blogak

Artaziak, krisia eta enparauak: euskaltegien prentsaurrekoa

Benito(e)k bidalita 2010, ekaina 24 - 12:23(e)an.

EAEko euskaltegi pribatu homologatuek prentsaurrekoa egin dute gaur goizean. Datorren ikasturterako finantziazioa oraindik argi ez dagoela eta EAEko agintarien ahotik krisi berba eta jarrera kezkagarriak antzeman dituzte.

Prentsaurrekoaren berri oraindik hedabide askotara ez da zabaldu eta hemen duzue zabaldu duten testua:

Euskaltegiek erantzuna exijitzen diote Eusko Jaurlaritzari

 Urte bete igaro da HPSen aldaketa eman zenetik. Orain arte behin eta berriro entzun ditugu honelakoak HPSeko arduradunen ahotik: «Gure nahia garbia da: atzerapausorik ezertan ez».

 Baina euskaltegiok beste era batean bizi dugu hau guztia. Izan ere, gaur da eguna oraindik ere ez dakiguna zein izango den 10-11 ikasturtean izango dugun diru laguntza. Hori azken urte hauetan maiatzerako jakin izan dugu, eta horren arabera antolatu dugu hurrengo ikasturtea. Hori dela-eta, kezka oso zabaldurik dago: borondate oneko hitzetatik haratago oraindik ezer ez jakitea oso larria da, hurrengo ikasturtea erabat baldintzatzen duelako. Eta are larriagoa dena, ezer onik etorriko ez den seinalea izan daitekeela susmatzen dugu. Datorren ikasturtea nolakoa izango den ez jakiteak, zalantzan egoteak, atzerapausoak egongo direla pentsatzera  garamatza.

 Bilerak egin, egin ditugu, eta ba omen dago borondatea gauzak bideratzeko. Baina “krisia” berba da etengabe haien ahotik entzuten dugun bakarra.

 Gauzak horrela, euskaltegietara hurbiltzen diren milaka ikasle horiek ordaindu beharko dute krisia berriro ere. Hizkuntza ofiziala den euskara ikasteko orduan beren poltsikotik egin beharko dute ahalegin handiagoa; doakotasunerako bidean berriro ere atzerapausoa emango da. Eta ez ikasleek bakarrik, euskaltegietan lanean ari diren euskara irakasleak, oraindik egoera normalizatua lortu gabe dugunean,  berriro egoera ez egonkor batera, sasoi ilunetara, bueltatzeko arriskua aurreikus dezakegu.

 Are gehiago, egindako azken bileran honelakoak  entzun eta gero: “Legealdi hau txarra izango da, eta aurrekontuetan artazia sartu behar duenak euskalduntzearekiko sentimendurik ez du”.

 Beraz, horren aurrean dei berezia egiten diogu Jaurlaritzari. Hasteko, neurriak har ditzala orain arte lortutakoaren bidean atzerapausorik eman ez dadin. Bigarrenik, sektore honi behar eta merezi duen aitortza eman diezaiola. Eta, azkenik, diru laguntzetatik laguntza iraunkor batera igarotzeko pausoak eman ditzala. Borondatetik eta hitz onetatik ekintzetara pasatzeko unea heldu dela uste dugu.

 Euskaltegiak: Batuz, IKA, Elkarlan, Deustuko Euskal irakaslegoa, Maizpide euskaltegia, Bai & by, AEK

 Artazidunaren sentimenduez ez gara hasiko berbetan. Akaso lehenago artazirik ez ei darabilten batzuen uste eta eginen gainean hasi beharko genuke.

Eguneraketa:

Etiketak: | | | |
Benito (r)en bloga | 3 iruzkin

Akademikoa

Benito(e)k bidalita 2010, ekaina 21 - 17:11(e)an.

Ekainaren 22a, udako lehenengo eguna. Urtea abenduan edo ekainean amaitzen ote den ondo ez dakigun latitudeotan itxiera eta despedida ekitaldietarako gorde ohi dira horrelako datak, eta duela egun batzuk gonbidapena heldu zitzaidala halako baterako gonbitea izango zelakoan, eta ez. Donostiako Vitoria-Gasteiz kaletik zetorren gutunazalaren barruan 2010-06-22 Batzorde Akademikoaren bilera irakurri nuen.

2009ko martxotik ez da bildu Batzorde hori, eta honez gero -honegatik eta beste hainbat seinalerengatik- Donostiako Vitoria-Gasteiz kalean gurekin ahaztuta zeudelakoan (han inor bizi ote den dudan ere bai) San Juan bezperaren bezperan gonbitea. Hau menua:

Helduen Euskalduntzerako Oinarrizko Kurrikulua: Egoera: azpimailak, datuak eta lehentasunezko adierazleak, Proposamena: HEOK birbatua, Helburua: HEOK bakarra euskararen herritarren eremuetarako.

Akreditaziogintza: 2010eko gaitasun-proben egoera, Azterketak sortzeko Baliabideen Biltegia (ASBB), 2003ko abuztuaren 6ko Agindua berritzeko proposamena eta lan-egutegia.

Prestakuntza: 2009-2010 ikasturtearen balantzea, 2010 udaldirako egin eskeintza, 2010-2011 ikasturtearen hasiera-ekitaldirako proposamena, 2010-2011 ikasturterako 4. mailako gaikuntza-ikastaroa, Teknikari zein hizkuntza irakasleen etengabeko prestakuntzarako HABE liburutegiaren alerta-sistema.

Tira, sorpresaz beteriko eguna datorrela dirudi. San Juan suaren garra elikatzeko bestekoak ote?

Etiketak: | | | |
Benito (r)en bloga | gehitu iruzkin berria

Iradoki, proposatu

Benito(e)k bidalita 2010, ekaina 17 - 22:04(e)an.

Moot hitzaren bigarren adiera euskaraz, Elhuyar hiztegiak halaxe ematen digu. Lehenengoa zalantzagarri, eztabaidagarri dugu. Moodle ezagutzen duzue dagoeneko, Euskadi hitzak jakingo du bakoitzak zer iradokitzen dion. Eta bihar horiek hirurak Errenteriako Tknikan batuko dira.

Ez dirudi plan txarra: iradokizunak eta proposamenak, zalantzak eta eztabaidak, hemen gertu eta Moodle aitzakia: Moodelmoot Euskadi 2010.

Programaren akaburaino irakurtzen baduzue, ikusiko duzue nortzuek emango diogun errematea egunari: Moodle eta sare sozialak euskara munduan. Abel Camachok moderatuta HABEko Mikel Dorronsoro, Ulibarriko Espe Calzada eta AEK-ko Andoni Tolosa. A! Eta haiekin batera Karrajua.org izeneko erakunde baten izenean (SPECTREn moduko bat ote?) Dr. No hau.

Gai ona, hainbat gauzari heltzeko gaitik ihes egin barik. Akaso sare sozialak direla eta HEAren munduan publikoan zerbait esaten eta pentsatzen hasteko. Ikaskuntza informala, ezformala, paraformala edo formalidade bakoaren kontuak kokatzeko agian.  Moodle gurean zertan den neurria hartzeko parada izan daiteke era berean, edo beste barik, hainbat ezagun ezagutzeko parada eta hemendik aurrera zerbaiten bila animatzeko. Zalantzen, eztabaiden, proposamenen, iradokizunen eta halako moot-en bila adibidez.

Errenterian emango dugu eguna bihar azken batean, arrazoi ona Karrajuaren isiltasuna apurtzeko sikieran, ezta?

Bihar arte.

 

 

Etiketak: | | |
Benito (r)en bloga | gehitu iruzkin berria

Karakolaren parean

Benito(e)k bidalita 2010, maiatza 9 - 18:18(e)an.

KarakolaA:  Nola esaten da "caracol"?

B:  Barraskiloa, ba-rras-ki-lo-a.

(A: Hormetan gora ibiltzen diren bitxo horiek izena edukiko dute hizkuntza horretan, eta hauek horrelako bat ikusten dutenean edo jateko biltzera doazenean nola edo hala esan beharko dute haren izena, beraz, horien modura hitz egin nahi badut, jakin beharko dut eurek nola esaten dioten normalean. Nola esan du? Ba-rras-ki-llo-a? Arraroa, bar-askillo, "que asquillo de bar" je, je.. ea gogoratzen dudan. Caracol "bar-askillo" esaten dute orduan. Galdetzen badidate esan behar dut "Barraskiloak asko gustatzen zaizkit", horrela ikusten baditut basko batzuk jaten, esango diet, ea gonbidatzen didaten... edo nauten? Nola esaten da?)

(B: Barraskiloa esaten ikasi behar du honek, ze, horrela dator hiztegian, eta horrela esan du Euskaltzaindiak, seguruenik, begiratuko dut, bueno, orain ez daukat astirik, dena dela, ez badu esan, hobeto barraskiloa esaten bada, ze, bestela nola esango du? Karakola? Ez, hobeto ez. Ez diot esango, bestela nahastu egingo da, gainera, hobeto ez badaki, ondo ikasi behar du hasieratik, gero azterketan "karakola" ipiniko du eta ez da komeni. "Caracol" barraskilloa esaten da, eta kitto. Barraskiloa ala Marraskiloa? Kontxo! Nola zen?).

Euskaltzaindiaren webgunean hau ere (pdf) aurkitu dugu.

* Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA)

PD: Baten bat freskotasuna ta kaleko hizkeraren bila badabil, baliagarria izango zaio akaso.

Etiketak: | | | |
Benito (r)en bloga | Iruzkin 1

Es ke....

Benito(e)k bidalita 2010, apirila 28 - 09:30(e)an.

Es ke....

  • zaila da
  • hemen ez da inoiz egin
  • lan egiteko zertarako behar da?
  • jendeak ez du egiten
  • ez daukat astirik
  • ezin izan dut
  • ezin dut
  • aspertzen naiz
  • honek ez daki
  • horrek ez daki
  • guk ez dakigu
  • zuek badakizue?
  • badaki inork?
  • ez dizut ulertzen
  • nekatzen naiz
  • ulertzen didazu?
  • han egiten da(?)
  • ezin da
  • ezin dut
  • ulertzen da?
  • ez dut ulertzen
  • zer da?
  • total...
  • ez nuen hori esan nahi

Es ke... hori esan duzu.

Etiketak: | | | |
Benito (r)en bloga | 3 iruzkin

Nik dut karrajua

Benito(e)k bidalita 2010, apirila 23 - 10:53(e)an.

ETB3ko Nickdutnik saioko modulu espazial batek satelite honetan hartu zituen laginak lehengo egunean egiten ari diren galaxia digitalaren mapa erraldoia osatze aldera. Hau grabatu zuten euren kamerek.

Ikusten duzuenez, bizitza espezie deskribagaitza satelite-sorta honetako biztanleak.

Etiketak: | |
Benito (r)en bloga | 2 iruzkin

Heldutasuna

Benito(e)k bidalita 2010, apirila 9 - 12:15(e)an.

HEA siglekin definitu ohi dugu gure lan esparrua edo sektorea, Helduen Euskalduntze Alfabetatzea. Euskararen ikas-irakaskuntzan ari gare, baina pertsona helduekin ari gara aldi berean. Deigarriak egin zitzaizkidan lehengo egunean Nodos ELEn Emilio Quintanak bota zituen hitz hauek:

Como profesor de Español Lengua Extranjera (ELE) observo una creciente infantilización del aprendizaje (quizá relacionada con su creciente “formalización”) que está afectando directamente a la eficiencia del proceso enseñanza/aprendizaje.

Quintanak formalizazioaz dihardu neurri batean, ikaslearen kontrola, ebaluazioa eta halakoekin dute tema azkenotan. Ikaskuntza informala deritzon horretara goaz azken batean, eta The encyclopaedia of informal education gunera bideratu gaitu akabuan. Kontu hauetaz dihardugunean askotan pertsona helduekin ari garela eta Malcom Knowles-en andragogiaren ikuspegira joan gara.

Helduen ikaskuntza baldintzak deskribatzeko 5 premisa eman zituen hark:

  1. Autonomia: pertsona helduak bere bizitza gidatzen du, eta ikaskuntza ere bai, ondorioztatu daiteke
  2. Esperientzia: ibilbidea eginda dauka pertsonak, ikasteko orduan erabilgarri eta baliagarri izango zaiona.
  3. Ikasteko prest egongo da: inguruak eta bizimoduak ezartzen dizkion behar izanen kontzientzia izango du.
  4. Zertarako ikasi: ikastearen helburua zehatzagoa da, erreala, behar izanak argi markatzen dio eta ikas-prozesua arazo praktikoak konpontzera bideratzen du errazago.
  5. Motibazioa: heldu ahala motibazioa sistemak ezarrita izatetik pertsonala izatera pasatzen da.

Artikuluan bost puntuok aztertu eta jorratu dituzte. Beti da interesgarria gai hau apur bat egostea. Ikasle heldua zer den eta nola jokatzea eskatzen duen.

Gogora ekarri dizkit honek azken egunotako kontu bi, euskararen eta euskaren ikaskuntzaren ikuspegiarekin lotuta.

Bata, duela aste batzuk ikusi nuen proiektu bat. Han pertsona heldu batzuek euskara ikasi eta praktikatzeko begirale edo monitore bat behar zutela esaten zen. Badakizue, umeekin aisialdian aritzen duten horietako bat zen erreferentzia.

Pentsatzen hasita, monitorea umeen mundua dakarkigu gogora berehala, baina irakasle serio-zurruna, klasean gertatzen den guztiaren gobernua eta kontrola eduki behar duena ere esango nuke ez dagoela oso urrun umeen hezkuntzaren ideia batetik, beste mutur/arlo bat baino ez bada ere.

Bestea aste honetan bertan Sustatun: ETB3ko programazio berrian egunero 14 ordu marrazki bizidunekin.

Etiketak: | |
Benito (r)en bloga | gehitu iruzkin berria

Etxekoak

Benito(e)k bidalita 2010, martxoa 25 - 03:32(e)an.

AEK

Inoiz esan dit inork AEKn lanean ibiltzeko AEK gutxi izaten dela hemen. Ez dakit zehazki zer-zergatik esan nahi zidan, eta, egia esanda, ez nuen horrekin burua nekatzeko gogorik izan orduan (ezta orain ere), baina larunbat honetan AEKren XIII. Mintegia dugu eta etxera begira jartzeko gogo hori piztu zait. Ummmm.....AEKren mintegiak.

AEKren mintegiak seguraski euskaltzale askok zuzenean, zeharka. errebotean edo botibolean ezagunak dituzte. Esango nuke honez gero euskaltzaleen mitologia txiki-partikularrean markaren bat utzi dutela: "Txosten eta Emendakiña" terminoak zabaltzen eta finkatzen iturri nagusietako bat izan direla esatera ausartuko nintzateke, besteak beste. Ala ez? Orain AEKn "emendakin" historiko-monumental horren ordez "zuzenketa" domestikoagoa erabiltzen dugu eta nostalgia apur bat dator, bai.

30 urte lehenengo mintegia egin zenetik. AEK zaharragoa da hala ere, geu ere bai, zaharragoak.

Eta 1979 hartan Arantzazuko apostoluen eta haitzen artean koordinatu aditza jokatu nahi, eskola eta gaua biltzen zuen gau-eskola konposizioa eta "nora goaz?" galdera Aizkorripeko aire garbian hegan. "Nora joan gara?" galdetzeko tentazioa egon liteke hura ikusita, eta erantzunak AEKren mugak gaindituko ditu seguruenik: Nora joan da AEK? Nora joan dira ordukoak? Eta "nora joan" horri izan aditzaren trinko laguntzaile guztiak erantsita galdera interesgarriak sortuko dira, dudarik ez.

Eta, zorionez, "nora goaz?" galdera horrek askoren gogo-ahotan jarraitzen du gaur egun ere, barruan zein kanpoan. AEK-k berak hamahiru biderrez gutxienez galdetu du harezkero, eta galdera horren historiak "nondik gatoz?" galderari erantzuteko balioko die askori gaur egun, galderaz beteriko historia:

"Zer-nola egingo dugu euskararen berreskurapenean eragiteko?",  "Nola lortu erakunde sendoa izatea?" , "Nola izan erakunde herritarra?",  "Nola ailegatu bazter eta pertsona guztiengana?", "Administrazio hauekin zer egin?",   "Zer gehiago egin?", "Zer hobeto egin?"... eta galderaz galdera josi dira hogeita hamar urteotako historia eta istorioak, pertsonak eta lanak, gaziak eta gozoak; ahaleginak, ekinak eta eginak; txostenak eta emendakinak...eta bertso zeremonialak egiten amaituko dut horrela segituz gero.

Tira ba, larunbat honetan Gasteizen berriro jarriko gara "nora goaz?" hori egosten. Asmatuko dugu? Galdetu ezean ez dugu asmatuko, hori ziertoena.

Dakidan bakarra da gauza batean gutxienez berrikuntza egon dela: txosten eta emendakinen festibala ez da festibal bakarra izango oraingoan. Bide onetik goaz?

Etiketak: | | |
Benito (r)en bloga | Iruzkin 1

Syndicate content

AzkenakHarpidetu (RSS)

Harpidetu erantzun eta iruzkinetara (RSS)

Azken iruzkinak

Harpidetu

Bloga Webgunea Feedburner Erantzunak

opml Gure jarioak(OPML)

xFruits Karraju "guztiak": Xfruits


Bloglines-en harpidetu
Markatu del.icio.us-en

Mugikorretarako bertsioa


Creative Commons License
lan hau
Creative Commons-en baimen baten mende dago.

Jarraitu Karrajua e-postaz

Sartu hemen zure e-posta

Iruzkinak eta erantzunak e-postaz jarraitu



Powered by FeedBlitz


Send Me A Message

Estatistikak