. Beraz, irakasleen klaseetan ez omen da ikertzailerik sartzen; eta Donostian entzun genuenez, ezta beste irakaslerik ere. Irakasleok egin ohi ditugun ebaluaketa krudelen beldur gara akaso? Niri gogoa geratu zitzaidan galdetzeko ea zelan ikusten zuten bi irakaslek edo gehiagok kudeatutako taldeen kasua (ea norbaitek esperientziarik zuen).

Gauzak horrela, "ezagutza tazitoa" gainezka daukagu. Iragarkiak esaten zuen: "Tazitoa a tazitoa...": metatu egin dugu.

Metahizkuntzaz eta materialak sortzearen garrantziaz ere aritu ziren, baina Benitori ere zerbait utzi beharko diot kronikarako.

Ea txosnaren baten komentatzerik dugun!

Etiketak: | | |
Iruzkin 1
Bidalitako artikuluak

Uso eta erabilera

Benito(e)k bidalita 2009, ekaina 30 - 23:08(e)an.

Miramarreko bigarrena gaur. Ernesto Martin Perisek zabaldu digu eguna eta berriro ere gogoratzeko moduko aipamenak ekarri eta zer pentsatua eman dizkigu.

"Concepciones acerca de lo que supone ser capaz de usar una lengua" izan du izenburu saioak. Hasiera batean ikastaroko gai orokorretik —hizkuntz-irakaslearen hasierako prestakuntza— apur bat aldentzen zela pentsatu dut, eta akaso horrela izan da, baina berriro ere hizkuntzaren ikuspegiaz hausnartzera etortzea eta gogoratzea eta hura erakustea ez dut uste ezein hizkuntza irakaslerentzat batere kalterako izango denik  (berria nahiz aritua). Hainbat urte bueltaka eta hamaika biderrez aldarrikatu arren oraindik klaro-klaro ez dabilen kontua dela esango nuke.

Martín Perisek hamaika buelta eman dizkio kontuari, egia esanda, eta argi botatzen ditu ideiak eta laginak. Apuntatzeko modukoak izaten dira ekartzen dituenak, bereak edo beste inorenak:

  • Gaitasun testuala hizkuntzen arteko zubia dugu, hizkuntza desberdinetako hiztunen artetik gutxien aldatzen den konpetentzia.
  • Hizkuntza erabiltzen hastea ez da hizkuntza ahoskatzen hastea. Komunikazioaren adierazlea ez da hots-kopurua, komunikazioaren bidez transmitizen denaren kopurua baino.
  • Elkarrizketa ez da interrogatorioa.
  • Gramatika emaitza da, komunikazioaren ondorioa, ez komunikazioaren ezinbesteko baldintza.

Bere horretan seguruenik gogorrak edo kriptikoak egingo zaizkizue hitzok, polemikoak ere bai. Baina argi dauka zer den hizkuntza erabiltzea, eta argi utzi digula uste dut.

Hitzaldiaren izenburuaren azkenengo pasartea gaztelaniatik euskara ekarrita mezu honi etiketa bat gehitu behar niola konturatu naiz gainera: "...el uso de la lengua" > "... hizkuntzaren erabilera". Soziolinguistika etiketa gehitu dut hain zuzen ere. Perisi parafraseatuz ideia bat zirriborratu dut bat-batean: "hizkuntzaren erabileraren adierazlea ez da botatzen diren hotsen edo letren kantitatea, hizkuntza horrek komunikazioaren bidez transmititzen duenaren kantitatea eta kalitatea baino".

Goizaren gainerako orduak ECMLko Frank Heyworth-ekin eman ditugu. Hizlari atsegina eta umoretsua, ingelesen estilora. Pinganilloaren menpekotasunak horrelakoak ondo gozatzeko aukera kentzen digu askotan, lastima.

Europako Markoaren ingurumaritik abiatzen da bere lana (bide batez, Europako Markoaren filma ikusi duzue zuek? Bideo-clubean ez dut topatu). Markoaren ereduaren antzera hizkuntza-irakaslearen gaitasunen mapa desberdinak aurkeztu dizkigu, berak esan duen bezala, hizkuntza-irakasleak zer egiten jakin behar duen. EPOSTL, EPSTL eta EAQUALSen profila. Funtsean hizkuntza irakaslearen profila lan-munduan gero eta ohikoagoak diren konpetentzien zerrendetara ekartzeko saio desberdinak. Berak esan duen modura, hasiera batean apur bat deprimentea izan daiteke zenbat gauza egiten jakin behar den, baina tira perfekzioa ere ez dugu beti lortuko.

Ideia ezagun gehiago, hiru profil motarena adibidez: konpetentea, trebea eta maisua izendatu daitezkeenak, hau da, egiteko gai dena, ondo egiten duena, eta egin ez ezik eredu edo maisua ere izan daitekeena (azalpen kaseroan).  Kalitatearen kontzeptua ere bai, pertsonen asebetetzea eta emaitzen lorpenetan kokatua, EFQM ereduetan bezala adibidez. Azken batean mundu profesionaleko ikuspegi eta ideiak geure profesiora ekarrita.

Konpetentzia maila horretara ailagatzeko giltza batzuk aurkeztu dizkigu:

  1. Lidergoaren garrantzia
  2. Datuen bilketa eta behaketa
  3. Hausnarketa eta bideratzaile (facilitadorea) paperaren beharra.

Esan bezala, lan mundutik datozen ideiak eta ikuspegiak, handik ezagunak egin zaizkigunak, baina logikoa da, ezta? gurea ere lanbidea da azken batean.

Behaketa eta fazilitazioa (zelan itzultzen da hau?) jorratu ditu azken zatian. Interesgarria, baina dudatxoa geratu zait hasierako prestakuntzarako tresna egokienak ote diren, akaso etengabeko prestakuntzarako bai, baina hasberrien kasuan haien erabilpena askotan mugatuegia ote daitekeen pentsatzen geratu naiz.

Tira ba, bihar gehiago, eta geureaz.

Etiketak: | | | | | |
Benito (r)en bloga | gehitu iruzkin berria

Praktikatik teoriara

Benito(e)k bidalita 2009, ekaina 29 - 22:06(e)an.

Gaur konektatu bako eguna eta hausnarrean ipini naute entzundako batzuek:

  • Prestakuntza ez da entrenamendua
  • Gaitasuna garatzen bada, jardunagatik ez da hainbeste arduratu behar.
  • Hizkuntza irakastea etengabeko elkarrizketa da
  • Norberak eraiki behar du bere "teoria"
  • Uler diezazutela nahi baduzu, uler iezaiezu.
  • H1ean hitz egin daiteke H2an komunikatzeko
  • Bat-batean erreakzionatzen jakitea da kontua
  • Zailena egiten ari zarenaz hausnartzea da.
  • Ikastaroak ezin dira oinarri teorikotik hasi.
  • Esperientzien elkartrukatze soilak ez du aurrera egiten laguntzen.
  • Elkarreragina ezin da transmisioan oinarrituta predikatu.

Eta idatzi ahala zer egiten ari naizen pentsatzen. Bide batez, zuen irakasleak zergatik izan dira onak?

Bihar gehiago, bitartean  hemen, hemen, hemen edo hemen.

Argazkia: Miramar. Egilea izeus. Lizentzia.

Etiketak: | | | |
Benito (r)en bloga | gehitu iruzkin berria

Udako itsasmira

Benito(e)k bidalita 2009, ekaina 24 - 01:26(e)an.

EHUren udako ikastaroetan murgilduta ikusi dut jendea egunotan. Asko dira eta interesgarriak diruditen gauza asko seguruenik. Egia da era berean San Juan suarekin erre ohi ditugula azkenengo munizioak, honez gero norbera ere erre ez bada, eta uztail eta abuztu osoak ditugu aurretik geratu zaizkigun azken kartutxoen txinpartak ahazteko arsenala irailean berriro bete orduko

Baina tira, gure mundutxo honetan hain aukera gutxi gureaz jarduteko, badakizue didaktika kontu esoteriko horiek, eta datorren astean Miramarreko itsas-ikuspegiari begira jarri eta ikastaro kategoriarekin El profesor de segundas lenguas / II: la formación inicial y el desarrollo de la competencia docente (pdf) izeneko bat dugu.

Egitarauaren pdf-a deskargatu eta kuxkuxeatzeko umorea izan baduzue, ikusiko zenuten nire izena dagoela irakasleen artean. IKAko Xabier Bastida eta biok handik eta hemendik etorritako adituen azalpenen ondoren, gure erakundeetan euskara irakasleak abian jartzeko zer egiten dugun kontatuko dugu. Ez dakit horri "lezioa" kategoria eman dakiokeen, nik neuk behintzat ez dut hartu inori instrukzioak emateko asmorik. bakar-bakarrik helduei euskara irakasleak ziurtatzeko zer egiten dugun, zertzuk arazo aurkitzen ditugun eta nondik nora gabiltzan kontatu.

Irakasleak aurkitzea eta hasierako prestakuntza ziurtatzea izaten da gure sektorean gehien aipatzen diren kezketako bat. Seguruenik IKA edo AEK bezalako erakundeetan handiagoa. Baten batek bota zuen lehengoan euskaltegietan inoiz irakasle ibili den jende kopurua ikargarria dela, joan eta etorri izugarria daukagu gurean azken batean. Eta arazoak gutxi ez, ezta?

Beraz, bolbora apur bat geratzen bazaizue, eta tiroa Donostiaraino ailegatzeko moduan bazaudete, aukera ona daukazue honetaz munduan zer dabilen entzuteko gehien bat, baita gu zertan ari garen ere, eta azken eguneko mahai-inguruan zuen kezkak, galderak eta ekarpenak gurekin batera plazaratzeko.

Berriz, bolbora amaitu bazaizue , eta hala ere irakasle berrien prestakuntzaz zerbait esateko edo komentatzeko baduzue, hemen daukazue aukera plazaratzeko, beti bezala. Eta Miramarren egongo garenok estimatuko dizuegu gainera ikuspegi eta ideien ekarpena.

Datorren astera arte beraz, eta besteoi (gehienoi, ezta?) ondo pasa uda, merezi duzue eta.

PD: saiatuko naiz gure "lezioaren" materialak ekartzen, apur bat txukuntzen ditudanean. Eta Miramarren wifia ondo badabil, erretransmisio modukoren bat egiten.

Etiketak: | | |
Benito (r)en bloga | gehitu iruzkin berria

HABEren zuzendari nagusiari

Plisti-plasta | 2009-06-10 17:16

Hiru kontutxo/ipuintxo besterik ez dizkiot aipatuko gaur-gaurkoz, Hona:

1.    Prokusto (Joxerra Garziaren hitzetan)

Grezia zaharreko mitologia aberatsean bazen pertsonaia bat, behin baino gehiagotan aipatu izan dudana, liluratuta bainauka: Prokusto. Nor zen Prokusto hori? Bada, bide-bazterrean egon ohi zen erraldoi bat. Ohantze edo ohe moduko bat zeukan Prokusto hark, bere neurri-neurrikoa. Bidean pasatzen ziren bidaiariak hartu, eta bere ohean etzan arazten zituen, banaka. Hala jakiten zuen ea bidaiari bakoitzak luzera egokia zuen edo ez. Bidaiariren bat txikiegia bazen, hartu beso-zangoetatik, eta bortxaz luzatzen zuen, harik eta luzera egokia hartzen zuen arte. Harik eta bere ohearen tamainakoa egin arte, alegia, nahiz bortxazko luzatze horretan bidaiaria hil. Oherako handiegia bazen bidaiaria, berriz, ohez kanpo geratzen zitzaizkion puskak moztu egiten zizkion Prokustok, bidaiariaren beraren hobe beharrez beti ere. Alegia, tamaina egokiko izan zedin bidaiaria: ez handi, ez txiki… handi-txikia ohearen arabera juzkaturik beti ere.

2.    Rube Goldbergen makina

Rube Goldbergen makina edo gailu guztiek badute ezaugarri nabarmen bat: eginkizun errazena egiteko ere oso zeharkako bideak erabiltzen dituztela, alegia. Fisika eta surrealismoaren arteko nahasketa dira (patafisika). Nik beste urte dituzuenok, agian gogoratuko dituzue TBOn agertzen ziren tankera honetako makinak. Indianako Purdue Unibertsitateak urtero antolatzen du Goldberg-makinen lehiaketa, irabazle izateko ahalik eta urrats eta prozesu luzeenak burutu behar ditu makinak emaitzara heldu baino lehen.

3.    Föhn efektua

Alpeetako haize entzutetsu baten izena hartu du efektu honek. Erliebe menditsuetan gertatu ohi da, aire bero eta hezeak gora egin behar izaten duenean mendiak eragiten dion traba gainditze aldera. Honek ur-lurruna hoztu egiten du eta kondentsatu, ur-tantak sortuz haizealdeko mendi-hegalean, hodeiak eta euri zaparradak izan ohi dira bertan. Haizebeko mendi-hegalean, ostera, oskarbi izaten da eta tenperaturak gora egiten du.

Izan beza jakituria lagun zuzendari nagusiak, Prokustoren, Goldbergen eta Fönnen hatzaparretatik ihes egiteko.

Argazkia: Máquina de Rube Goldberg en la base del Alinghi. Egilea: freshwater2006. Lizentzia.

Etiketak: |
3 iruzkin
Bidalitako artikuluak

Hitz egiteko eguna

Benito(e)k bidalita 2009, ekaina 5 - 18:13(e)an.

Ohiko letaniak zabaldu ziren lehengo astean Ibilaldia dela eta ez dela: jendeak erdaraz hitz egiten duela, euskarazko mintzorik ez dela entzuten eta enparauak.

Aspaldiko kontuak dira bai. Azken batean urteetan frogatu digute egun bateko ekitaldiak, handia, jendetsua eta hunkigarria izan arren, ez dituela hizkuntza-ohiturak derrepentean aldarazten. Alegia, ikastolen jaialdi horiek (eta beste batzuk) euskararen egunak izango dira, baina ez oro har euskaraz hitz egiteko egunak.

Bihar berriz, bai, euskaraz hitz egiteko eguna izango dute askok.

Ez da hain handia, ez zaio hedabideetan zalaparta gehiegirik emango (ezta hedabide euskaltzaleetan ere), euskaltzale askoren arretarik ere ez du lortuko seguru asko, ez inor kezkatuko urlia edo berendia handiren bat agertu ez delako, baina joango direnek euskaraz hitz egingo dute, seguru. Kostata batzuek beharbada, baina ez dute egun bategatik euren arteko hizkuntza aldatuko ere, asko elkarrizketa honetara ailegatu diren azkenak izan arren.

Horixe. Bihar, ekainak 6, Mintzaeguna Gasteizen.

Etiketak: | | |
Benito (r)en bloga | gehitu iruzkin berria

Guggenheimen

Plisti-Plasta | 2009-06-04 23:21

Erakusketa polit batean izan nintzen lehengo batean Guggenheimen. Bertan ziren Chomsky, Piaget , Vigotsky, Siemens, eta Downes margolari ospetsuen maisulan zenbait, hormatik zintzilik. Halakoetan egiten dudan legez, bost koadro aukeratu nituen, berorietan murgildu eta, gehiegi ulertu ez arren, margolan bakoitzari sentsazioak xurgatze aldera. Tentazioari ezin eutsi eta deskribatu egingo dizkizuet koadrootan agertzen ziren eszenak.

1. eszena

Informatikaria bere bulegoan lanean. Bezero bati egin zioten web-orriak akatsa du eta arazo hori konpontzen saiatzen ari da. Egia esan, berak berez ez daki akats hori konpontzen, ez dago honelako milaka kontu aurreikusezin buruan gordetzerik; gainera, gauzak egun batetik bestera aldatzen dira alor honetan. Arazo bat du baina badaki nora jo, non bilatu, non galdetu. Konponbidea sarean bertan aurkitu du.

2. eszena

Ikasle bat bere gelan lanean. Unibertsitaterako lan bat prestatu behar du. Lana osatzeko hamaika lekutan ibili da kuxkuxean. Ingelesezko, katalanezko, euskarazko eta gaztelerazko testuak bildu ditu. Ingelesarekin eta katalanarekin hala-moduz moldatzen da, baina sarean aurkitu dituen zenbait tresnaz baliatuz lortu du testu horiek neurri handi batean ulertzea. Prest dauka lana.

3. eszena

Ikaslea eta irakaslea sarean lanean. Euskara ikasi nahi duen ikaslearen PLEa osatu nahian dabiltza. Aste honetan sarean aurkitu dutena partekatzen eta aukeratzen ari dira. Pare bat jario interesgarri aukeratu dituzte. PLE edo PLNan badituzte dagoeneko hiztegiak, aldizkariak, abestiak, eduki jarioak eta harreman sare pare bat. Horretan jarraituko dute denboralditxo batean.

4. eszena

Hamabost ikasleko talde bat euskaltegian. Ataza bat egiten ari dira. Guztien artean pentsatutako ataza da. Blog bat egingo dute. Horretarako hainbat erabaki hartu dituzte: egitura, helburua, hartzailea, gaia… Bloga publiko egiteko asmoa dute eta beronen bidez komunitatearekin harremanetan hastekoa.

5. eszena

Alboko ikasgelako taldea. Ataza bat egiten ari dira. Irakasleak ikasleek ipuina kontatzen ikas dezaten nahi du. Ikasleen esku utzi du azken erabakia, dena den. Ados egon dira eta irakasleak zenbait ataza bideragarri proposatu ditu.

Horrela utziko ditugu oraingoz eszenak, gehiago osatu gabe. Hurrengo batean kontatuko dizuet horietako bakoitzak zer eragin zidan. Tartean aukera duzue, nahi baduzue, koadro bakoitzean murgildu eta printza didaktikoak ateratzeko.

Argazkia: Guggenheim Structure. Egilea: picturetunes. Lizentzia.

Etiketak: | | |
4 iruzkin
Bidalitako artikuluak

Koherentzia, kohesioa eta aberastasunaren balioa

Benito(e)k bidalita 2009, ekaina 1 - 04:04(e)an.

EAEko gobernu berriaren hizkuntz-politikarenak tentuz hartzekoak izango dira oraindik, goiz da edo. Beldurrerako motiborik ez ei dago, hala ere, esanak esan, mesfidantza da nagusi euskaltzaleon artean, kontrakorik frogatzen ez den bitartean edo. Ez gara justuak izango eta badaezpada, zer dugu honez gero?

  • López lehendakariaren inbestidura-diskurtsoan (pdf): "Gizarte batek bi hizkuntza izateak aberastasuna dakar". Aniztasunaren eta aberastasunaren diskurtsoa. Zuzena, polita, gaur-gaurkoa, XXI diskurso inpekablearen topiko estandarra nonbait.
  • Isabel Celaa, Hezkuntza sailburuak: "Hemos vivido bastantes años en el sistema educativo pensando sólo en términos 'euskera-castellano'. Es un empobrecimiento".
  • Rafael Bengoa, Osasun sailburuak: "La interconexión profesional en España y en Europa se debe enriquecer y no nos debemos encerrar en nosotros mismos debido al idioma".  Ondoren, Osakidetzan euskararen merituen murrizketa iragarri.

Bi hizkuntzak ez ziren ba aberastasuna? Derrepentean ondarea zena pobrezia bihurtu da? Krisiak hain arin debaluatzen ditu baloreak? Ala burbuila batek puztuta eduki du balioren bat?

Beste gauza bat izan daiteke. Egunotan hainbat irakasle aztertzaile lanean dabiltza tituludungaien diskurtso idatziak analizatzen. Ebaluazio-irizpideen artean apreziatuenak eta seguru aski gutxien ulertuak: koherentzia eta kohesioa. Aberastasunaren irizpidea kakaztu digute hemen eta nik ere ez dut ondo asmatzen beste horiekin. Aztertzaile horiek lagunduko digute akaso. Izan ere, diskurtso arazo-baten aurrean gaudela susmatzen dut, zerbaitetan koherentea izan ez baina kohesio arraro bat erakusten duena.

Celáaren beste hitz hauetan bezala: "Una lengua impuesta nunca será amada y una lengua querida será más usada".

Etiketak: | | |
Benito (r)en bloga | gehitu iruzkin berria

Syndicate content

AzkenakHarpidetu (RSS)

Harpidetu erantzun eta iruzkinetara (RSS)

Harpidetu

Bloga Webgunea Feedburner Erantzunak

opml Gure jarioak(OPML)

xFruits Karraju "guztiak": Xfruits


Bloglines-en harpidetu
Markatu del.icio.us-en

Mugikorretarako bertsioa


Creative Commons License
lan hau
Creative Commons-en baimen baten mende dago.

Jarraitu Karrajua e-postaz

Sartu hemen zure e-posta

Iruzkinak eta erantzunak e-postaz jarraitu



Powered by FeedBlitz


Send Me A Message

Estatistikak