"Ongi?" galdetzen zuen papertzarra izan zen lehenengo, lantokian jende gaztea zebilela konturatu derrepentean (kezkatuta gabiltza, eta aire freskoa berehala nabaritzen da), gaur kamarak eta saraoa beheko taberna-prentsa aretoan.
Ongi? Ongi esan beharko, ezta? Bi urterik behineko errituala hasi da eta, Korrikarena. 16 kontatu ditugu oraingoarekin.
Badakizue, datak eta ibilbidea, mezua, omenduak eta gainerako zafarrantxo guztia. Barrutik baino ondotik, ikusten duzu bat amaituta ia segidan hasten dela hurrengoa. Beti ibiltzen da baten bat inguruan Korrika abizena duena. Etxean beti dago albiste edo eztabaidagairen bat etiketa horrekin. Lehengoen arrastoak edonon: kartelak, pegatinak, txiskeroa, oroikarriak eta argazkiak, DVDak eta CDak... Zikloa automatizatuta dago nonbait.
Azken Korrikan Korrika2.0 asmatu genuen. Gogoratzen? Korrika15 etiketa, zerbitzu batzuk erabiltzeko proposamena eta abar.
Orduan freskoago zegoen bipuntuzerismoa, bi urte pasatuta bada gainbehera dabilela dioenik. Hala ere gauza berriak agertu dira, eta beste batzuk sendotu. Hasiko gara oraingoan Korrika2.0 horrekin zer egin daitekeen pentsatzen. Oraingoz:
Twitter-en kanala zabaldu zen aurrekoan, ez zitzaion erabilera handirik eman. Oraingoan beharbada, Korrikaren antolatzaileek hobeto jakingo dute Twitter zer den, ezta? Uste dut Twitter-Korrika konbinazioa oso interesgarria izan daitekeela. Honekin batera #korrika16 etiketa erabil dezakegu twiterook, adibidez.
Sare sozialen fenomenoa duela bi urte oraindik ez zen gerora izan dena. Hortik ere jo beharko da. Momentuz Facebook-en sartu duguhitzordua. Hasi jedeari gonbidapenak botatzen.
Mapak. Aurrekoan Tagzanian ibilbidea osatzeko proposamena luzatu eta inguru batzuetan behintzat ederto erantzun zitzaion. Oraingoan mapekin aukera gehiago ere egon daitezke. Korrika eta mapak polito ezkontzen dira, ezta?
Hau hasteko. Baina dosazero izpiritua desagertu baino lehen azkenengo deia egingo dugu 2.0 estilora ideiak, proposamenak eta ekimenak plazaratzeko.
Zer gehiago egin dezakegu K16 aurrekoa baino orainik 2.0ago izateko?
Edo 3.0 nahi baduzue. Edo interneten apur bat jolasteko beste barik, keletxes!
PD. Pasatu koloreko logoren bat, karajo!
PD2. Eta ongi etorri!
Gaur heldu zait azkenengo Hizpide, 66.a. Zer dakar ba?
Maria Jesus López: Euskara ikasten Madrilen. María Jesus López Madrilgo hizkunza eskola batekoeuskara departamentuko burua dugu. Hizkuntza eskola eta ikasleen berri ematen du artikuluan
Alaitz Etxebarria. Hizkuntza, kultura, transmisioa eta alderdi soziolinguistikoaren aplikazioa euskaltegiko taldeetan. Alaitz AEK-ko irakasleak Txepetxen testuetan oinarria hartuta, ezagutza-erabilera-motibazioa hiru aldagai horiek ikasgelara bideratzeko hausnarketa eta proposamena egin du.
Josu Perales. C-testei gertuagotik begiratuz. Cloze testaren aldaera den C-testei inguruan ikerketa egin du Josuk oraingoan, test mota honen baliagarritasunaz eta fidagarritasunaz.
Kepa Larrea. Euskalduntzearen umoreak. Kepa Larrea irakaslea ezaguna egin zitzaigun askori Nola atera EGA (euskararik jakin gabe) liburuagatik. Umore kontuetan "aditua" nonbait, eta oraingoan ere helduen euskalduntzean umorearen erabilera hartu du gogoetagai eta aztergai.
Asteburuan zer irakurria daukagu beraz (kar, kar, kar... entzun dut?).
Gure web-ostatze zerbitzuan egokitzapen teknikoak egin behar dira zerbitzua hobetzearren, eta zerbitzariaren migrazioa egingo digute gaur
Ondorioz, baliteke gaur Karrajuan artikulu edo iruzkinen bat publikatuz gero hurrengo egunetan ikusteko arazoak edukitzea.
Beraz, ahal den neurrian, gaur (azaroak 9, ostirala) iruzkinik ez egitea eskatuko dizuegu. Edozelan ere, baten bat argitaratuko balitz, gorde eta datozen egunotan arazoren bat balego berriro ekartzen saiatuko gara.
Leire Narbaiza eibartarra euskal blogosferan aspaldian enpadronatu zen biztanlea dugu. Eibar.org komunitatean Kalamuatik Txargainera blogetik jarduten du honetaz eta hartaz. Blogaria ez ezik euskaltegiko irakaslea ere bada Leire, eta blogean gaur hausnarketa landua eta sentitua plazaratu du euskaltegiko irakasleon bizimodua eta sentipenez.
Plisti-plastak eman digu lehen Leireren artikuluaren berri. Gero Leirek berak jakinarazi digu, buelta asko eman dizkio buruari eta ahalik eta lankide gehienekin konpartitu nahi lukeela esan digu.
Irakurtzea eta komentatzea merezi duelakoan hemen dauzkazue pasarte batzuk:
Prestigioa: gai honen gainean asko hitz egin dut lankideokin Karrajua-n ere agertu da honen inguruko artikuluren bat Vaya semanita-n ere txisterik egin dute. Baina guk hori igarri, kalean igartzen dugu ezagunek askotan galdetzen digutenean: Oraindik zabiltza euskaltegian? Gure lana gaztaroan egiten den lanbidea balitz bezala, astialdiko begiraleak bagina moduan. Ia berrogei urte eta euskaltegian lanean? Arraroa.
Nire kontratuan “irakasle” dio, baita “erdi mailako teknikaria” baina nire soldata ez da teknikariarena, eta delegazioko zerrendetan gure esperientziak ez dauka punturik, euren aurrean gu ez gara eta irakasleak. Nire ia hamazortzi urteek 0 (zero) puntu daukate.
Soldatarekin jarraituta, ez naiz kexatuko; jakinda Aek-ko lankideak gure erdia inguru kobratzen dutela lan gehiago eginda. Horrek ere Udal Euskaltegietako irakasleok isildu gaitu askotan, eurekin inork ez zezan agrabio konparatiborik egin. Baina aipatu dudan moduan, ez bagara irakasle hezkuntza sailaren aurrean, zer edo zer izan beharko gara.
Pena hauek guztiauek bota arren, nik lan hau maite dut, gustura nabil eguneroko borroka honetan. Uste dut euskararen normalizazioa dela eta, erakunde publikoek hipokrisia handiz jokatzen dutela. Euskara, azken baten, floreroa baino ez da. Polit egiten du programa eta paperean. Baina eguneroko jardunean, enbarazuan dago. Hori, kontatu dudan honetan garbi asko ikusten da. Guk egunero ikusten dugu
Leirek zer esanak eduki ditu eta ahalegina egin du plazaratzeko, aukera ona izan daiteke denok inoiz esan nahi baina gorde ditugunak botatzeko.
Bere blogean daukazue artikulua osorik eta berak nahi lukeen modura gure lanbide/bizimoduaz jarduteko aukera.
Lehenengoa sarean publikatzen diren materialen agregatzailea da (edo berri-emalea nahi baduzue), eta bigarrena taldeak egiteko gune baterako proba.
Ez dira "produkzio-guneak" alegia, esperimentu mailan daude biak eta orain arte gehiago erabili ditut probak egiteko eta jolasteko benetako gune edo zerbitzua egiteko baino.
Azkenotan berriz, Ikasbilen RSS jarioak eskaintzen hasi direnetik eta Scribd-n ikasmaterial batzuk gordetzen ditudanetik, konturatu naiz sarean badabilela ikasmaterialen jariotxo interesgarri bat, eta Klaserako hori norbaitentzat baliagarria izan daitekeela.
Klaserako.karrajua.org horretan RSSen bidez han eta hemen publikatzen diren gauzak jaso eta kronologikoki publikatzen ditu, berrienak lehenengo.
Beraz, interesgarria izan daiteke eskolak ematen dabiltzanentzat zer material edo dokumentu berri irten diren jakiteko.
Baina egunero kontsultatzeko astirik-ohiturarik jende askok edukiko ez duenez, eta RSSren misterioak oraindik askorentzat bastante misterio direnez, aukera berria gehitu diot. Feedburner zerbitzuaren bidez publikatzen diren materialak e-postaz jasotzeko aukera.
Han, ezkerrean E-postaz harpidetu ipintzen duen koadrotxoa dago.
Sartu zure e-posta helbidea eta "Harpidetu" klikatu. Leiho berria zabalduko da.
Leiho horretan zure helbidea eta letra-zerrenda bat agertuko da. Letra horiek beheko koadroan tekleatu eta "Complete Subscription Request" ipintzen duen botoian klikatu.
Orain mezu bat etorriko zaizu (ingelesez, ea itzultzen dudan) postara konfirmatzeko. Berton link bat ikusiko duzu, klikatu eta nabigatzailean leiho bat zabalduko da zure harpidetza eginda dagoela konfirmatuaz.
Zein berri jasoko duzu?
Orri honetan dauzkazu Klaserako.karrajua.org harpidetuta dagoen iturrien zerrenda. Baina labur esanda hauek dira:
Iturri berriak agertu daitezke (oxala!) eta jakin ahala (edo zuek abisatu ahala) horiek ere gehitzeko modua dago. Beti ere RSS jarioa badaukate.
Zer dago?
Egunero mezua jasoko duzue publikatu diren azkenengoekin. Jatorrizko lekuan publikatzen direnetik zuenera heldu arte bizpahiru egun pasa daitezke txarrenean.
Klaserako.karrajua.org-ek beste leku batzuetako mezuak jaso baino ez du egiten, iturriaren arabera informazio gehiago edo gutxiago edukiko duzue. Ikasbileko materialetan adibidez izenburua baino ez da heltzen.
Beraz, dokumentu originalak ikusteko jatorrizko lekura joan behar duzue. Horretarako interesatzen zaizuen artikulua Klaserakon zabaldu eta behean "irakurri originala" estekan sakatu behar duzue.
Klaserakon dena dela aukeratxo pare bat daukazue:
Materiala izartxo batzuekin baloratu. Zenbat izar ipini nahi duzuen gainean klikatu.
Materialen inguruko iruzkinak egin. Iritzia, klasean erabiltzeko ideiak, erabili osteko balorazioa... Nahi duzuena.
Hobetzekoak
Materialak sailkatzeko etiketak ipini ditut. Etiketatze sistema automatikoa da, ni ez naiz ibiliko etortzen diren guztiei etiketak ipintzen, zorionez asko dira eta. Batzuetan sistemak ondo jasotzen ditu etiketak, baina beste kasu batzuetan maila edo aurretik ipinita dauka baten bat baino ez. Sailkapen sistema ez da oso zehatza zoritxarrez. Saiatuko naiz hobetzen, baina iturriek ematen digunak markatzen du hori.
Zuek proposatzen eta abisatzen dituzuenak.
Zer ez da?
Klaserako.karrajua.org ez da norberaren materialak sarean jartzeko gunea. Ez dago idazteko edo fitxategiak igotzeko aukerarik alegia. Klaserako ideiak eta materialak egiten badituzue eta zabaltzeko eta konpartitu nahi badituzue, aukera hauek dauzkazue adibidez: