Benito(e)k bidalita 2008, iraila 28 - 19:39(e)an.
Azkenengo Hizpide irakurtzen eta gainbegiratzen ibili naiz egunotan, tarteka eta gain-gainetik egia esanda. Gauza interesgarriak irakurri ditut, ez denak.
Azkenengo zenbaki honen lehenengo aipamena egin nuenean, txiste modura, artikulu egile guztiak oraingoan HABEko teknikariak direla erreparatu nuen. Baina gainetik irakurrita ere, horrek zerbaiten zantzua ematen duela konturatu naiz. HABEko teknikariak artikulu hauek idaztea ez da seguruenik kasualitatea edo honetarako hartu duten berariazko lana, egiten ari diren lanarekin lotuta egongo da, eta, ondorioz, HABEn zertan ari diren traza hartzeko bidea emango digute akaso.
Lehenengo inpresioa:
Moodle. Ikasten gunea antolatu dute. Bistan da Moodle-i etekina atera nahi diotela. Halaxe igarri dut Mari Jose Lasheras eta Agurne Aizpitarte eta Natxo Guillénen artikuluetatik: Ikaskuntza konbinatua: gaia zertan den eta Web semantikoa eta sare sozialak hizkuntza ikas-irakaskuntzan hurrenez hurren.
Lehenengoan ikaskuntza konbinatua edo bLearning-i buruzko azalpen ona izan liteke, eta horretaz interesa daukanarentzat abiapuntua izan daiteke artikulua. Edozelan ere, aurrez aurreko jarduna osatzeko baliabide eta aukeren zerrenda moduko bat falta izan dela uste dut, denak Moodle-en amaitzen duela ematen du.
Beste artikulua apur bat nahastosoa suertatu dela begitandu zait. Web semantikoa, sare sozialak... gero wiki eta blogetara bueltatzen da, web2.0ra alegia. Kontzeptu horiek guztiak ez dira erraz definitzen, are gutxiago teknologia kontuetan aditu-aditu ez denari, baina artikuluan dagoen porrusaldarekin ez dut uste ez argitu ez interesa piztu denik. Edozelan ere, deigarriena egin zait Moodle sare sozialetan sartzea. Kontzeptua zabal-zabala eta lausoa da, baina orain arte gutxitan ikusi dut Moodle-en aipamenik sare sozialez jarduten denean. Bitxia behintzat, edo zer egosten ari den adierazgarria ere izan liteke. Moodle-en dena amaitzen den sentsazio antzeko bat berriro.
Teknologia tentuz aplikatu. Luis Mari Txabarrik artikulu bitan jorratu du IKTen aplikazioa. Triangelu didaktikoaren kontzeptuan hartu du oinarri uneoro. Azken ondorioa, teknologiarekin ez itsutu eta gogoan hartu pertsonek ikastea dela kontua. IKTen erabileraren arrisku pedagogikoez ohartarazi nahi izan duela begitandu zait, eta elkarreragina, autonomia, oinarri pedagogikoez jardun du luze. Teknologiaren liluraren arriskuez sarri jardun da irakaskuntzan eta hizkuntzen irakaskuntzaren mundua. Egia da euforia moduko bat dabilela sasoi honetan, hala ere, ez dakit zehazki honek zer ekarriko duen gurera. Azken aipuak utzi nau pentsatzen:
Eskatzen du, azken batean, gure kurrikuluaren oinarriak berraztertzea.
Ez dakit honi zer interpretazio egingo zaion zehazki. Teknologiak azkenotan sortu duen zurrunbiloari aterkina jarri eta tentuz ibiltzea akaso. Dena dela, teknologia dabilen abiadurari ausardia apur batekin erantzuten ez bazaio, atze-atzean eta gaindituta geratzeko arriskua ez da txikia.
Testua eta diskurtsoaren azterketa. Pello Esnalek Kontaketa, azalpena eta preskripzioa: sekuentzia nagusiak-en aspaldi jorratzen dabilen bideari ekarpen berria egin dio. Testuaren pedagogia, diskurtsoaren analisia, testuaren arkitektura eta ingurukoak. Duela hiruzpalau urte 4. mailan hasi da ezartzen eredu hau, eta egingo nuke asmoa dagoela ikasprozesu osora zabaltzeko. Beharbada, gakoa testuaren analisia bera zelan egin baino, horri i(ra)kas-jardunera ekartzeko eredu baliagarria aurkitzea da. Zalantza daukat gure ikasle tipoak zelan erantzungo duen diskurtsoa eta testua aztertzeari begira jarritako jardunbideari. Edozelan ere, irakasleontzat baligarria da duda barik, baina hortik etor daitekeenerako prestatu beharko da, badaezpada.
Nire barruntoak honaino ailegatzen dira. Irakurri duzuenok (eta ez duzuenok ere bai) zer barruntatzen duzue ari dela egosten Donostiako Vitoria-Gasteiz kalean.
Konpartitu mezu hau:
delicious |
zabaldu |
bildu
Benito(e)k bidalita 2008, iraila 16 - 15:25(e)an.
Hizpide aldizkariaren 67. zenbakia agertu zait gaur mahaiaren gainean. Badugu egun batzuetarako denbora-pasa, euskaltegien webguneen maiseoan ibili beharrean. (Portzierto, galdera lerdoa ohi bezala inork erantzungo ez duena: Hizpideko edukiak inoiz ikusiko ditugu sarean? Laburpentxo bat sikieran? Edo albisteren bat Ikasbilen baino ez bada, edo azalaren iruditxo bat, thumbnail tamainan aunkesean...? Bengaaaa! Jopeeeee!)
Zer dakar? Horrela gain-gainetik ikusita (aurkibidea irakurrita zehazkiago):
- Portafolioa beste tresna bat ikasle eta irakasleen esku. Amaia Arauzo, HABEko teknikaria.
- Ikaskuntza konbinatua: gaia zertan den. Maria Jose Lasheras, HABEko teknikaria.
- Kontaketa, azalpena eta preskripzioa: sekuentzia nagusiak. Pello Esnal, HABEko teknikaria.
- Web semantikoa eta sare sozialak hizkuntza ikas-irakaskuntzan. Agurne Azpitarte, Natxo Guillén. HABEko teknikariak.
- IKTean oinarritutako hezkuntza (eta II). Luis Mari Txabarri, HABEko teknikaria (ez dut kopipastea egin, benetan, zin dagizuet).
Esan bezala, badugu egunotarako zer egina, zer irakurria, zer komentatua eta zer esana.
Animoa neska-mutilok!
Konpartitu mezu hau:
delicious |
zabaldu |
bildu
Karrajua(e)k bidalita 2008, otsaila 8 - 14:23(e)an.
Gaur heldu zait azkenengo Hizpide, 66.a. Zer dakar ba?
- Maria Jesus López: Euskara ikasten Madrilen. María Jesus López Madrilgo hizkunza eskola bateko euskara departamentuko burua dugu. Hizkuntza eskola eta ikasleen berri ematen du artikuluan
- Alaitz Etxebarria. Hizkuntza, kultura, transmisioa eta alderdi soziolinguistikoaren aplikazioa euskaltegiko taldeetan. Alaitz AEK-ko irakasleak Txepetxen testuetan oinarria hartuta, ezagutza-erabilera-motibazioa hiru aldagai horiek ikasgelara bideratzeko hausnarketa eta proposamena egin du.
- Josu Perales. C-testei gertuagotik begiratuz. Cloze testaren aldaera den C-testei inguruan ikerketa egin du Josuk oraingoan, test mota honen baliagarritasunaz eta fidagarritasunaz.
- Kepa Larrea. Euskalduntzearen umoreak. Kepa Larrea irakaslea ezaguna egin zitzaigun askori Nola atera EGA (euskararik jakin gabe) liburuagatik. Umore kontuetan "aditua" nonbait, eta oraingoan ere helduen euskalduntzean umorearen erabilera hartu du gogoetagai eta aztergai.
Asteburuan zer irakurria daukagu beraz (kar, kar, kar... entzun dut?).
Konpartitu mezu hau:
delicious |
zabaldu |
bildu
Benito(e)k bidalita 2007, urria 22 - 15:49(e)an.

Mahai gainean agertu zait udazkenean onddoak bezala. Hizpide 65. Artikulu gutxi oraingoan eta denetik apur bat:
- Joseba Ezeizak Ikasle hasiberriei irakasteko materialak artikulu sortaren hirugarrena eta azkena. Sorpresa atsegina izan dira aurreko biak. Errematea besteen neurrikoa bada, ederto.
- Moodle-ekin datorkigu M. Jose Lasheras. Moodle plataformaren erabilera didaktikoa irakasleen prestakuntzarako: orain arteko eskarmentua. Eskarmentua gurean luze-luzea ez da, horregatik bada ondorioak albait arinen ateraz gero, hobeto.
- Udan ikastaroa ematen eduki genuen La Lagunako unibertsitateko Jose Luis Vera Batista. Ikastaroa eman eta artikulua ere utzi digu: Euskara-ikasgai bat nola planifikatu euskra H2 denean: iruzkinak eta iradokizunak.
- Krashen aipatu genuen lehengoan tontamentean. Orain Hizpiden, ohiturari jarraituta, han munduan argitaratutako artikulu baten itzulpena dakarte. Garon Wheeler irakasleak Kanadako TESL erakundearen aldizkarian argitaratu zuen Krashen, a Victim of History artikuluaren itzulpena dakarkigute: Krashen, historiaren biktima. Morboa behintzat bai. Zer egin diote Krasheni ba?
Horraino oraingoaren edukiak. Datozen egunotan, badakizue... jarraituko du.
Konpartitu mezu hau:
delicious |
zabaldu |
bildu
Benito(e)k bidalita 2007, abuztua 13 - 20:08(e)an.
Duela aste pare bat jaso nuen azkenengo Hizpide, eta handik hona, oporretako nagiari tartetxo pare bat hartuta kukutxua egin diot. Gainetik, hiru iruzkin (nagi) etorri zaizkit.
Murua eta Txabarriren artikuluetatik ondoriotxo bat atera dut, HABEko teknikariak e-learning, teknologia eta abarren aplikazioak ikertzen ari direla dirudi. HABEk nondik joko pista izan daitezke artikuluok, Txabarrirena gehien bat (lasaiago irakurtzeko asmoa daukat). Muruarenetik, gaztelaniazko "bertsioa" irakurrita, gehiago espero nuen, ondorioetan gehien bat, baina sektorean elkarlana, komunikazioa eta formazioa bideratzeko hausnarketa interesgarria da, zer egina asko dago, eta hor dago lehenengo pauso bat.
Bide batez, Iñakiren blogaren bidez euskara teknikariekin euskalduntze-alfabetatzearen gaineko ikastaro "birtualizatua" egin dutela jakin dugu, eta haren ondorioak plazaratu ditu Iñakik ponentzia batean.
Bestalde, Jokin Nazabal eta Joseba Arbelaitzen artikuluak ere baliagarriak izan daitezke oso. Osasunaren munduan egindako esperientzia baten berri, plana eta ibilera praktikoa. Horrelako asko behar dira une honetan (eta beti ere bai). Hala ere apunte birekin geratu naiz.
- Ikastaroaren antolaketa eta planaren deskribaketan helburuen eta edukien antolaketaren nondik norakoak gehiago azaltzea falta da beharbada. Hau da, nola ikasiaz gainera, zer eta noiz ikastea proposatu den, ikastaroaren programa edo, ikastunitateen hurrenkerarekin batera edukien hurrenkera eta haren zergatia.
- Ikastaroaren antolaketaz dihardutela, une baten haren ezaugarriak ikusita, 2. hizkuntz eskakizuna lortzeko ikastaroa barik, Osakidetzaren trebakuntza planean txertatzea-edo erabaki zela ulertu dut. Bide interesgarria duda barik, baina kezka bat uzten du airean. Teknologiaren aplikazioa sustatu nahi den honetan hark ere lehengo arazoari ez dio biderik zabaltzen, hau da, hizkuntz eskakizun batetik besterako bidea nola antolatu eta eraginkortu?
Konpartitu mezu hau:
delicious |
zabaldu |
bildu
Benito(e)k bidalita 2007, uztaila 21 - 16:54(e)an.
Iñaki Muruaren bidez Hizpide aldizkariaren 64. zenbakia argitaratu dela jakin dut. Nire eskuetara ez da ailegatu oraindino, beraz Iñakik emandako informazioa eta azalaren irudia baino ez daukagu.
Daukagun informazio apur horretatik hau beraz. Iñakik aspaldian iragarri zigun artikulua argitaratu dute alde batetik: Partaidetza pasiboa Interneten sortutako talde eta komunitateetan: kezka eta oztopo. Eta bestetik honako hauek dira azalean irakur daitezkeen artikuluen izenburuak:
Bestelako lankidetzak
- IKTetan oinarritutako hezkuntza. Luis Mari Txabarri (HABE)
- Partaidetza pasiboa Interneten sortutako talde eta komunitateetan: kezka eta oztopoak. Iñaki Murua (HABE)
- Osasun arloko profesionalentzako on-line ikastaroak (I). Jokin Nazabal, Joseba Arbelaitz (Hernaiko UE)
- Osasun arloko profesionalentzako on-line ikastaroak: ikastaroen inplementazioa (eta II). Jokin Nazabal, Joseba Arbelaitz (Hernaiko UE)
Euskararen kutxa
- Ebazten dut. Pello Esnal (HABE)
Beste iturrietatik
- Instrukzio bidezko ikaskuntzari lotutako dimentsio psikologiko eta emozionalen inguruko ikerketa: oztopoak eta aukerak. Jean-Marc Dewaele (Londresko Unibertsitatea)
2007ko urtarril-apirileko datarekin agertu ei da, hala ohartarazi digu Muruak berak ere. Egia da aurten behintzat Hizpideren argitalpena-banakaketak gorabeheratxo batzuk eduki dituela. Dena dela, uztail erdiko sasoi hau ez da plazaratzeko onena izaten.
Tira ba! Datorren astean egingo diogu kukutxu bat.
Eguneraketa:
Alea eskuratu dut. Egileen izenak jarri ditut. Honez gain, sarreran Hizpide aldizkaria 25. urteurrenera heldu dela adierazi digute. Zilarrizko ezteiak, zorionak bada!
Konpartitu mezu hau:
delicious |
zabaldu |
bildu
Benito(e)k bidalita 2007, maiatza 7 - 08:32(e)an.
Helduen Euskalduntze-alfabetatzeari dedikatutako Bat 62ekin hasi naiz. Artikulu batzuk irakurri ditut, eta hona hemen boteprontoko batzuk:
- Joseba Erkiziaren artikuluak harritu egin nau apur bat, terminologiaren sinpletasunagatik gehien bat. Kurrikulu gramatikala, kurrikulu komunikatiboa adibidez. HABEtik etorri ohi den hizkerarekin ez zait begitandu bat datorrenik. Beharbada ingurune "profano" baterako egokitzapena izan da. Ez zait txarto iruditu, ez, apur bat harrigarria beste barik.
- Mertxe Mugikaren artikuluan azkenengo partea da interesgarriena nire ustez. Historia egin barik gaur egunekora zuzenean etorrita nahikoa izango zen. Azken zatian uste dut HEOKen paradigma aldaketaren parafrasia egin nahi izan duela kudeketara ekarrita. Ideia interesgarria baina apur bat lausotuta geratu dela uste dut. Hau gehiago garatu izanez gero...
- Joxe Manuel Odriozolak azkenotan garatu duen identitatearen kontuari beste buelta bat eman diola begitandu zait. Artikulua interesgarria, pentsatzen jartzeko modukoa. Tonoa apur bat agonikoa iruditu zait hala ere.
- Antton Iñurrategik datuak eman ditu gehien bat. Baina behingoagatik, ingurune "profano" baterako delakoan-edo, era grafiko eta erabilgarrian dauzkagu.
- Artikuluen aukeraketan duplikazioa iruditu zaizkit neurri batean Nafarroa eta Iparraldeari buruzkoak. Bi alderditatik eman dira datu berdintsuak. Ez da kaltegarria berez, baina aberatsagoa izango zen datu berdinen gainean bakoitzak bere interpretazioa egitea, edo ondorio komunak bilatzea.
- Titto Betbederrenean gauza interesgarria ikusi dut. Plangintza orokor baten barruan HEAren papera eta zer eginak zehazteko ahalegina. Hegoaldekooi zer ikasia eman digute Iparraldekoek, euskalgintza antolatzeko eraz gehien bat.
- Josu Peralesek, ohi duen bezala, artikulu landua eta dokumentatua eskaini digu. HEAn ikerketa zertan ibili den eta zertan dabilen, baita HEAren azken hamarkadetako historiaz ere, dokumentu erreferentziala egin duela uste dut. Hala ere, inpresio gazi-geza geratu zait hura irakurrita. Ikerketa horiek eta aplikazioaren artean ez ote da zubirik falta oraindino? Ikerketak bai, baina elite moduko baten eskuetan dabilela begitandu zait, dibulgazio eta garapen praktikoaren faltan. Zer diozue zuek?
- Inpresio orokor bat. Sektoretik kanpoko batek eskatuta baino ez gara kapaz hainbat gauza plazaratzeko? Gurean plazaratzeko kanal gutxi (Hizpide besterik ez, eta ez dugu asko erabiltzen), eta gaiak jorratzeko moduak gutxiago. Topaketak, jardunaldiak, eta, oro har, komunikazio gutxi sektorean.
Lehenengokoak baino ez dira izan, aipu interesgarri asko egon dira, komentatzeko modukoak. Aurrerantzean saiatuko naiz tiratzen. Artikulu batzuk ez ditut irakurri oraindik gainera (Arkaitz Zarragarena eta Oskar Zapatarena adibidez). Zer esan gehiago emango du seguruenik.
Eta zuek ere zeuenak bota nahi badituzue, hemen daukazue plazatxoa: komentarioen bidez, edo zeuen mezua bidalita, eta, jakina, bloga daukazuenok, hantxe.
Hauek guztiek idazteko hartu duten lanak ez badigu zer esana ematen, maaaaaalo!
Konpartitu mezu hau:
delicious |
zabaldu |
bildu
Benito(e)k bidalita 2007, otsaila 1 - 17:21(e)an.
Ikteroei eman dieten Argia Saria (Zorionaaaaak!) gora eta behera ibili gara blogosferan, eta Karrajuan ahaztuta eduki dugu Aizu! aldizkariari eman diotela merezimenduzko saria.
Zorionak ba Aizu! 25 urteengatik, sariagatik eta oraindik ekarri behar dituzuen guztiengatik.
Hona saria emateko Argiakoen argudioa:
Merezimenduzko ARGIA SARIA merezi duen komunikabide honetan mende laurdena daramate lanean, 1981eko abenduan Durangoko Liburu eta Disko Azokan beren aurkezpena egin zutenetik.
Euskarazko prentsa krisi betean zegoen garai hartan, aldizkari berri bat sortu eta biziarazteko oso argi eduki behar zen xedea: euskararen irakaskuntza bultzatzea eta euskara ikasten ari ziren helduei beren neurrira egindako komunikabide berri bat eskaintzea.
Une garratzak bat baino gehiago jasan behar izan dituzte urte guzti hauetan. Klase guztietako zailtasun eta oztopoak gainditu beharra ere bai. Baina beti lortu dute beren zerbitzu-lana burutzen jarraitzeko adorea, unerik neketsuenean ere ironia eta umorea ahaztu gabe, euskara ikasten ari diren pertsonen zerbitzuan.
Konpartitu mezu hau:
delicious |
zabaldu |
bildu