Gaur goizean Amarauna irratsaioan blogen heriotzaz egin digute galdera tertuliakideoi. Luzatzeko tarterik ez, eta grazia pare batekin erantzun dugu. Autoinmolazioa egiten gatozela-edo (saioa hemen entzun dezakezue).
Hileta kanpaiak zabaldu dira azkenotan blogei eskainita, zarata handiarekin batzuk, baikor eta burutsu erantzun nahi izan dute bestetzuk. Duela bizpahiru urteko euforiaren ifrentzuan sartu garela esan daiteke behinik behin.
Arratsaldean berriz, RSSaren txorrotak tanta latza ekarri du. Ibilbidea blogaren iturriak "Fin" esan digu. Zer da ba? Zer amaitu da? Bloga bera. Iñakik sarrera guztiak ezabatu ditu dagoeneko, eta laster bloga ezabatzeko asmoa dauka.
Zer dela eta?
Porque mi objetivo original de utilizar el blog como espacio de reflexión y discusión no se ha cumplido, en su lugar, ha sido más bien una especie de tablón de anuncios donde la interacción con mis lectores ha sido muy baja o, al menos, más baja de lo que a mí me hubiera gustado que fuera. El potencial interactivo (esto es web 2.0) del blog apenas se ha desarrollado y, por esta razón, renuncio a invertir más tiempo y esfuerzo en este proyecto.
2.0 delako honek ez ditu Iñakiren espektatibak bete, bistan da. Inoizko oparoena izango zen uztak etsipena ekarri dio nagusiki. Arrazoizko arrazoi bat tartean:
Leo por aquí y por allá sobre las grandezas de la web 2.0, pero veo mucha teoría (potencia) y poca experiencia práctica (acto).
Iñakik esan du, esan, baina aitortu behar dut neuk ere izan dudala sentsazio hori berori behin baino gehiagotan. Partekatzea, ezagutzaren eraikuntza kolektiboa, feedback-a, elkarrizketa... Eta zertan-non-noiz gertatu da hori? Nola? Kasuak pentsatzen hasi eta topatzea kostatzen da. Geure arloan gehien bat. Adibide espektakularrik ez behintzat.
Arazoa ez ei dago bitartekoetan, geugan baino:
De cualquier modo, tengo la sensación de que el problema de fondo no está en la tecnología, sino en los usuarios. Sospecho que el espíritu web 2.0 no está muy extendido entre los usuarios, por eso es que las herramientas web 2.0 no desarrollan mucho su potencial interactivo.
Iñakiren gogoeta gordina izan da, baina zintzoa. Horrela geratu zaio berari. Eta geuri?
Has gaitezen bertotik, Karrajutik. Partaidetza (horretaz ere galdetu digute gaur goizean), bilatzen duguna eta espero duguna. Ondo da. Zer partaidetza izan dugu? Zortzi-hamar lagunek bidali digute artikuluren bat inoiz. Hogei, hogeita hamarren batek egin dizkigute ekarpenak iruzkinen bidez. Partaidetza da hori? Argi eta garbi: BAI. Eta inportanteena, zenbat jendek irakurtzen du hau? Estatistikak hartuta eta prudentziaren eta zentzunaren galbahe guztiak pasatuta estimazioa eginez, berrogeita hamarren bat esango nuke. Hori ere partaidetza da. Ala ez?
Zer nahi genuen bada? Gehiago? Nahi bai, beti. Espero genuen? Nik neuk behintzat ez. Beharbada espektatiben neurrian dago koxka.
Hala ere, egon liteke beste faktore bat etsipena sor dezakeena, publiko falta baino larriagoa nire ustez. Ez dakit zelan deitu. Akaso psikolastoaren ziklo etengabea. Ideiak, iritziak, albisteak bota, jaso, jorratu, tratatu, landu, jardun eta jardun, baina hori guztia ezertan ez dela gauzatzen sentitu. Akabuan alferrik edo ari zarela senti dezakezu.
Karrajua ez dugu itxiko, ez. Gainera, beste endredo batean sartuta gutxiago. Baina Iñakik esan duen modura honek guztiak beste karga bat ere ekartzen du, informazioaren eta elkarrizketaren sobredosia, eta haren tentsioa eta estresa. Horrek guztiak ezer ez digula ekartzen sentitzen hasten bagara, okerrago.
Ez dakit 2.0 edo dena delako botika honek zenbat gaitz eta zelan sendatuko dituen. Seguruenik ez esaten den beste, eta botika aipatze hutsarekin gutxiago. Hala ere, oraindik esango nuke gure botikinetan laster batean beharrezkoa izango dela, hori bai, betiko tiriten eta merkrominaren ondoan. Testatzen jarraituko dugu apur batean, ezta?
PD. Iñakiri egin duen ahalegina eta utzi dizkigun gogoetak, ideiak, materialak eta lan guztiak eskertu barik ezin amaitu. Penaz baina eskerrik asko, zorte on, eta berriro jausten bazara tentazioan, badakizu non gaituzun. ;-)
Karrajuak bi aipamen berezi izan ditu sarean aste honetan, estimatzeko modukoak biak benetan.
Batetik, Patxo Landa lagunak Espiral sarietaraaurkeztu digu Karrajua. Hizkuntza irakasle askok bisitatzen gaituztela eta ideiak eta materialak aurkitzen dituztela, saridungai izateko meritua aitortu digu. Egia esanda, Espiral sarien berri izanda (gogoratu lehengo urtean Euskaljakintza saritu zutela), ez zait burutik pasatu ere egin Karrajua hezkuntzaren munduarekin lotutako sariketa horretara aurkeztea. Genero asko eta ona han gainera, beraz ez ezpero Joselito batekin etortzerik.
Ez dut inoiz Karrajuaren bisitarien tipologiarik egin, hasiera batetik helduen euskalduntze-alfabetatzearen inguruko jendea eduki dut "target". Edozelan ere, pozgarria da benetan beste arlo batzuetako jendeak ere Karrajuan zerbait interesgarri eta baliagarria aurkitzen badu. Eurengandik ere nahikotxoa jasotzen dugu guk bestela, eta blogosfera deritzon honen izpirituan horixe dago azken batean, partekatzea eta zabalkundea.
Bestea Joxe Aranzabal blogari ezagunak egin digu Euskadi Irratiko 8. probintzia saioan (klikatu hemen entzuteko). Zapatu guztietan blog pare bat gomendatzen ditu Joxek eta aste honetan Karrajua izan da bat (Bidasoatik interesgarriarekin batera). Lore politak bota dizkigu benetan, eta bihotzez estimatzen dira hauek ere, areago Joxerengandik etorrita.
(Hori bai, norberagatik inori instituzioa entzunda, poztu ala ikaratu geratzen zara derrepenteko batean.)
Biei ala biei, eskerrik asko aipamenagatik eta animoagatik, berdin Karrajua jarraitzen duzuen guztioi. Hori da hori saria!
Edozelan ere, aipamenetan esandakoen gainean ohartxo pare bat:
Patxok Espiralerako aurkezpenean hau idatzi du: "Es un blog colectivo que se mantiene desde el departamento de didáctica de la coordinadora AEK que gestiona la alfabetización en Euskera de adultos". Blog kolektiboa izateko asmoa bai, azkenotan hemen dabilen jendearekin gehiago, eta inoiz baino hobeto (lore guztiak haientzat ere badirela ez dago zertan esanik ere), baina Karrajuak ez dauka lotura organikorik AEKrekin. Nik han egiten dut lan, baina hau (AEKren laguntza eta sustengua inondik ere kendu barik) proiektu pertsonal modura sortu zen, eta, kolaborazio maila eta klase guztietara irekita (eta deseatzen) bagaude ere, horrela jarraitzen du gaur egun, euskalduntze-alfabetatzean dihardutenentzako gune ireki, independiente eta esperimental modura. (Google-edo oferta batekin etorri bitartean, noski )
Joxek esandakoari ere zehaztapen txikitxo bat. Ni neu euskara irakaslea izan banaiz, baina neure buruari merituak kendu beharrean nago: Karrajuan aipatzen ditugun baliabideak eta tresnak, zoritxarrez, ez ditut erabiltzen euskara irakasteko, hau da, une honetan ez dut klaserik ematen. Egiten dudan bakarra da han eta hemen aurkitzen dudana -edo burura etortzen zaizkidanak- lankideei eta interesatuei zabaldu, haiekin konpartitu, eta mundutxo honi saltsa apur bat ekartzen saiatu, beste barik.
Tira, eskerrak eta estimua guztioi berriro eta aurrera goaz. Ezta?
Atoan martxan dabil, astean zehar hainbat gauza batzen joan gara, interesgarriak denak. Karrajura ekarteko balioko digutela esan genuen aurrekoan, baina ekarri bitartean, beste zerbait egin daiteke, astean zehar han eta hemen agertu direnen laburpena..
Teknologia eta irakaskuntzaren asuntuarekin hasi ginen, Plistik bidali zuen "Tecnologia e metodologia" bideo brasiladarrarekin. Barre egin genuen, baina mahai gainean ipintzen digu teknologiaren aplikazioaren inguruan sortzen den auzia: teknologia berria lehengo-lehengoa egiteko?
Interneten aski zabaldu den bideo ezagun honek auziren beste alde bat erakutsi digu, kritikak kritika, teknologia uste dugun baino gauza gehiago ari da aldatzen. Kontua apur bat arintzeko teknofobei dedikatu gehine beste bideo hau.
Edozelan ere, honetaz guztiaz hausnarketa interesgarriak ere aurkitu ditugu.
Irakasle batek eLearning dela eta ez dela egiten duen balorazio gazi-gozo hau: Mi vida sin Moodle
Astea amaitzeko Plistik ekarri digun Eduard Punset-en aipamen hau.
Karrajuan sarri predikatu dugu euskalduntze-alfabetatzea oso loturik dagoela normalizazio prozesu orokorrarekin, beraz, horrelakoei ere ibiltzen gara adi.
Joxerra Garziak esandakoak lehengo astean ere aipatu genituen. "Zer XXX egin behar dugu euskararekin?" galdera horren bueltak luzeak dira, eta aste honetan Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketa ezin ekarri gabe utzi. Aipamenen bat ere bai. Wikian hartu ditugu hitzaldiko apunteak Plisti eta biok. Euskararekin arduratuta gabiltzanok, esandakoak gustatu nahiz gustatu ez, aintzat hartu beharrekoak denak.
Bestalde, Iñigo Fernanez Ostolazak euskalgintzari ikuspegi gaurkotua ematearen beharraz jardun du asteon. Besteak beste, euskara saldu beharreko produktua ere badela gogoratu digu, "marka" bat.
Umore falta ez da egon aste honetan euskararen inguruan, ez da txarra, ez, Tiraka blogean ildo beretik David Anauten testua ekarri zuten, planak eta flanak direla eta.
Euskalduntzea
Gure mundura hurbiltzen joan gara umorea alde batera utzi barik. Inauteri giroa edo, ikasle batzuek gogorarazi diguten modura. Zaldi Eroak Mitxelena XVIaren azken "araua" ekarri zigun batetik. Hizkuntzak jakiteak bizitza luzatzeko zer onura dakarren bestetik, edo hizkuntz eskakizuna lortzearren eskaintza sexuala egiten duenarena kasu.
Honetan ere gauza interesgarriak dabiltza, dudarik ez, blogetan gehien bat. Aste honetako aipagarri batzuk:
Iñaki erandioztarra Bartzelonan dabil gaztelania irakasleen formaziorako masterra egiten, eta bere ibilbide formatiboaren berri emateko bloga atondu du, halaxe eman dio izena: Ibilbidea. Fin dabil mutila, eta aste honetan gogoeta oso interesgarriak utzi dizkigu talde-lanaz eta azterketez.
Maribelele ELE blogosferako blog aktiboenetako bat da. Irakasle-esperientzian egositako hausnarketak plazaratzen ditu sarri, irakaslearen arazoen iturria non den adibidez.
Ez da izan hau aparteko albisteak ekarri dituen astea seguruenik, baina, askok kontrakoa uste badute ere, beti ari dira gauza interesgarriak han eta hemen irteten, eta gehiago egongo dira gainera. Sarea aurkitzeko era ona, ezta?
Klaseko blog berria aurkitu dut gaur sarean, Geure gauzatxuak. Ez da berria, ikasturte hasieratik dabil Eneko Barrutia irakaslea bloga elikatzen. Eztabaidarako gaiak eta ariketak plazaratu ditu gehien bat, eta iruzkinengatik ikasleen erantzuna eduki egin duela dirudi.
"Euskaltegibloga" deitzeko egon naiz, baina dudan geratu naiz, izan ere, Eneko Barrutia egilea Bilboko Hizkuntza Eskolako euskara irakaslea dugu, ez "euskaltegi" batekoa. Zalantza esistentziala planteatzen zaigu nonbait. ;)
Lehengoan Udal Euskaltegien inguruko hariangogorarazi nuen Euskal Herrian Udal Euskaltegiak eta gainerako euskaltegi publikoak ez direla euskara ikasteko zentro publiko bakarrak, EAEn zein Nafarroan behintzat hizkuntz eskola ofizialak ere badira eta han euskara ere ikasten da.
Hizkuntzen irakaskuntzaren munduan HEO batzuk prestigioko zentruak izaten dira, izen handiko irakasleak ere badaude berton.
Euskal Herriko hizkuntz eskolen panorama ez dut ondo ezagutzen, baina egia da euskararen irakaskuntzari dagokionez euskaltegien mundutik nahikoa aparte sentitu izan ditugula. Gutxietsi ere egin ditugula esango nuke.
Argi dago hala ere, han ere ahaleginean dabiltzan irakasleak daudela, Eneko bezala, eta esperientziak konpartitzeko orduan seguru zer esan asko daukatela. Animoa bada Eneko!
Euskararen bidez eta euskaraz teknologia berriak ezagutzea eta lantzea dute helburu.
Bilbo Hiria Irratianelkarrizketa egin diete Iraia irakasle-blogariari eta Maider ikasleari, eta berton kontatu digute blogekin hasi direla. Hain zuzen ere, tailerrerako Euskaraz nabigatzen bloga sortu dute eta hortxe dabiltza, Youtubeko bideoak sartzen hasi direla dirudi. Aurrerantzean bloga elikatzen jarraitzeko asmoa dute, oraingo ikasleekin eta etorriko direnekin.
Une honetan gogoratu dut duela urtebete inguru HABEk zabaldu zuen Internet didaktizatzen: Blogosfera euskararen ikas-irakaskuntzan ikastaroa. Hainbat blog zabaldu ziren derrepentean ikastaroko probak egiteko gehien, baina egia esanda, gehien-gehienek ez dute jarraipenik izan eta une honetan "euskaltegiblogen" panorama ez da ordukoa baino hobea.
Tira, ideia berria ekarri dute Nabigatzen tailer honekin. Internet eta teknologia euskara ikasteko bide modura, ez tresna didaktiko hutsa.
Ea oraingoan blogosfera apur bat gehiago alaitzen dugun.
Heldu da eguna! Bai,gaur euskaltegiko lehen eguna izango da,beraz, lauetan ez dut biao egingo . Ze azkar pasatu diren hiru hilabete hauek! Gaurtik aurrera betiko ohiturak berreskuratuko ditut, zenbat gauza egiten hasiko naiz gaur. Pentzatzeak nekatzen nau , hobe da horretaz ez pentzatzea eta etorri behar dena etor dadila, bestela ez dakit zer egingo dudan.
Gaurko ez dago gehiagorik kontatzeko, hurrengoan gehiago edo ez, batek daki. Agur.
Egia da. Zenbat biao, kafe, paseo, berriketa eta barealdi sakrifikatuko dira hemendik aurrera? Ea ba, ez dezala gure lagunak biaoa galtzeagatik damurik izan! Ezta guk geuk ere.
El blog de mr1b3len esteketan Maribel Gonzalez blogari-irakasleak beste blog bat egin duela ikusi dut: maribelele. Blog bi zertarako? Pentsatu dut. Baina bigarren hori ez da blog-bloga. Sigla batzuk dabiltza hor gora eta behera: PRP. Eta egilearen etengabeko gogoeta interesgarriak bere lanaz eta ikerketez.
Aurretik Pujolàk Aula de Innovacion Educativa aldizkarian plazaratu zuen artikulua: “El portfafolio: la reflexión explícita del proceso de aprendizaje en la formación de profesores de E/LE”, Aula de Innovación educativa, 146, 65-67. Barcelona: Graó.
Horrez gain, blogean diapo hauek ipini dizkigute PRPa zer den azaltzeko:
Tailer hari segida ematen hasi dira irakasle batzuk, eta euren PRPa norberaren kaxoian gorde beharrekoan blogen bidez agerian jarri digute guztioi. Hemen batzuk:
Proposamena eta erantzuna interesgarriak dira behinik behin, eta zer penstatua ematen dute:
Blogak formaziorako tresna dira duda barik, baina ez formazio ikastaroak emateko soilik (hori ere egin ahal da), norberaren gogoetak eta deskubrimenduak plazaratzeko eta konpartitzeko bide bezala ere aukera ugari ematen dituzte. Hori bai, Maribelek dioen modura, profil edo jarrera "komunikatiboa" behar da nonbait.
BBBn ikasmaterialak trukatzeko eta aberasteko erabileraz jardun genuen, bai, baina ikasmaterialekin batera gure jardueraren gainean hausnarketa globala plazaratzeko ere bai.
Beharbada, PRP horren estrukturazioari jarraitzea zaila egin ahal zaie askori. Hala ere, hainbesteko sistematizazio barik ere zerbait egin daitekeela uste dut.
ELEren munduan formazioaz eta hobekuntzaz jarduteko gogoa dagoela dirudi, ez dakit, hainbestetan gertatzen den bezala, blogosferako saltsa honek atzetik dagoenaren okerreko inpresioa ematen ote duen, baina, aurretik dabiltzanak behintzat, gogotsu dabiltza. Gurean berriz, bistan behintzat, gutxi. Eta ez diot blogosferako giroagatik bakarrik, Topaketa praktiko horiek bezalakorik ere ez da gurean askorik, edo hala iruditzen zait neuri behintzat. Ikastaroa-hitzaldia erroberatik harago joan beharko genuke beharbada.
Hiru lagun batu ginen lehengo ostiralean, hirurok euskara irakasleak eta internet eta teknologiaren harrak haginkadatxoa emanda. Zer ikasi asko daukagu honetan eta elkar ezagutu eta ikasteko gogoarekin ipini genuen hitzordua Blog & Beers txiki batean, lehenengo aldiz elkartu ginen hirurok aurrez aurre: Galdakaoko Udal Euskaltegiko Josu eta Iñigo (Berbet@n) eta AEK-ko Benito (Karrajua).
Elkar eta elkartzeko lekua topatzeko hasierako abenturak gora-behera (horiek kontatzeko beste mezu bat beharko genuke...) azkenean bazkari eta bazkalosterako batu ginen Deustuko txoko batean, eta abarketari ematen hasi.
Hiru orduk asko esateko ematen dute, eta asko esan genuen, gauza askotaz. Niri neuri buruan geratu zitzaidana (edo ondo betetako kaña batzuen ostean akorduan geratu zaizkidanak).
Blogak eta internetez hasita, ikasleentzako blogei kostatzen zaie funtzionatzea. Ahalegin handia egin behar da, eta ikasleek ez dutela entusiasmo handiegirekin hartzen. Beharbada, ikasleek beste zerbait nahi-behar dute, ez hain publikoa, itxiagoa eta elkarreragin gehiagokoa... Ez dakigu zer zehazki: foroak, sare sozialak, galderak botatzeko lekuak... Eurek ere zerbait nahi dutela uste dugu, euskara ikasten laguntzen dien zerbait, eta norbaitek asmatuz gero arrakasta edukiko luke, baina zer hori asmatzea da kontua.
Teknologiarekin jarraitu genuen, egunero eskutartean darabiltzagun gailuez jardun genuen hain zuzen: mugikorrak, kamarak, mp3ak... Bi gauza besteak beste. Batetik, egunero erabiltzen ditugun horiek zenbat kostatzen zaigun aplikazio "profesionalak" topatzea, aisialdiarekin edo kapritxoarekin lotzeko joera izaten dugu, eta klasean berriz, lehengoarekin jarraitzen dugu: kaseteak, DVDak, arbela... Ideiatxo batzuk irten zitzaizkigun han asko pentsatu barik: arbelean idazten ditugun grafiko eta eskemei argazki digitalak ateratzea, mugikorren eta kamara digitalek bideoa grabatzeko eta ikusteko erabiltzea, DVDak, kaseteak eta bideoak ordenagailu mugikorrekin ordeztea...
Bestetik, eta aurrekoarekin lotuta, horrelako gailuak erostea edo erabiltzea proposatzen denean inguruan zelako eszeptizsimoa aurkitzen dugun komentatu genuen, badirudi hain gauza txikiek ezin dutela jarduera "serio" baterako balio izan.
Irakasleez eta sareaz ere hitz egin genuen. Hainbat lagun han eta hemen lan berdina egiten eta orain arte sarea ideiak, materialak, egiten dugunaren emaitza eta kezkak konpartitzeko hain gutxi erabiltzea bekatua dirudi. Arrazoi asko egon daitezke hau azaltzeko, baina seguruenik ez da inor etorriko honi buelta ematera norbera hasten ez bada. Hor egon daiteke blogen indarra gurean, irakasleon jardunaren gainean berba egiteko eta ideiak eta materialak konpartitzeko eta garatzeko tresna bezala erabiltzea.
Ideiatxo pare bati hasi ginen forma ematen honen inguruan. Norberaren materialak publikatzeko, konpartitzeko eta probatzeko sistema bat, irakasleon indarrak batzeko azken batean. Ideiari bueltak ematen hasi gara, ea zer ematen duen. Probatxo batzuk egin behar ditut. Laster izango duzue horren berri.
Inor animatzen da gurekin lantzera? Eta hurrengoan kaña batzuk hartzera?
Hau neure laburpena izan da, baina seguru Iñigok eta Josuk gauza gehiago dauzkatela apuntatuta.