HABE

Artaziak, krisia eta enparauak: euskaltegien prentsaurrekoa

Benito(e)k bidalita 2010, ekaina 24 - 12:23(e)an.

EAEko euskaltegi pribatu homologatuek prentsaurrekoa egin dute gaur goizean. Datorren ikasturterako finantziazioa oraindik argi ez dagoela eta EAEko agintarien ahotik krisi berba eta jarrera kezkagarriak antzeman dituzte.

Prentsaurrekoaren berri oraindik hedabide askotara ez da zabaldu eta hemen duzue zabaldu duten testua:

Euskaltegiek erantzuna exijitzen diote Eusko Jaurlaritzari

 Urte bete igaro da HPSen aldaketa eman zenetik. Orain arte behin eta berriro entzun ditugu honelakoak HPSeko arduradunen ahotik: «Gure nahia garbia da: atzerapausorik ezertan ez».

 Baina euskaltegiok beste era batean bizi dugu hau guztia. Izan ere, gaur da eguna oraindik ere ez dakiguna zein izango den 10-11 ikasturtean izango dugun diru laguntza. Hori azken urte hauetan maiatzerako jakin izan dugu, eta horren arabera antolatu dugu hurrengo ikasturtea. Hori dela-eta, kezka oso zabaldurik dago: borondate oneko hitzetatik haratago oraindik ezer ez jakitea oso larria da, hurrengo ikasturtea erabat baldintzatzen duelako. Eta are larriagoa dena, ezer onik etorriko ez den seinalea izan daitekeela susmatzen dugu. Datorren ikasturtea nolakoa izango den ez jakiteak, zalantzan egoteak, atzerapausoak egongo direla pentsatzera  garamatza.

 Bilerak egin, egin ditugu, eta ba omen dago borondatea gauzak bideratzeko. Baina “krisia” berba da etengabe haien ahotik entzuten dugun bakarra.

 Gauzak horrela, euskaltegietara hurbiltzen diren milaka ikasle horiek ordaindu beharko dute krisia berriro ere. Hizkuntza ofiziala den euskara ikasteko orduan beren poltsikotik egin beharko dute ahalegin handiagoa; doakotasunerako bidean berriro ere atzerapausoa emango da. Eta ez ikasleek bakarrik, euskaltegietan lanean ari diren euskara irakasleak, oraindik egoera normalizatua lortu gabe dugunean,  berriro egoera ez egonkor batera, sasoi ilunetara, bueltatzeko arriskua aurreikus dezakegu.

 Are gehiago, egindako azken bileran honelakoak  entzun eta gero: “Legealdi hau txarra izango da, eta aurrekontuetan artazia sartu behar duenak euskalduntzearekiko sentimendurik ez du”.

 Beraz, horren aurrean dei berezia egiten diogu Jaurlaritzari. Hasteko, neurriak har ditzala orain arte lortutakoaren bidean atzerapausorik eman ez dadin. Bigarrenik, sektore honi behar eta merezi duen aitortza eman diezaiola. Eta, azkenik, diru laguntzetatik laguntza iraunkor batera igarotzeko pausoak eman ditzala. Borondatetik eta hitz onetatik ekintzetara pasatzeko unea heldu dela uste dugu.

 Euskaltegiak: Batuz, IKA, Elkarlan, Deustuko Euskal irakaslegoa, Maizpide euskaltegia, Bai & by, AEK

 Artazidunaren sentimenduez ez gara hasiko berbetan. Akaso lehenago artazirik ez ei darabilten batzuen uste eta eginen gainean hasi beharko genuke.

Eguneraketa:

Etiketak: | | | |
Benito (r)en bloga | 3 iruzkin

Akademikoa

Benito(e)k bidalita 2010, ekaina 21 - 17:11(e)an.

Ekainaren 22a, udako lehenengo eguna. Urtea abenduan edo ekainean amaitzen ote den ondo ez dakigun latitudeotan itxiera eta despedida ekitaldietarako gorde ohi dira horrelako datak, eta duela egun batzuk gonbidapena heldu zitzaidala halako baterako gonbitea izango zelakoan, eta ez. Donostiako Vitoria-Gasteiz kaletik zetorren gutunazalaren barruan 2010-06-22 Batzorde Akademikoaren bilera irakurri nuen.

2009ko martxotik ez da bildu Batzorde hori, eta honez gero -honegatik eta beste hainbat seinalerengatik- Donostiako Vitoria-Gasteiz kalean gurekin ahaztuta zeudelakoan (han inor bizi ote den dudan ere bai) San Juan bezperaren bezperan gonbitea. Hau menua:

Helduen Euskalduntzerako Oinarrizko Kurrikulua: Egoera: azpimailak, datuak eta lehentasunezko adierazleak, Proposamena: HEOK birbatua, Helburua: HEOK bakarra euskararen herritarren eremuetarako.

Akreditaziogintza: 2010eko gaitasun-proben egoera, Azterketak sortzeko Baliabideen Biltegia (ASBB), 2003ko abuztuaren 6ko Agindua berritzeko proposamena eta lan-egutegia.

Prestakuntza: 2009-2010 ikasturtearen balantzea, 2010 udaldirako egin eskeintza, 2010-2011 ikasturtearen hasiera-ekitaldirako proposamena, 2010-2011 ikasturterako 4. mailako gaikuntza-ikastaroa, Teknikari zein hizkuntza irakasleen etengabeko prestakuntzarako HABE liburutegiaren alerta-sistema.

Tira, sorpresaz beteriko eguna datorrela dirudi. San Juan suaren garra elikatzeko bestekoak ote?

Etiketak: | | | |
Benito (r)en bloga | gehitu iruzkin berria

Mailatik mailara

Benito(e)k bidalita 2010, otsaila 10 - 21:15(e)an.

Aldaketa txikia sumatu genuen lehengo egunean Ikasbilen. HABEtik ez dute horren azalpenik edo jakinarazpenik eman, baina han dauden baliabideen mailakako sailkapena HEOKaren mailaketatik Europako Markoko mailetara eraman dute.

Funtsean ematen du lehengo izendapena ordeztera mugatu direla, horrela 4. mailatik C2ra, 3. etik C1era eta 2.etik B2ra joan gara. Bazen Ikasbilen HEOKen jasotzen ez zen bereizketa bat: 1a eta 1b mailak. Han 1. maila baino ez dugu, EEMko B1ekin bateratu dena. Ez dut inoiz 1a/1b horren azalpen-bereizketa ofizialik entzun-ikusi, baina logikoa zen pentsatzea 1b maila hori 1. maila izango zela, eta 1b-rako materialak horrelaxe agertzen dira orain, B1 epigrafean.

Baina 1a hori zer zen? Orain argiago izan beharko genuke. 1a=A2 parekatu baitituzte baliabideak.

Katea osatu dute beraz, baina arazo txiki bat egon da. EEMn beste maila bat dago, baxuena: A1. Ez dut gogoratzen Ikasbilen 1atik beherako ezer inoiz egon denik, baina orain sailkapen horretan A1 agertu zaigu. Hori bai, bilatzailean ez dut ezer aurkitu A1 horretarako.

Tira, eta zer esan nahi du honek guztiak? Jakin, ez dakit. Donostiako Vitoria-Gasteiz kalean argiago izango al dute! Lehenengo batean pentsa daiteke Europako Markorako hurbilpena egiten hasi direla. Hemendik aurrera zer-noiz etorriko den? Dekretu bidez jakin behar ez izaterik espero dugu sikieran.

Lehengo urtean Bilbon egin zen jardunaldi akademikoan horren inguruko asmoak aurkeztu zizkiguten, mailaketa eta azpimailaketa berria osatzeko asmoa. Funtsean 12 urratsen sistema tradizional-historikoaren izen aldaketa hutsa iruditu zitzaidan momentuan. HABEk urratsen sistema horren gainean urteetan eraiki du azpiegitura administratibo konplexua eta horrek pisu handiegia du akaso aldaketa gehiegi egiten hasteko.

HEOKen mailaketarekin hutsuneak egon dira era berean, administrazio-kontuetarako irakasleek ikasleei urratsak jarri behar dizkiete orain ere, baina urrats horiek 12 izanda eta HEOK jasotzen eta definitzen diren mailak 4, bistan dago urrats askoren deskribapena eta definizioa irakaslearen beraren (intuizioaren?) edo erakunde bakoitzaren esku geratzen direla neurri batean, edo HABEren HEOKen aurreko definizio historikoetan.

Zergatik gertatu da hau? Seguruenik eraketa-didaktika bereizketa tradizional-historiko-monumentalaren ajeak baino ez dira izan. Kontrolerako datu-baseetan zenbaki bat aldatzeak dena jar dezake hankaz gora, eta didaktikariak letretakoak izaten dira.

Eta orain Europatik datorren honek kristo hau argitzen lagunduko ote du, ala kristo handiagoa ekarri? Bigarren hori gertatzeko arriskua dago nire uste-eskarmentuz, gauzak neurriz eta ganoraz egin ezik behintzat.

Etiketak: | | |
Benito (r)en bloga | gehitu iruzkin berria

Topikoak edo

Benito(e)k bidalita 2010, urtarrila 30 - 01:21(e)an.

Hor goian aipatzen dugun "euskaltegien mundu" horretaz mundu-munduak dakiena eta uste duena ez zaigu  beti  bat etortzen barruan dugunarekin edo nahi genukeenarekin. Hala bada, erratuta dauden ideia batzuk agertzen dira lantzean behin, topikoak esan daiteke.

Bat aski zabaldua. Euskaltegiak HABE edo AEK dira. "Ez dakit nor HABEn dabil ikasten", edo AEK-kook batzuetan entzuten ditugu honakoak: "HABEkoak dira horiek, konpetentziakoak", beste edozein euskaltegigatik esanda.

Bistan dago euskaltegien munduaren mapamundia ez dagoela oso argi bazterrotan. Akaso jende gehienarentzat ez da hil ala biziko kontua izango,eta sinplifikazio hori nahikoa zaiola. Apur bat kezkagarriagoa izaten da berriz  honetaz hobeto informatuta espero zenukeen jendearengandik datorrenean: hedabideak, euskaltzaleak...

Atzo, lankide batek erakutsi zigun Euskararen Berripaperaren azkenengo alea. Hau hain zuzen ere:

Eta komentarioa egin zuen. "Ematen du HABEk berak hartu dituela matrikula horiek guztiak". Eta egia esanda, HABEn ez da inor matrikulatzen, zuzenean behintzat. Alegia, matrikula horiek EAEko euskaltegi homologatuetan izena emandako ikasleak dira, AEK, IKA, Batuz, Elkarlan, Udal Euskaltegiak eta abar.

Guk badakigu jakin, eta jende gehiagok ere bai. Baina erakunde publikoetatik datorren informazio-orria, horrek hiritar askori ematen dion zehaztasun bermearekin, euskararen gainean informazioa ahalik eta gehien hedatzea asmo duena eta ele bitan banatua, eta  hor horrela idatzita "HABEren matrikulazio datuak / datos de matriculación de HABE", ba, seguru nago batek baino gehiagok hala pentsatu duela, horiek guztiak HABEren balizko euskaltegietan ibili direla euskara ikasten.

Ez da kontu larria izango, baina sektore honetaz dabilen informazio-hutsune hori estaltzen ez du asko lagunduko. Eta seguru laster batean berriro entzungo diogula ahots serioren bati "En los euskaltegis de HABE" edo horrelako zerbait.

Topikoekin hasita, gaur beste bat irakurri dudala uste dut. ETBk prestatu duen "Kerman mintzalagun bila" saio berriaren aurkezpenean hau irakurri dut (azpimarra nirea):

Kerman ahozko euskara behin betiko menderatzeko helburuz kalera irtengo da. Helburu horrekin, Kermanek liburuak dauden-daudenean utziko ditu eta kale aldera abiatuko da euskara eguneroko bizimoduan erabiltzeko helburuz: euskaltegian urteetan irakatsi dioten teoria guztia benetan aplikatzeko garaia iritsi zaio

Topikoa da, ala topikoa izatea nahi genuke?

Hainbeste urte "komunikatibo" adjektiboa hamaika substantiborekin ezkontzen, hainbeste paradigma aldaketa, HEOK, EEM eta enparau, eta oraindik "teoriari" bueltaka gabiltzala uste du munduak?

Ez da izango?

Etiketak: | |
Benito (r)en bloga | 3 iruzkin

Lehengo lepoko sorpresak

Benito(e)k bidalita 2009, azaroa 4 - 22:03(e)an.

Eusko Jaurlaritzaren aldaketak Helduen Euskalduntze-Alfabetatzearen bazter hauetara zer ekarriko zuen galdetzen hasi ginen duela hilabete batzuk. Eta, egia esanda, orain arte ez dugu aparteko berrikuntzarik edo berririk jaso, kargu aldaketa pare bat kenduta.

Aurrekontuetan ere berri gutxi, hobeto esanda, berririk ez, edo -nondik ikusten den- bai. HABE da diru-murrizketatik salbatu den bakarra antza, euskararen inguruko politikan bazterrak aztoratuta dabiltzan egunotan hori zerbaiten seinalea izango da, ez dakit zerena baina...

Eta gu zain, zer etorriko eta... gaur gutuna heldu da, HABEtik HABEren gutunazal ofizialean. Zer da ba (pdf eta hemen Ikasbileko lotura)?

"Sinposioa" irakurri dut. Dio! Bost hogerlekoko berbak dabiltza hemen. HABE eta EALTA... dedio! Kategoria ere badabil gero! "Ebaluazioan eta hizkuntza-probetan jokabide egokiak sustatzeko gida-lerroak". Dediole! Serioa da hau ba! Ondoren titularreko subjektu-objektu horiek perpaus konposatuan apaindu dizkigute dagozkion leku-denbora osagarriekin: "Ekitaldia 2009ko azaroaren 13an izango da, 09:00etatik 17:00etara, Donostiako Teknologi Elkartegiko Auditorioan...". Azaroaren 13an? Hori datorren astea da bata! Jeseus! Horrelako gauza serio-kategoriakoetarako ez dira ez dakit zenbat hilabete lehenagotik kanpaiak soltatzen. ala?

Beherantz segitu eta, joño! Good Practice-Buenas prácticas. Internazionala! Hortik aurrera HABEren siglak behin eta berriz, baina sarrera inpaktantea izan da, duda barik.

Hau ez da txikiteoaren erdian derrepentean antolatzen den afaria, ez. Eta orain derrepentean dator horrela? Despistatuta ibili naiz?

Inguruan galdetu dut. Zuek honen berri? Ez,ez, ez.... Ene! Asko da ba!

Zer ote den hausnarrean hasi eta, aaaaamigo! Erregalua gordeta eduki digute. Aldaketak etorri dira, HABEk horrelako sorpresak emango dizkigu hemendik aurrera. Espero ez duzula, tak! To sinposioa! Hurrengoa zer izango? Jakin minaren ilusioa piztu digute. Ole!

Gustatzen zaizkit sorpresak. Txikitan errege magoei gutunean direnak eta ez direnak eskatu ondoren ekarritakoak ikusita hartzen nuen sorpresa gehien bat.

Hori bai, espero dezagun sorpresa hauek ez etortzea "ebazpena" edo "xedapena" abizenekin, baten batek ikatza ekarri diotela pentsa dezake eta.

Hala ere, esango nuke sorpresazaletasun hori ez dela sorpresa izan, ezta?

PD: egiaztatze probekin zerbaitetan dabiltzala dirudi. Ea datorren ostiraleko horretan zer kontatzen duten. Sorpresa gehiago akaso.

Etiketak: | |
Benito (r)en bloga | gehitu iruzkin berria

Desioa eta errealitatea

Benito(e)k bidalita 2009, iraila 11 - 00:04(e)an.

Gaurko, irailak 11, hirugarrengoz tradizio bihurtzeko bidean dagoen ekitaldia dago iragarrita: EAEko Ekitaldi Akademikoaren hasiera ekitaldia, HABEk antolatuta. Badakizue dakizuenok, autoritate eta ordezkarien berbatxu batzuk, hizlari baten hitzezko hitzaldia, eta luntxa aka pintxo jana. Behin baino ez naiz egon eta ez dago txarto, kexatzen behintzat ez gara hasiko. 

Aurten baina, Murphyren atzaparrek bete-betean harrapatuta berriro joan barik. Tira ba, jarduteko uneak eta lekuak egongo dira bestela. Pena ematen dit aurtengo gonbidatuari entzuteko aukerarik ez izatea baina.

Iragarri aurretik ez dut ezagutu izan Juli Palou. Puntuak galdu ditut honez gero, baina hala izan da. Bitxia da haren izena ezaguna ez izana gainera, Bartzelonako Unibertsitatetik hizkuntzen irakaskuntaren inguruan dabilen mogimendu interesgarriaren erdigunean dago Palou nonbait, eta HABEkoek utzi diguten hitzaldiaren laburpenean (pdf, eta pantailari buelta emanda irakurrita), zerbait berria kontatzera datorrela iruditu zait. Gai batzuk igarri ditut hortik: hizkuntza ikasleren nortasuna, nortasun horren osaketa, bilakaera horren narrazioa, "niaren idazketa"...

Idazketak, adierazteaz gain, pentsaera eraikitzen du. Norbanakoak bere buruaz, bere esperientziaz idazten duenean, bere burua banatzeko aukera du, eta, beraz, bere buruaren alderdi berriak aurkitzeko egokiera. Niaren idazketa gogoeta egiteko aukera bilakatzen da, norberak pentsatzeko abagune eta ikasten ari den pertsona moduan bere burua ikusteko egokiera.

Eta laburpen hori irakurrita -apur bat kriptikoa akaso, baina horregatik iradokitzaileagoa- pentsatzen jarri naiz hizkuntza ikasteak zer ekarri digun horretan ibiil garenoi , zelan ez garen ibili sarri gauzak esateko modu berri baten bila soilik, eta ibilbide horrek gugan azken batean ergina izan duela konturatu. Eta akaso esperientzia horren berri emateak norberari zein entzun-irakurtzeko gogoa-zortea-patua daukanari zerbait piztuko ote dion.

Esan dut ba, kontu berria eta interesgarria. Lastima zuzenean entzun ezin izana. Inork kontatuko ahal digu! (esperantza handi barik)

Dena dela, Palou ezagutu ez, eta internetomanook hartuta ditugun bizioen artean ez dakiguna segidan gogelatzea denez, hantxe hasi naiz Palouren berriren bila. Eta tontamentean irakasleen prestakuntzan jardun duela jakin dut, eta horretaz idatzi duela, eta berak parte hartutako liburu pare bat Google Books-en topatu. Artikulu baten titulua gustatu zait gainera: "Els professors de llengua: entre el desig i la realitat". Horixe, desioa eta errealitatea, prestakuntzarekin dudan sentsazioa deskribatzeko hitz bi horiexek hautatuko nituzke neuk ere.

Prestakuntza, ene! Uztailetik hona, Miramarreko ikastarokoak, hangoei ekiteko sasoia heldu da bada. Buelta pare bat ematen hasi beharko dugu.

Etiketak: | | | |
Benito (r)en bloga | 3 iruzkin

Praktikatik teoriara

Benito(e)k bidalita 2009, ekaina 29 - 22:06(e)an.

Gaur konektatu bako eguna eta hausnarrean ipini naute entzundako batzuek:

  • Prestakuntza ez da entrenamendua
  • Gaitasuna garatzen bada, jardunagatik ez da hainbeste arduratu behar.
  • Hizkuntza irakastea etengabeko elkarrizketa da
  • Norberak eraiki behar du bere "teoria"
  • Uler diezazutela nahi baduzu, uler iezaiezu.
  • H1ean hitz egin daiteke H2an komunikatzeko
  • Bat-batean erreakzionatzen jakitea da kontua
  • Zailena egiten ari zarenaz hausnartzea da.
  • Ikastaroak ezin dira oinarri teorikotik hasi.
  • Esperientzien elkartrukatze soilak ez du aurrera egiten laguntzen.
  • Elkarreragina ezin da transmisioan oinarrituta predikatu.

Eta idatzi ahala zer egiten ari naizen pentsatzen. Bide batez, zuen irakasleak zergatik izan dira onak?

Bihar gehiago, bitartean  hemen, hemen, hemen edo hemen.

Argazkia: Miramar. Egilea izeus. Lizentzia.

Etiketak: | | | |
Benito (r)en bloga | gehitu iruzkin berria

HABEren zuzendari nagusiari

Plisti-plasta | 2009-06-10 17:16

Hiru kontutxo/ipuintxo besterik ez dizkiot aipatuko gaur-gaurkoz, Hona:

1.    Prokusto (Joxerra Garziaren hitzetan)

Grezia zaharreko mitologia aberatsean bazen pertsonaia bat, behin baino gehiagotan aipatu izan dudana, liluratuta bainauka: Prokusto. Nor zen Prokusto hori? Bada, bide-bazterrean egon ohi zen erraldoi bat. Ohantze edo ohe moduko bat zeukan Prokusto hark, bere neurri-neurrikoa. Bidean pasatzen ziren bidaiariak hartu, eta bere ohean etzan arazten zituen, banaka. Hala jakiten zuen ea bidaiari bakoitzak luzera egokia zuen edo ez. Bidaiariren bat txikiegia bazen, hartu beso-zangoetatik, eta bortxaz luzatzen zuen, harik eta luzera egokia hartzen zuen arte. Harik eta bere ohearen tamainakoa egin arte, alegia, nahiz bortxazko luzatze horretan bidaiaria hil. Oherako handiegia bazen bidaiaria, berriz, ohez kanpo geratzen zitzaizkion puskak moztu egiten zizkion Prokustok, bidaiariaren beraren hobe beharrez beti ere. Alegia, tamaina egokiko izan zedin bidaiaria: ez handi, ez txiki… handi-txikia ohearen arabera juzkaturik beti ere.

2.    Rube Goldbergen makina

Rube Goldbergen makina edo gailu guztiek badute ezaugarri nabarmen bat: eginkizun errazena egiteko ere oso zeharkako bideak erabiltzen dituztela, alegia. Fisika eta surrealismoaren arteko nahasketa dira (patafisika). Nik beste urte dituzuenok, agian gogoratuko dituzue TBOn agertzen ziren tankera honetako makinak. Indianako Purdue Unibertsitateak urtero antolatzen du Goldberg-makinen lehiaketa, irabazle izateko ahalik eta urrats eta prozesu luzeenak burutu behar ditu makinak emaitzara heldu baino lehen.

3.    Föhn efektua

Alpeetako haize entzutetsu baten izena hartu du efektu honek. Erliebe menditsuetan gertatu ohi da, aire bero eta hezeak gora egin behar izaten duenean mendiak eragiten dion traba gainditze aldera. Honek ur-lurruna hoztu egiten du eta kondentsatu, ur-tantak sortuz haizealdeko mendi-hegalean, hodeiak eta euri zaparradak izan ohi dira bertan. Haizebeko mendi-hegalean, ostera, oskarbi izaten da eta tenperaturak gora egiten du.

Izan beza jakituria lagun zuzendari nagusiak, Prokustoren, Goldbergen eta Fönnen hatzaparretatik ihes egiteko.

Argazkia: Máquina de Rube Goldberg en la base del Alinghi. Egilea: freshwater2006. Lizentzia.

Etiketak: |
3 iruzkin
Bidalitako artikuluak

Syndicate content

AzkenakHarpidetu (RSS)

Harpidetu erantzun eta iruzkinetara (RSS)

Harpidetu

Bloga Webgunea Feedburner Erantzunak

opml Gure jarioak(OPML)

xFruits Karraju "guztiak": Xfruits


Bloglines-en harpidetu
Markatu del.icio.us-en

Mugikorretarako bertsioa


Creative Commons License
lan hau
Creative Commons-en baimen baten mende dago.

Jarraitu Karrajua e-postaz

Sartu hemen zure e-posta

Iruzkinak eta erantzunak e-postaz jarraitu



Powered by FeedBlitz


Send Me A Message

Estatistikak