ikaskuntza
Karrajua(e)k bidalita 2010, otsaila 5 - 01:34(e)an.
Lehengo egunean atazekin atrebentziarekin jolasten ibili ostean, beolarraren iruzkinaren ondoren ideia eta hitzen jolasarekin jarraituta, erabili eta ikasi hitzek jolas arraroa egin zidaten.
Hizkuntza ikastea hizkuntza erabiltzeko gaitasuna eskuratzea bada, eta euskararen kasuan "dakiten" guztiek erabiltzen ez badute, eta erabilera horrekin kezkatuta bagaude, orduan "ikasi" behar dutenak ez dira (gara) izango "ez dakitenak" baino gehiago akaso?
Paradoxa usaina dauka gogoeta horrek, eta seguraski tranpa logikoren bat dago tartean. Edo igual ez. Hitz-ideien jolasa baino ez agian. Baina zer pentsatua eman dit, bai. Zuei ez?
Benito(e)k bidalita 2009, abendua 9 - 00:17(e)an.
Ahots asko dabiltza munduan, eta sarean adi egonda ez da zaila interesatzen zaizkizunak entzutea. Euskara ikasleen ahotsa -zuzenean edo zeharka- ere entzuten da sarri. Asteon adibidez, Atoanen hiru aipamen ekarri ditugu euskara ikasle banari dagozkionak.
Mixel Usereau Quebec-etik euskara eta Euskal Herrira arrimatu zen, han elebidunak dira asko txikitatik, eta berak segitu eta bospasei hizkuntza dakizki une honetan, euskara haietako bat. Hala esan zien lehenegoan Euskadi Irratian Amarauna saioko lagunei:
Ikasi dudan hizkuntzarik errazena euskara izan da
Juan Martínez de Irujo pelotaria, lau eta erdikoaren finalaren atarian Diario Vascon:
Por mucho que vaya de nuevo al euskaltegi, me seguirá dando vergüenza hablar con la gente. Eso no tiene solución.
Euskaltegira joaten segitu arren, lotsa sentituko nuke mingaina askatzerakoan. Horrek ez du erremediorik (Anjel Lertxundiren itzulpena. Mersi ;-))
Aspaldian jakin genuen Irujo eta Eulate laguna euskaltegian zebiltzala. Gerora, Eulatek euskaltegiko lanaren fruitua erakutsi zigun. Irujok berriz ez du bide bera egin dirudienez.
Hirugarrena zeharkakoa izan da. Argian Onintza Iruretak Gipuzkoako herri euskaldun bateko erdaldun baten kasua kontatu zigun, han jaio, han ibili, integratu, giro abertzale-euskaltzelean murgildu, eta ikasteko ahalegina egin eta:
Herritar bakarra entzun dut gizon horri euskaraz egiten, duela urte batzuk euskaltegian izena eman baitzuen. Herritar bakar hori irakaslea zen, noski
Indioek bezala ez duela hitz egin nahi, eta ez doa aurrera, eta ingurukoek erdaraz egiten diote normal-normal.
Kasu tipikoak edo atipikoak izango dira hiru hauek. Lehenengoa, bistan da, ez da ohikoa izaten. Kanpotik etorri eta euskara ikasi dutenak gutxi izaten dira, nabarmanak izan (eta merezi izan) arren. Beste bien musika ezagunagoa egiten zait baina.
Nekane Arratibelen aspaldiko lan batera jo dut: Helduen euskalduntzean eragiten duten prozesu psikosozialak: motibazioaren errola. Han euskara ikasteari ekiteko orduan faktore batzuk aipatzen dira, soziolinguistikaren munduan beste hainbat konturekin ere lotutakoak sarri: sare soziala eta bertako euskaldunen dentsitatea, bizitasun etnolinguistikoa, identitate etnolinguistikoa, jarrerak, ikuspegiak eta motibazioa.
Eta pentsatzen jarrita, Onintzak aipatu digun kasu horretan zerk egin du huts? Bizitasun etnolinguistiko handiko inguruan (Gipuzkoako herri euskalduna,%80ren bueltan ezagutza), pertsona euskaltzale eta abertzalea, lagun-sarean hiztun euskaldunak nagusi... Eta hala ere, ikas prozesuak huts egin du nonbait.
Irujoren ingurua ez dugu hain zehatz ezagutzen. Berez bizindar etnolinguistiko txikiagoko leku inguru batetik dator, Nafarroako erdi aldetik. Akaso pilotaren munduan ibilita euskararen eta euskaldunen dentsitatea handiagoa da, eta motibagarriagoa agian. Ikasten hasteko jarrera eta motibazioa behintzat eduki zuen, baita hasi ere.
Eta zerk egin du huts orduan? Bistan da prozesuaren erdian gertatu dela hutsa, ez hasieran. Akaso baldintza eta aldagai pertsonalak sartu dira jokoan. Baina hala balitz, ez dut uste lasaitzeko arrazoia direnik. Bi horien moduko kasuak ez dira gutxi, aldeko baldintza ugarirekin ere erdibidean geratzen dira asko alegia, eta hor zerbait pasatzen da.
Onintza Iruretak ingurukoen presio faltari egozten zion nonbait ("Mendian, euskaldun petoen koadrilan, gaztelaniara aldatzen dute (nik gaurtik aurrera ez) bera aurrean dagoenean"). Irujok ingurukoekin jarduteko lotsa aipatu du. Ahaleginak bota ditu atzera beharbada, eurek eman beharreko pausoa. Eta logikoa da era berean, ikasteko ez ezik, egiteko ere ahalegin gehiagarria eskatzen zaio sarri ikasleari, eta guztiak ez daude ahalegin horretarako, motibazioa, ilusioa edo ikasteko abilidadea gorabehera.
Herria irakasle aldarrikatu zen aspaldian. Eta seguraski horrek ez du esan nahi euskaldun guztiak klaseak ematen hasi behar dutenik, ez. Beste gauza bat akaso: euskara ikastea ez da soilik jakintza edo gaitasun baten jabe izateko bidea, hizkuntza batean gertatzen denaren partaide izateko prozesua ere badela esango nuke, eta etxe batekoa izateko bertako ateak (eta leihoak) zabaltzeaz gainera, sartzeko eta geratzeko gonbitea eta motiboak eman behar dira.
Hemen inguruan, Otxarkoaga auzoan kale bat dago Zizeruene izena daukana, lehenagoko baserri baten izena. Bati entzun nion behin etxearen izena Zizeron(e) batetik zetorrela, han ostatua edo halako zerbait egon zen, eta bertokoek egin ohi zuten harreragatik ipini ei zioten izena.
Zizeruene faltan gaude?
Irudia: Wikipedia (lotura eta lizentzia)
Benito(e)k bidalita 2009, maiatza 4 - 01:03(e)an.
Azkenengo Hizpiden Joseba Ezeizaren artikulua irakurtzen ibili naiz, Espezialitate-hizkeren didaktika Europako unibertsitate-eremuan. Orain konturatu naiz ia hiru hilabete pasatu direla Hizpideren azken zenbakia irten zenetik eta oraindik ez dugula hango artikuluen iruzkinik egin. Axularren itzala bai luzamenduetan ibiltzen garenontzat.
Artikulu interesgarri eta baliagarriak ekarri ditu azkenotan Josebak Hizpidera. Oraingo honetan euskalduntze-alfabetatzean dihardugunontzat gaiak urrunagoa eta interes gutxiagokoa ematen zuen: espezialitate-hizkerak, espezifikoegia nonbait. Halaxe pentsatu dute seguraski liburua zer irakurri zer ez gainbegiratzen hasi diren gehienek, baina aurrekariak ezagututa eta unibertsitateetan hizkuntzen inguruan dabilen saltsaz zer edo zer irakurrita artikuluari ekin diot. Eta gauza interesgarriak oraingoa ere, arlo zehatz horretatik haragokoak nire ustez. Hori bai, onartu behar dut ez dela erraza hizkera akademikoan igeri egitea, akaso trebakuntza beharra daukagu horretan. ;-)
Zer aurkitu dut bada? Hasteko susmotan erabili dudan zerbait. Konpetentziak (Josebak gaitasunak terminoa erabiltzen du) gora eta behera dabiltza asko. Esango nuke gurera oihartzun urrun modura baino ez dela heldu oraindik kontua, baina hainbat arlotan (lan-prestakuntzak, eskola-curriculumak, Bologna...) saltsa dabil aspaldian. Eta bide horretan nire susmoaren baieztapena: unibertsitatera heldu baino lehen, lan-hezkuntzan eta lan-munduko etengabeko prestakuntzan ibili da kontzeptua. Ekilikua, lan-munduaren ikuspegi "pragmatikoak" ekarri du kontua mahai gainera. Onerako eta txarrerako seguruenik, baina nik neuk behintzat, kontuak kontu (badakizue, Bolognaren gaineko saltsak besteak beste), uste dut ideia, ikuspegi eta jarraibide baliagarri asko izan ditzakegula hor helduen euskalduntzerako ere.
Izan ere, Josebak -iruditu zait- asuntoa guretik hain urrun ez dagoela adierazteko jostura egin digu, Europako Erreferentzia Markoaren "ekintzara bideratutako ikuspegia" eta konpetentziaren definizioa gaitasun komunikatiboaren hariarekin josi hain zuzen ere. Ideia batzuk azpimarratzeko:
- Hizkuntza giza-jardueraren funtsezko osagaia da, komunikazioaren osagai nagusietako bat.
- Komunikazio-gaitasuna (edo -konpetentzia) azken batean ezagueren, trebezien eta jarreren batura da.
- Arazo eta erronkei aurre egitean datza konpetentzia, ez ezagueren edo trebezien erakustaldian. Gure kasuan esan liteke, hizkuntza benetan erabiltzea dela xede, ez erabili ahal dugula frogatzea. Izan liteke hori ideia?
Unibertsitarioek komunikazioarekin lotuta zer gaitasun garatu behar dituzten eta beraiek xehetzen ari dira lanean. Argigarria ikuspegia, hizkuntzarekin eta komunikazioarekin lotutako gaitasunek norainoko pisua daukaten edozein espezialitatetan, hizkuntza filologien kontua soilik ez da, bistan dago. Eta trebakuntza deitu daitekeen horretan gaitasunetara zuzendutako irakasbidearen aldarrikapenak zerrendatu dizkigu. Labur ekarrita:
- Eginkizun akademiko, sozial eta profesionalak dira esku-hartze didaktikoaren sorburu, bitarteko eta jomuga
- Helburua ikasleari komunitate akademiko eta profesionalean integratzen laguntzea da
- Ikasleak ahalegin batzuk egin beharko ditu: testuinguru profesional-akademikoak komunikazioaz zer eskatzen duen kontzientzia hartu, arlo horretan egin beharrekoak egiteko trebatu, komunitate horretan jarduteko autonomia eskuratu eta komunitateko testu-generoak eta erregistroak ezagutu eta erabili.
- Horretarako ahalbide sozialak, pertsonalak eta teknikoak garatu behar ditu batetik, eta hizkuntzarekin lotuta ahalbide soziolinguistikoak, pragmatikoak, diskurtsiboak, gramatikalak, lexikoak bestetik
Baina hau guztia unibertsitariei baino ez zaie aplikatu behar? Komunitate akademiko-profesionala azken batean ez da guztion komunitateetako bat? Gainerako komunitate-sare-esparruetan ezin dugu bide bera aplikatu? Hau da, euskaldutze "orokorra" ere ezin dugu ikuspegi horretatik hartu?
Bego hor gogoeta. Amaitzeko unibertsitatean egosten ari den honetaz informazio gehiago Prest proiektuaren webgunean, Euskaraz trebatzen webgunearen barruan.

Argazkia: day 87 - Love Letters. Egilea: margolove. Lizentzia.
Karrajua(e)k bidalita 2009, maiatza 2 - 16:44(e)an.
Puntuzerismoa dabil azkenotan aurrerakuntzaren adierazle, eta adierazlearen mugarriak zenbakiak: 1.0, 2.0, 3.0... Terminologia horren gaindosia edo bertuteetan saru barik, markatzaile horiek gauzek eta pertsonek hartzen dituzten joerak kronologikoki sailkatzeko ariketa modukoak egiteko baliagarriak izan daitezke. Hala egin zuen lehengo egunean John Moravec-ek hezkuntzaren joerak antzemateko sano zabaldu den artikulu batean , eta Dolors Reigek hura hartu, osatu eta beste taula bat osatu du.
Bien ekarpenak hartuta neuk ere ezin izan diot halako 1, 2, 3 segida bati osatzeko jolasaren tentatzioari eutsi. Hezkuntza erabili dute Moravec eta Reig-ek. Ni ez naiz ausartu bost hogerlekoko berbekin eta ez dut ezer ipini.
|
|
1.0
|
2.0
|
3.0
|
|
Esanahia, ikasten dena da...
|
Diktatua, "eman" egiten da
|
Soziala, kolaboratiboa, "hartu eta eman" egiten da
|
Hor dabil, hartu, eman eta eraiki egiten da
|
|
Ikaskuntzaren norabidea
|
Irakaslea > ikaslea
|
Irakaslea > ikaslea, ikaslea > ikaslea
|
Irakaslea > ikaslea, ikaslea > ikaslea, ikaslea > irakaslea, jendea > ikaslea, jendea > sarea, sarea > jendea
|
|
Non
|
Ikasgela fisikoa
|
Etxe batean edo teknologia birtualean
|
Edonon
|
|
Irakasleak
|
Jakintzaren jabe
|
Ikaskuntzaren bideratzaile
|
Edonor
|
|
Noiz
|
Une zehatzean, ordu-tartea
|
Ordu-tarte zabala, aukeragokoa
|
Noiznahi eta betiko
|
|
Curriculuma
|
Erakundearena eta ofizialdua
|
Publikoa eta irekia
|
Pertsonala eta malgua
|
|
Zertarako
|
Programa ofizialak
|
Negoziazioa
|
Interes pertsonalak eta sozialak
|
|
Ikas-taldea
|
Administratiboa, itxia eta kontrolatua
|
Irekia
|
Harreman- edo ikas-sarea
|
Bufa! Horrela labur esanda polemikarako aukera eta harridaka itxura handia dauka asuntuak. Zehaztu eta ezbaidatu beharra egongo da. Zuen esku. Nire partetik:
- "1.0tik 2.0ra eta handik 3.0ra" baino gehiago gustatzen zait: "1.0+2.0+3.0+....=X"
- Teknologiaren aipamenak apropos utzi ditut kanpo.
Benito(e)k bidalita 2009, martxoa 24 - 17:12(e)an.
Sarea pil-pilean dabil. "Pil-pilean" esamoldea bero-bero, gori-gori ulertzen dute askok. Pil-pila inoiz prestatzen saiatu denak badaki bakailaoa suabe-suabe, apurka-apurka egin behar dela, berakatzak, olioak eta gelatinak bat egin dezaten orduak behar dira, eta lapikoari pazientziaz eragin eta eragin. Ez gabiltza patatak olio beroaren txir-txirrean frijitzen, ez.
Interneten fast food-a topatzen dabilenak etsipena aurkitzen du berehala horrela. Borborkadak han eta hemen irteten dira, zarata handi barik, pok! ozenagotxoren bat entzungo duzu inoiz baina lapikoari eragiten jarraitu behar da etengabe behar den moduko bakailaoa jango badugu.
Bakailaoa jateko moduan egon dadin buelta batzuk falta dira oraindino. Baina olio epeletik hiru burbuila klase ikusi ditugu azkenotan, behin baino gehiagotan:
Azken egunotan berriro entzundako kontuak izan dira, ez dira berriak hemen. Eta guri zer? esan du honez gero batek baino gehiagok.
- Euskara ikastea toki, pertsona eta ordu tarte batean baino ez da gertatzen ezta? Bestela bada, badakigu, ez da gure ardura.
- Hizkuntza komunikazioa bada, hizkuntza ere ez da elkarrizketa, jarioa, joan-etorria, hartu-emana, elkartrukea, mogimendua? Eta ikastea?
- Zer nahi dugu, ikastea ahalbidetu ala ikas-instituzioak mantendu?
Txapelketako bakailaoa esperoko du baten batek, basi-basi egiteko moduko saltsarekin konformatuko gara beste batzuk. Segituko dugu ligatzen.
Plisti-plasta | 2009-01-07 21:14
Lehenagoko mezu batean, etengabeko ikaskuntzaz ari ginela bi galdera plazaratu genituen:
- Zergatik etengabeko ikaskuntza kontzeptuaren berreraikitze lan hau, orain eta gaur?
- Zeri erantzun nahi dio: sistemaren egokitzapen beharrei ala pertsonaren hazkuntza intelektualari?
Zenbait kontzeptu errepikatu arren, bi galderoi erantzuten saiatuko gara lehenbizi; ondoren, euskararekiko inplikazioei ekiteko oinarriak izate aldera.
Historiaren hasieran lana eta ikaskuntza lotuta zeuden, ez zegoen eskolarik eta arituz ikasten zen ofizioa. Bizitza ez zegoen gaur egun bezain konpartimentatua (kontuan izan haurtzaroa bera nahiko kontzeptu ‘berria’ dela). Apurka-apurka ikaskuntza isolatu egin zen, eskolak, unibertsitateak eta aroak sortu. Honela guk ezagutu dugun garaira arte, non argi eta garbi bereiz ditzakegun ikasteko garaia, lan egitekoa eta erretiroa.
Ikasteko garaian bizitzarako eta lanerako beharrezko izango ditugun gaiak geureganatu ohi ditugu. Sistema honen eraginkortasuna zalantzan da gaur egun, ordea. Batetik, eskolak oso azkar aldatzen den gizarte berri baterako prestatu behar dituelako ikasleak eta honek izugarrizko moldaketa lana eskatzen diolako; eta, bestetik, bizitza profesionala gero eta ezegonkorragoa, inprebisibleagoa eta, beraz, aldez aurretik ‘prestatzen’ zailagoa delako. Sistemak arazoari aurre egiteko etengabeko ikaskuntzaren kontzeptua jarri du abian. Honela, langileak ez du soilik une jakin batean ikasiko, bere bizitzan zehar ikasteko une ugari izan beharko ditu aniztasun profesionalari, egokitzapen beharrari eta aldaketen abiadurari aurre egin ahal izateko, ‘fast’ gizartearen morrontzak, alegia. Morrontzak ala aukerak?
Etengabeko ikaskuntzak bietatik izango du seguruenik baina utz dezagun kontu bat argi. Langileok azken hamarkadetan lorpenik izatekotan berau, komatxoak komatxo, ‘ongizate-estatua eta estatusa’ izan da eta beronetan giltzarri: aisialdia. Aisialdia denbora librea da, libre sentitzen garen aldia, geure aldia. Norberaren garapenerako aldia. Hauxe da garaikideon konkista handienetariko bat. Argi izan behar dugu kontzeptu hau. Ezin dugu aisialdiaren inbasiorik onartu, ezta etengabeko ikaskuntzaren aldetikoa ere. Etengabeko ikaskuntza aukera izango da, baldin eta pertsonaren hazkuntza intelektualari egokitzen bazaio baina morrontza izan liteke soilik egokitzapen profesionalaren beharrari erantzuten badio, kosta ahala kosta.
Eta euskara? Hara, nire ustetan ikasle askorentzat euskara izan liteke etengabeko ikaskuntzaren adibide. Ikasketa alditik kanpo, egokitzapen profesionalerako zabaldu behar izan duten ikasketa aro berri bat, alegia. Baina hizkuntza komunikazio tresna da, eta komunikazio tresna den neurrian pertsonaren ekinbidearen alderdi guztiak jaso behar ditu, lana eta aisialdia barne. Eta hortxe egiten dugu zenbaitetan kale. Dakargun aurreko paragrafoko pasarte bat eta begira diezaiogun berriro ere, oraingoan euskara buruan dugula ‘Etengabeko ikaskuntza aukera izango da, baldin eta pertsonaren hazkuntza intelektualari egokitzen bazaio baina morrontza izan liteke soilik egokitzapen profesionalaren beharrari erantzuten badio, kosta ahala kosta’. Jakin dakit ñabardura eta zirrikitu ugari dituela esaldiak baina adierazi nahi dudana zera da: ezin dugula euskara egokitzapen profesionalerako item huts bilakatu.
Azkenaldi honetan, bidea bata edo bestea izan, kezka berera heltzen naiz. Izan ere, egora soziolinguistikoak horretara ekarrita, oso desorekatua dugu euskara. Mundu akademikora eta lan mundura lerratuegi. Euskara noranahikoa dela erakuste nahi horri ere eusten ikasi behar dugu, noizbait. Ondorioz, hizkuntza euskararen profesionalen mundura eta araura (dela hizkuntzari berari dagokiona, dela akreditazio beharrari) lerratuegi ikusten dut. Aurrera egin dugu lan munduan eta mundu akademikoan (arrazoiak arrazoi, zenbaitetan kosta ahala kosta, ikaslearen aisialdia inbadituz). Bide errazenetik jo dugu (halabeharrez, agian). Sistema, administrazioa, erabili dugu euskara hedatzeko. Ezinbestekoa izan dugu, akaso, hizkuntzaren biziraupenerako, ezinbestekoa dugun moduan hiztun komunitatean oinarritutako hizkuntza larrekoa, kolokiala, aisialdikoa, motibazio pertsonalari eta ez kanpotikoari erantzuten diona.
Argazkia: Studying in a train. Egilea: tanakawho (Flickr). Lizentzia.
Benito(e)k bidalita 2009, urtarrila 7 - 02:32(e)an.
Robin Good ezizenaren atzetik Luigi Canali de Rossi dugu, sarean azkenotan teknologia, ikaskuntza, hezkuntza eta abarren ingurumarian nabarmendu diren figuretako bat. Webgune aktibo eta mamitsua du, eduki interesgarriz beterik, ingelesez, italieraz eta portugesez idatzita.
Haren artikuluen artean lehengo abenduaren 26an publikatu zuen The 10 Key Components Of An Ideal Learning Environment And The Timba Music School Model (Ikasteko ingurune idealaren 10 osagai nagusiak eta Timba musika eskolaren eredua) irakurri dut.
Erromako musika eskola baten funtzionamendua eta ikuspegia abiapuntu eta aitzakia hartuta, ikasteari buruz ondorio mamitsuak atera eta ikastea ahalbidetzen duen testuinguruaren 10 osagaien zerrenda egin digu.
Hau da zerrenda laburtuta (ez daukat astirik-gogorik-animorik itzultzen hasteko, baina baten bat animatzen bada...):
- Irekitasuna. Ez dago ordutegi eta leku banaketa zurrunik. Eskola irekita dago beti ikasleentzat, eta han dituzte baliabideak eta pertsonak.
- Ikasteko baliabideak, objektuak eta tresnak.
- Kide apasionatuak, gogotsuak, zaletuak.
- Eskarmentuko pertsonak, arituak,esperientziadunak, ibilitakoak, adituak nahi bada.
- Ereduak. Pertsona trebeak, konpetenteak, jarraitzeko modukoak.
- Profesionalak. Ikasi nahi den esperientzia horretatik bizi den jendea.
- Probatu, esperimentatu eta erroreak egiteko aukera.
- Erakusleihoa, eszenatokia, jendeaurrean (benetan) jarduteko aukera.
- Elkarrengandik eta elkarrekin ikastea, momentuan, proba eta azterketak ikusmiran izan gabe.
- Ikasketaria gidariaren eserlekuan. Zer-non-noiz-nola-norekin ikasi aukeratu.
Musikatik euskarara pasatzeko ez genuke egokitzapen handirik egin beharko, ezta? Nago hauek guztiak hemen inoiz nola edo hala aipatuta ditugula gainera.
Argazkia: Ikusten eta ikasten. Egilea: Thorbion (Flickr). Lizentzia.
Benito(e)k bidalita 2009, urtarrila 2 - 03:39(e)an.
Hiru "L"rekin hasi da urte berria: LifeLong Learning, bizitza osan zeharreko ikaskuntza edo etengabeko ikaskuntza. Atoan-era ekarri nuen lehengoan Enric Serraren artikulu baten harira, Europan abian jarri den SteLLLa egitasmoaren aipamenarekin hain zuzen ere.

Etengabeko ikaskuntza ez da termino ezezaguna, lan munduan eta hezkuntzan hedatzen joan da azkenotan apurka-apurka. Eusko Jaurlaritzak adibidez Etengabeko ikaskuntzari buruzko liburu zuria argitaratu zuen duela urte batzuk (eskerrik asko Ainhoa). Eta enpresa munduko marketiñenoan balio erantsiko berba egin dela dirudi.
Bestalde, ikaskuntzaren inguruan zabaltzen hasi diren gogoeta eta psikolasto berrietan ere agertzen zaigu: ikaskuntza informala, norberak gidatutako ikaskuntza, ikaskuntza soziala eta bizitza guztirako ikaskuntza moduko ideien usaina hartzen da sarri.
Termino "modernoa" dirudi bateko, baina arlo zehatz batzuei lotuta besteko: lan mundua, hezkuntza, teknologia.... Eta zer dio bada? Funtsean gauza sinplea dela esango nuke: ikastea bizitza guztirako jarduna da, etengabea. "Ezagutzaren eta informazioaren gizartean" ezin ei da bestela izan, aldaketak azkarrak dira eta etengabe ikasi eta egokitu beharra dago. Hartara, ikasteko eta egokitzeko konpetentziaz egiten da berba, zerbait jakitea baino baliozkoagoa da jakintza berrira egokitzen jakitea, etengabe.
Eta gurera ekarrita, euskararen ikaskuntza, zer? Zirriborro mailako ideia-gogoeta batzuk:
- Gurean terminoa prestakuntza profesionalarekin lotuta dagoela ematen du. Hala ere, mugimendua handik haragokoa ere bada. Hiru.com adibidez. Baina helduen euskalduntzean orain arte ez da apenas entzun.
- Euskara ikastea mugarri batzuen barruko prozesua da? Ikas-prozesua hasi eta amaitu egiten den zerbait da?
- Europako Markoaren inguruan hizkuntzaren ikaskuntza norberak gidatzeko tresnak eta bideak ere ematen dira: portfolioa, biografia, pasaportea... Ez ote dugu mugatu handik datorren ikuspegia mailaketara? Zertifikazioa eta ikastaro formalen antolaketara hain zuzen ere.
- Normalizazio prozesuan dagoen hizkuntza baten kasuan LLL kontzeptu honi ez genioke buelta pare bat eman behar? Azken batean euskara "jakin" eta erabili behar dugun guztiok ez gabiltza hizkuntzaren etengabeko egokitze prozesuan? Geure hizkuntza pertsonalaren egokitze prozesuan eta ingurukoen hizkuntzan eragiten? Ez da azken batean bizitza osorako jarduera?
- Ez genituzke begiratu behar ikas-prozesuaren edo ikaskuntzaren antolaketa era zabalago batean? Hau da, euskara ikastea ahalbidetzea ikastaroak eta zentroak antolatzea eta jarduera egituratu hori elikatu eta ebaluatzetik harago ez doa? "Pertsona guztien ikaskuntza sustatzen duten lurraldeak ikaskuntzaren lurralde bihurtzen dira" diote Liburu Zurian. Ikas-paisaia aipatu izan dugu hemen.
- Etengabe ari dira aipatzen azkenotan ikaskuntza era desberdinak: praktika-komunitateak, ikas-sareak eta elkarteak, ikasteko ingurune pertsonalak, ikas-paisaia... Autoikaskuntza izeneko kaxoi handi-marginal horrekin lotzeko joera egon dela begitandu zait askotan. "Ikasle tipologia batentzat baino ez dira egokiak" argudioarekin erraz garbitzen da eztabaida gainera. Iruditzen zait batzuetan helduek euskara ikasteko panorama osotasunean ez ikusteko aitzakia baino ez dela. Uste dut klabea ez dagoela ikas-estiloan, ikasteko aukeren aniztasuna baino, eta LLLaren ikuspegitik argi dago ikastea ezin dela mugatu jarduera egituratu-ofiziala eskaintzera.
- Ez dago gure sektorean paniko moduko bat desegituratzeari, deskontrolari, hormetatik harago joateari? Ez da gure ardura edo oso konplikatua da batekin zuritu nahi izaten duguna? Azken batean euskaldun guztiok (berri nahiz zahar) ez dugu burutu hizkuntzaren ikas-prozesua une, era eta leku anitzetan? Eta ez dugu burutzen jarraitzen?
- Ez genuke "ikasle" izendapena matrikula terminotik desbinkulatu beharko?
Ez dadila ulertu:
- Jarduera akademiko egituratua desagertu egin behar denik. Iraultza zaleak izaten gara halakoetan, fuera lehengoa eta berria nagusi orain! Ez. Jarduera akademikoarekin batera ikasten lagunduko duten bide guztien ikuspegia izan behar da.
- Euskara ikasten ez da inoiz amaitzen. Horrela da seguruenik, baina horrek ez du esan nahi bizitza guztia euskaltegian pasatu behar denik, ikastearen erak, bideak, intentsitatea eta dedikazioa aldatu egiten direla baino.
- Ikastaro eta titulu gehiago sortu behar dira. Ezta. Ikasteko era eta bide gehiago izan behar dira gogoan helduen euskalduntzeaz jardutean. Ikastaro berriak sortzea eskatzen du horrek? Baliteke, baina ez derrigor.
- Horrela ez dugu inoiz EH euskaldunduko. Alderantziz, hizkuntzaren etengabeko ikaste hori hizkuntzaren erabilera pertsonal eta sozialarekin egon beharko luke lotuta, eta hori guztia normalizazio prozesuaren baitan dago. Euskara ikastea ezin da bihurtu bizitza guztirako hobby hutsala edo tituluaren bilaketa bukaezina, hori da kaltea. Etengabe ikastearen beharrak azken batean hizkuntzaren bizitasunaren zantzua izan behar luke.
Hiru "L" horien inguruan derrepentean batu diren ideiak baino ez dira izan. Inork ez dezala pentsa hau manifestu berria izan denik, pentsatzeko puntu batzuk baino ez. Gaizki esanak barkatu eta merezi dudan egurra hartu eta bizitza guztiko penitentzia egingo dut hala behar bada.
Irudia:I am still learning. Egilea: mimax. Flickr-etik hartuta, lizentzia.
