HABEren 25. urteurrenekoak ez ziren amaitu San Martin egunean Kursaalen. Ekitaldi harez gain, jardunaldi akademikoa egiteko asmoa ere egon da. Eta hala egingo da datorren ostiralean, azaroak 28, Bilbon Eusko Jaurlaritzaren egoitzan, goizeko 9etatik bazkalordura arte.
Duela gutxi irakurri diot baten bati halako ekitaldi publikoetan interesgarriagoak izaten direla a posteriori kontatzen direnak a priori egiten diren deialdiak baino. Konforme nago neurri handi batean, eta kasu honetan areago. Izan ere, deialdia euskaltegietan zabaldu da eta, esan didatenez, dagoeneko izena eman dutenekin aretoa bete egin da. 100 lagun inguru. Beraz, alferrik ibiliko gara propaganda egiten.
Lastima, 100 lagunek baino ez ditugu entzungo (azkenengo reengantxe batean kolatu nautela uste dut) Josu Peralesek ikasprozesuaren azterketaz emango dizkigun datuak eta ondorioak, edo euskaltegietako ordezkariek ikas-prozesua hobetzeko dituzten ideiak eta proposamenak.
100ek izango dugu aukera HABEko zuzendariaren eskutik erakundaren egitasmoen berri izateko. Elkarrizketa batean azaldu zituen duela aste pare bat, eta egitasmoen zerrendarekin batera, egitasmo horiei lehentasuna emateko bidea eta arrazoiak entzutea interesgarria izango da duda barik.
Eta 100 lagunen aurrean paratuko dira autoikaskuntza eta ikaskuntza konbinatuaren aukerak eta bideak aztertzen ibili direnak; ondorioak, ideiak eta gogoetak plazaratzen.
Ez dakit jardunaldi akademikoa zergatik antolatu den horrela. Bilbon berton areto eta bilgune handiagoak daude. Baina, tira, HABEren misterioak argitzeko ahaleginak egundoko galbana ematen dit, eta alferrik izaten da gainera.
Ondorio bat dakar horrek hala ere: han botako direnak garrantzizkoak dira euskalduntzearen munduarentzat, duda barik, eta bertora joango garenok ardura izango dugu ondorioz geure lankideei haren berri eta iritzia emateko, baita datozen hilabeteetan geure erakundeetan haren gaineko gogoetak bideratzeko ere.
Bitartean -baten batek kontakatiluen kategorian sartuko gaituen arren- frikimedio minoritario hauetan gabiltzanok ere "partea" eman beharko dugu. Ez da derrigorrezkoa, badakit, baina bizioa hartuta gaude batzuk, eta sentitzen da, baina...
---
Erremateko galderak inork erantzuteko esperantza galduta daudenak: Wifia egongo da han? Badaki inork zelan egiten den korbataren korapiloa? Hamaiketakoa egongo da? Meza zutunik entzun beharko du inork? Egia da HABEk halako gehiago egiteko asmoa daukala? Halako jardunaldi gehiago egin behar direla uste dugu? Nahi dugu?
Konpartitu mezu hau:
delicious |
zabaldu |
bildu




jasotako azkenak...
Gure jarioak(OPML)
Karraju "guztiak": Xfruits
Markatu del.icio.us-en



Ni bai, behintzat. Korbata nire ezkontzara ere ez nuen eraman. Beraz, atera kontuak!
Pintxorik ez dakit egongo den, baina egotekotan Kursaalekoek baino sustantzia gehiago izatea espero dut.
Momentuz, daukagun aukera hau aprobetxatu beharra dugulakoan nago. Honen harira etorriko hal dira etorri beharrekoak. Behintzat duela urte batzuk egin ziren topaketak berreskuratzea ez da ideia txarra. Nik dakidala bizpahiru urtez jarraian egin ziren UEU, AEK eta udal euskaltegietako irakasle batzuen ekimenez. Aktak eta guzti atera zituen UEUk liburu batzuetan. Harrez gero eten egin zen ohitura izatera ere heldu ez zen ekimen interesgarria. Espero dut aurtengoak segida izatea. Nola? Aurreko urtekoa hobetuta, dudarik gabe.