Komisario hitzaren konnotazioez jardun digu Anjel Lertxundik gaur artearen munduaren ingurumarian eta arte-komisario konposizioaren paradoxikotasunaren bueltan.
Komisario hitz soilak kontrolatzailearen, zaindariaren ideia ekartzen digu gogora lehenengo batean seguruenik, ordena mantentzearen arduraduna.
Eta buruan gauzak elkarlotzen hasten direla, komisarioaren figura duela gutxi aipatu nituen hitz hauekin juntatu zait hor goian:
Herritar bakarra entzun dut gizon horri euskaraz egiten, duela urte batzuk euskaltegian izena eman baitzuen. Herritar bakar hori irakaslea zen, noski
Hitz horiekin eta memorian lotzen diren sentsazio batzuekin juntatu.
Ez duzue inoiz sentitu euskara-irakasleaaren papera zenbaitetan euskararen zaindariarena izatera hurbiltzen dela? Euskararen "komisarioak" bagina bezala-edo. "Ese es irakasle, hay que hablarle en euskera" bezalakorik ez duzu inoiz entzun-barruntatu inguruan? Zeuk ere ez duzu sentitu konpromisoaren plus moduko hori?
Ikaslearekin euskaraz egiten saiatu behar dugu, bai, eta egin ere egiten dugu. Suposatzen zaigu hizkuntzaren aldeko militantzia edo konpromisoa, eta izan ere badugu. Baina horrezaz gainera profesionalak ere bagara, horretan ari gara lanean, eta horrek edozein euskaltzalek izan dezakeen ardura eta konpromisoari gehigarria ematen dio.
Horrezaz gain, nahiz figura publikoak izan ez, publikoaren aurrean egiten dugu lan, eta geure publikoaren inguruan bizi izaten gara, eta inguru hori ez da beti eman behar dugun ereduarentzat ekosistema onena izaten.
TELP tailerren harira hasi gara erreparatzen eguneroko gatazka horretan hiztun konprometituak sufritzen dituen tentsioari, ezerosotasunari eta karga emozionalari. Eta hiztun konprometitua profesionala izanda karga hori ez da arinagoa izango, gutxiago lehenengo lerroan zaudela, eta are gutxiago "komisario" bati bezala begiratzen badizute. Ezta?




jasotako azkenak...
Gure jarioak(OPML)
Karraju "guztiak": Xfruits
Markatu del.icio.us-en



Dabid Anautek ere aipatu zuen horrelako zerbait bere "Txokotik zabalera" liburuan. Buruz ari naiz, baina: berak esaten zuen askotan taberna batera sartzerakoan deseroso sentitzen zela. Izan ere, bera sartu orduko, gaztelaniaz lasai asko zebiltzan euskaldunak bera ikusi eta berehala euskaraz hasten zirela. Eta bera joan orduko, berriro lasaitua hartu eta gaztelaniara pasa. Eta nik dakidan bati baino gehiagori ere antzekoak gertatzen zaizkio. Eta batzuek pertsonalki ez dute ondo eramaten.