Euskaltegietan diharduzuenok jakingo duzue honez gero, besteok zerbait entzun-irakurri duzue igoal. Aurten HABE erakundeak 25 urte bete dituela eta ospakizun-ekitaldi sorta izango dugu udazken honetan zehar. Lehengoan irratsaio berezia egin zuten Euskadi Irratian, eta bihar ekitaldi instituzionala izango da Donostian. Zerbait gehiago ere egingo da, HABEren webgunean edo Ikasbilen emango digute horren berri dagokion sasoian.
Ez dut HABEz hitz egingo baina. Biharko ekitaldian helduen euskalduntze-alfabetatzean 25 urte edo gehiago jardun duten lankideak omenduko dituzte, berrehun baino gehiago, haien artean hurbilekoak asko.
Lehengo egunean aurkitu nituen haietako batzuk, euskaltegian, lanean. Pozik zeuden, omenaldiak ilusioa egin die, eta egia da, seguraski egiten dieten lehenengo omenaldia da, euren lanagatik. Badakizue, beti aipatzen diren "benetako" omenaldi horietatik aparte: ikasleen eskertza, lankideen animoa eta abar.
Eta pozez ikusita poztasunetan pentsatzen jarri naiz. Lanbide honek zenbat poztasun eman dizkigu urteetan? 25 urte edo gehiagotan honetan jardunda inork "Eta zelako lana da zurea?" galdetuta, derrepentean botako genituzkeen laupabost adjektibo horietatik zenbatek edukiko lukete karga negatiboa eta zenbatek positiboa?
Hasiko gara akaso "gogorra", "ordu asko", "nekosoa", "ordutegi txarrak", "ikasleak ....." bezalakoekin. Beharbada "polita", "sortzailea", "jendea ezagutzen duzu", "harreman onak egiten dira", "motibagarria" bezalakoren bat tartekatuko dugu. Gazi-geza da bizitza eta gure lana ere bai, zer esanik ez.
Interlokutoreak -urruneko turista ez bada- segidan esango digu apika: "oso lan polita da", "kriston meritua daukazue", "euskarak asko zor dizu" eta halakoak. Eta halakoak entzunda batzuetan Afrikako muturreko txoko batean bizitza lanean sakrifikatu duen misiolariaren miresmenaren moduko bat barruntatuko duzu. Gutxi eta gutxiren truke ausartzen dira lurralde horietara bai. Beste batzuetan fedearen babesle gorenari edukitzen zaion errespetu-beldur moduko bat: "Honekin euskaraz egin behar da, irakaslea da ta". Bestetzuetan besterik ez eta helduei euskara klaseak ematera dedikatu den "pringaoa" baino ez zarela sentiaraziko zaituzte konturatu barik. Beste batzuetan.... zeuek esan.
Baina hainbat urteren bueltan, badakizu, atzera begira paratzen zara. Eta mingotsenak ere azukre puntu bat hartzen du nostalgiaren galbahetik pasatuta. Gerra elkarrekin sufritutako soldadu-taldean bezala, pertsonak dituzu gogoan, ez batailak eta oinazeak soilik. Haserreak eta riki-rakak tartean asko bai, ezin ikusiak eta maiseoak ere bai, bale, baina lotura bat egin da ia ohartu barik, gerrako beteranoak batzen direneko poztasuna.
Hogeita bost, hogei, hogeita hamar edo berrogei urte asko dira izan ere. Eta lotura hori ez dute historia liburuek (edo Wikipediak) azalduko. Konta dezatela sikieran egin dugunak ekarriko duena.
PD: Gerrako beteranoak, misioilariak... Dedio! A ze epopeia gurea! Honelako soinu banda beharko dugu.
PD2: Ondo pasatu bihar Donostian! Eta etzi, eta etzi damu eta hurrengoan, eta hogeita bost baino askoz urte gehiago...
Konpartitu mezu hau:
delicious |
zabaldu |
bildu



jasotako azkenak...
Gure jarioak(OPML)
Karraju "guztiak": Xfruits
Markatu del.icio.us-en



Gustura irakurri dut zure iruzkina, Benito. Egia esan, pribilegiatu samartzat daukat nire burua, ibilbide luze hau neguko kuarteletatik eta zalgurdi dotorean egin dutenetakoa bainaiz,, askoz baldintza txarragoetan egin duzuenon aldean. Zorionez, ezberdintasunak (oraindik egon arren) murrizten eta lautzen ari direla uste dut. Honen guztiaren karietara, oso ona iruditu zait zuk dagoeneko ATOANera ekarri duzun eta gaur BERRIAk dakarren AEKko kide historioen artikulua: elkarlanean irauteko eta elkarlana sendotzeko deia, baina iraganerako begirada kritikoari muzin egin gabe.