ikastea
Benito(e)k bidalita 2010, apirila 28 - 09:30(e)an.
Es ke....
- zaila da
- hemen ez da inoiz egin
- lan egiteko zertarako behar da?
- jendeak ez du egiten
- ez daukat astirik
- ezin izan dut
- ezin dut
- aspertzen naiz
- honek ez daki
- horrek ez daki
- guk ez dakigu
- zuek badakizue?
- badaki inork?
- ez dizut ulertzen
- nekatzen naiz
- ulertzen didazu?
- han egiten da(?)
- ezin da
- ezin dut
- ulertzen da?
- ez dut ulertzen
- zer da?
- total...
- ez nuen hori esan nahi
Es ke... hori esan duzu.
Benito(e)k bidalita 2010, martxoa 7 - 18:15(e)an.
Nodos Ele blogean Roger Shanck-en hitz batzuk jaso dituzte:
La fórmula del profesor que da la clase magistral y los alumnos hacen exámenes no funciona. Deberíamos aprender como cuando éramos pequeños: nuestros padres no nos sentaron en una mesa y nos dijeron que nos iban a enseñar a hablar, que eso era la gramática y lo otro, el vocabulario. No. El niño habla y, cuando se equivoca, sus padres le van corrigiendo. Aprendemos conversando con los niños, usando el lenguaje.
Hitz politak, jarraian azpimarratzen eta zabaltzen ditugun horietakoak. Ondo ematen dute begi-belarrietan, eta, neurri handi batean halakoak predikatu behar izaten ditugu. Baina arazoa hori guztia praktikara eramatean agertzen da. Hori txalotzen duen irakasleak segidan egiten du galdera: eta neure ikasleekin zer egin behar dut orduan?
Ikuspegi komunikatibo-signfikatiboari mila buelta eman ahal zaizkio, baina funtsean hizkuntzarekin pertsonek zerbait egitean badatza kontua, ikas-ingurua pertsonek gauzak egiteko ingurune modura planteatu behar da, eta askotan dikotomia moduko bat egiten dugu: klasea eta kalea, klasean teoria eta kalean praktika, klasean hizkuntza eta kalean erabilera, klasean simulatu eta kanpoan egin...
Eta ikasgela ez da akaso pertsonak zerbait egiteko biltzen diren lekua? Kalea bezala azken batean. Kale gorria, taberna, etxeko egongela edo futbol zelaia nahi baduzue. Hau da ikasgela ere ez da espazio soziala? Eta espazio sozial horretan hizkuntzak ez dauka funtzionalitaterik hizkuntzaz hitz egitea ez bada? Eta espazio horretan geu (irakasleok ere) ez gara pertsonak?
Gurea bezalako egoera batean hizkuntza ezin dugu euskaltegiko hormetako santutegi batera mugatu, egia da, baina era berean, horma horiek ezin dira mugatu hizkuntzaren adorazioa eta dotrina egitera.
Kermanek ez luke euskaltegitik irten behar praktikaren bila, praktika eta hizkuntzaren gaineko gogoeta (izpirituala nahi baduzue) egiteko pertsona, gune eta une gehiago eta desberdinen bila baino.
Horixe bada, nahi badugu ikasgela kalean dugu (kale gorrian ez dugun bitartean, jakina). Zer egingo dugu kale horretan bada?
Benito(e)k bidalita 2010, urtarrila 3 - 20:47(e)an.
Lehengo asteko Argian Petra Elserri egin zion elkarrizketa Uxue Alberdik. Petra alemaniarra jaiotzez, aspaldian Euskal Herriratu eta euskaldundu zaigu. Haren bizitza interesgarriaren pasarteen artean euskarekin izan zuen erlazioaz hitz hauek:
...nik euskararekin ez dut hemengo jende askok daukan harreman traumatikoa. Alderantziz, hitz bakoitzak, esaldi bakoitzak mundu bat eman zidan, eta eman zidan gaitasuna gauza gehiago esateko, jendearekin gauza gehiagori buruz hitz egiteko, testuak ulertzeko... Hasieran ez nuen ezer ere ulertzen, gero bat batean hasi nintzen entenditzen... eta erabat ezezaguna zitzaidan zerbait hasi zen irekitzen, lehen niretzat existitzen ez zen mundu bat.
Mundu berri bat zabaltzen da hizkuntza bat ikastearekin, ez da ideia berria, argudio ezaguna eta erabilia azkenotan, baita ikasten animatzeko edo matrikulatzeko kanpainetan ere. Euskarak lana topatzeko titulua baino zerbait gehiago eman dezake.
Duela hilabete batzuk Euskonews & Median Iñaki Martínez de Luna soziolinguistari egin zioten beste elkarrizketa bat. Honako gogoeta utzi zigun han:
...ideologia eta atxikimendu identitarioen gainetik euskarak beste hizkuntzekin lehiatu beharra dauka hizkuntzen merkatuan, euskaldun eleanizdunak erakartzeko. Erantzun beharreko galdera hauxe da: Zer eskaintzen die euskarak euskaldunei, beste hizkuntzetan aurkitzea ezinezkoa zaiena?
(Ba al duzu erantzunik?)
Bertsolaritza eta nortasun-marka bat, adibidez. Eta ez dira gutxi! Baina bere buruan horietan ikusten ez duen euskaldunak (eta euskaldun askok erdaraz lasai egiten dute gehienetan, euskal sentimendua izanik ere) bestelako eskaintza bat beharko du euskararantz erakarria izateko. Ahaleginak eginda ere, ez dut hiritar xumeari erakargarri gerta litzaiokeen beste ezer aurkitzen, kontsumora emanda dagoen gure gizarte honetako parametroetan, behintzat.
Mundu berria agintzen dugu batetik, baina honantz arrimatzea nahi dugun horri Petrak bezain argi jakingo genioke mundu honetan -edo munduaren alde honetan- zer aurkitu duen azaltzen-saltzen?
Petrak aurkitu duenak edonorentzat balio dezake? Azaltzeko modukoa da? Ala Iñaki bezala, erantzuna topatu ezinik geratuko gara? Baieztapen sendo bezain anbiguo batean nonbait.
Akaso galdera horren subjektuan norbera jartzea izan daiteke abiapuntu. Zer eman dit niri?
Benito(e)k bidalita 2009, abendua 30 - 00:58(e)an.
Hizkuntza ikasiko bada, prozesu hori etengabe elikatzen duen paisaia, ingurunea behar da, ikas-paisaia edo. Inoiz ibili naiz ideia horri eragiten hemen.
Paisaia hitza euskara kontuetan aipatu, eta lehenengo lotura "hizkuntz-paisaia" kontzeptuarekin egingo dugu. Lehenengo lotura eta bakarra akaso. Ikutu soziolinguistiko apur batekin beti ere.
Harago goaz ikas-paisaiaren ideiarekin hala ere. Agertzen den hizkuntza, ikusten den hizkuntza, inguruan dabilen hizkuntza, inguratzen gaituena, lanbroak bezala blaitzen gaituena. Hark errazago ipintzen ditu martxan ikasteko mekanismoak: emozioak, hausnarketak, galderak, erantzunak, jarduna, esanahiak... Konturatu gabe ipini ere, konturatzen ez bagara ere.
Zerbait esaten badigu, zerbait esan behar badigu, zerbait esatea behar badugu, zerbait esan beharra badakarkigu eta zer esan hori nabarmentzen bazaigu ingurutik besarkatuko gaitu - konturatu gabe ere- norberarengan norberaren egin arte.
Baina paisaia ez da irudi homogeneoa, mosaiko baten antzera elementu askok osatzen duten irudia da, osagai nabarmenak eta osagai txikiak, ia ezkutuak sarri.
Argazkilaria era askotan jaso ahal du paisaia: panoramika zabalenean edo bazterreko detaile xehea, horren arabera egokituko ditu begia eta objektiboa. Konposizioan bata edo bestea nabarmenduko ditu horrela. Angularra edo teleobjektiboa, enkoadraketa zabala edo itxia, fokoa zehaztuko du horren arabera.
Kamararekin irten nuen lehengoan. Etxe inguruan osteratxoa, paisaien bila. Teleobjektiboa jarrita, distantzia luzeenean, detaileen bila. Eta hantxe aurkitu nuen hizkuntza, fokoaren azkenengo muturrean, enkoadraketa itxi-itxian, nabarmentzen zaila. Begia luze-luze eginda han nonbait.
Zaila da horrela ezer esatea, ezer esan behar izatea, ezer esateko ematea edo inor inguratzea. Begi-belarria luze eta zehatz ipini behar izanda.
Teleobjektibo astun eta konplexu batekin bilatu beharreko motiboa; pazientzia, teknika eta tresneria on eta garestiarekin harrapatu beharrekoa. Zaila kamera merke-dibertigarri batekin gozatzea.
Eta ez nabil argazkilaritzaz berbetan.
Benito(e)k bidalita 2009, azaroa 11 - 01:00(e)an.
Azken egunotan mezu bi aurkitu ditut blogosferan hizkuntzaren ikaskuntzaz oinarri-oinarrizko galderak eta hausnarketak plazaratu dituztenak. Hizkuntza ikastearen eta jakitearen kontzeptuak eurak bueltaka.
Lehenengoan Enric Serrak hizkuntza jakitearen kontzeptuari bueltaka jardun zuen. "Tranpa" zeri esaten diogun abiatuta:
...sovint considerem que una persona que fa servir un corrector ortogràfic que li millora els textos no en sap i en realitat fa trampa; sovint pensem que les consultes a obres lexicogràfiques o d'altra mena en línia tapen les vergonyes de la ignorància lèxica dels alumnes, que fan trampa.
(Uste izaten dugu pertsona batek bere testuak hobetzeko zuzentzaile ortografikoa erabiltzen badu ez dakiela eta tranpatan ari dela; uste izaten dugu sarean ditugun hiztegiak eta obra lexikografikoak kontsultatzen direnean ikasleek ezezagutza lexikoaren lotsa izkutatzen dutela eta tranpa egiten dutela.)
Azterketa batean seguraski halakoak tranpatzat joko genituzke geuk ere. Norbearen ezagutza frogatu behar den horretan ez baita norberaren ezaguza frogatzen, bere horretan ulertuta.
Baina ondoren Serrak beste ikuspuntu bat ematen du: "Zer geratuko litzateke ondo ez dakien hizkuntzan behar duen eguneroko testu bat sarean aurkitu dituen ereduetan oinarrituta sortzen badu, eta hura erabiltzen badu?". Kasu bat eman du: italiera jakin barik, hitz klabeak bilatuta behar denaren moduko testua aurkitu, moldatu eta hegazkin-konpainiari erreklamazio gutuna idazten badiogu?".(Eta gehituko nuke nik: "Eta katalana arauaren arabera jakin barik Enricen bloga irakurtzeko itzultzaile automatikora jotzen badugu?").
Gaur egungo komunikabideek (ez hedabideek soilik) azalera ekartzen ari dira hizkuntza jakitearen kontzeptu "klasiko" horren herrenak nonbait. Beharbada, Serrak dioen modura, honetara hurreratu beharko dugu gero eta gehiago: " Sap llengua, en cert sentit: sap satisfer les seves necessitats lingüístiques" (Hizkuntza daki, nolabait behar izan lingusitikoak asetzen daki").
Zaila egingo zaigu gurean halakoei neurria hartzea. Hizkuntzari eman ohi diogun balio sinbolikoaz gainera, elebitasun-diglosiko batean hizkuntz-beharrak asetzeko estrategia instrumental ohikoa beste hizkuntza batera igarotzea denean, baina era berean, horrek akaso esan nahi digu euskarari balio komunikatibo eta instrumentala eman behar zaiola, "tranpa" horiek tranpa izatetik zerbait lortzeko estrategia bihurtu daitezen denon pertzepzioan, ez hizkuntza ez jakitearen seinale lotsagarriak. Eta balio komunikatibo hori euskara-klasean ere eman dakiokeela uste dut. Ikasleak hiztegia begiratzen duenean begiratu dezala han interesatzen zaion edo behar duen zerbait adierazi edo ulertzeko, ez irakasleari "tranpa" egiteko.
Bigarrena hizkuntza ikasteaz ari da. Curriculum-oinarri batzuk dira. Brasileko Rio Grande do Sul eskualdeko hezkuntza idazkaritzak egindako dokumentu batekoak eta Gonzalo Abiok gaztelaniara ekarrita.
Askorentzat ezagunak izango dira horrelakoak, eta erantzun (politikoki) "zuzena" asmatzea ez zaie kostatuko. Beste batzuentzat "filosofia" eta "didaktika txapak" izango dira. Beharbada lehenengoek askotan horrelako predikamentuak zabalduko dituzte sarri, froga grafikoak edo praktikoak gutxi edo lauso azalduta, bigarrenekoen eszeptizismoa sustatuz, eta iritzia eta prakitka aldatzeko motiborik eman barik. Beharbada, baina badaezpada hona ekarriko ditut hizkuntza ikastearen ideiaz han plazaratu diren galdera batzuk. Egundo ez du kalterik egiten pentsatzen paratzeak:
- Hizkuntza ikastea ezer ez jakitetik dena jakitera pasatzea da, ala hizkuntza ikastea zerbait egin edo zerbaitetan jarduteko trebezia eskuratzea da?
- Hizkuntza ikastea hura nolakoa den eta nola funtzionatzen duen ulertzea da (hotsak, hiztegia, gramatika arauak) gero hori guztia praktikan jartzeko, ala hizkuntza ikastea hizkuntza hori hemen eta orain nahi dugun jendearekin jarduteeko erabiltzea da?
- Hizkuntza bat ulertzen (entzun/irakurri) eta egiten (hitz egin/idatzi) trebetasun batzuk hurrenkera batean eskuratzea da, ala hizkuntza hori ulertzen eta egiten ikastea trebetasun guztiak batera erabiltzeko lehenengo aukeratik hasita erabiltzea da?
- Bigarren hizkuntza baten ikaskuntza bakarrik gerta daiteke ikasle gutxiko taldeetan, ikasmaterial eta baliabideez ondo hornituta eta ordu kopuru serio baten barruan, ala pertsona-kopuru eta testuinguru ugaritan hizkuntza horretan murgiltzea eskatzen duten praktika sozialetan partaide izateko aukera bakoitzean gertatuko da?
- Hizkuntza ikasteak ez dauka zer ikusirik ez curriculumeko beste disziplinekin ez eguneroko bizitzarekin, ala hizkuntza ikasteak jakintza eta bizitzaren arlo ugaritan jardutea eskatzen du?
- Ikastea motibazioaren eta arretaren ondorengoa da, ala ikasteak akaso esan nahi du ikasgaiari arreta ematen zaiola ikasi ahala ikasgai horri balioa ematen eta balio horretaz jabetzen garelako?
Ez naiz hasiko erantzun zuzena zein den eztabaidan, beste galdera batekin geratu naiz eta: euskararen balio komunkatiboari nola eutsi eta hura nola erakutsi ikasi nahi duenari?
Benito(e)k bidalita 2009, maiatza 24 - 18:31(e)an.
Ikastaroa: iz. 1. Gai bati buruz jarraitasunez ematen diren eskolen edo irakaspenen multzoa. 2. Ik. ikasturte. • ikastaro trinko. Denbora-bitarte laburrean saio ugari eta luzeak eginez burutzen den ikastaroa. (Harluxet hiztegia)
Arazoa: zerbait ez dugu egiten egin nahiko genukeen legez edo (ustez) egin behar den bezala. Edo arazoak eta tentsioak ditugu zerbait (ustez) ez dugulako ondo egiten, edo ezinak jaten gaitu sarritan.
Beraz ikastaro bat behar dugu.
Ikastaro hitzak ikastearen, eta ondorioz, arazoak konpontzearen eta hobetzearen osagai ezinbestekoa egin dela dirudi askotan. Goiko definizioak dioen modura eskolak, irakaspenak, saioak... Ikastaro horrekin konkordantziak bilatzen hasiz gero, seguru nago aditz batekin bat eginda agertuko zaigula sarri: "eman". "Urliak emango digu ikastaroa", "Ikastaro bat eman behar digute", "Inork ez badigu ikastaro bat ematen...".
Ikastaroa, norbaitek ematen duen zerbait, eta beste norbaitek hartzen du beraz. Irakatsi hitza adiera horretan hartu ohi dela esango nuke, norbaitek eman, norbaitek hartu.
Eta horrela da? Geure jardunarekin gusturago egoteko nahi/behar ditugun trebeziak, informazioa, jarrerak, harremanak, erreferentziak edo ereduak denbora-tarte horretan norbaitek emango dizkigutela uste dugu benetan? Hor hasi eta amaitzen da kontua? Horrela ikasten da? Ezetz esango dugu gehienok seguruenera. Baina egin?
Euskara ikasteko praktikatu eta erabili egin behar dela predikatu ohi dugu, ikasten dena ezin ei du irakasleak kontrolatu, norberak beharren, motibazioaren eta inguruan dituen aukeren bidez ikasiko ei du era batean edo bestean.
Eta guk geuk? Geure edo inoren predikuak praktikatzen ditugu? Behar dugunera bideratzen dugu jasotzen dugun hori? "Ikastaroarekin" batera lortu nahi dugunari begira denbora-tarte eta ibilbide bat dugu nonbait?
Akaso prestakuntzan nabaritzen ditugun hutsuneak bideratzeko ikastaro hitzaren etimologiara jo beharko genuke: ikas-aro, ikasteko aroak planteatu beharko dira aurrerapausoak emateari begira, hobetze aldera. Noiz-nork-nor-zer-nola guztiak hurrrenkeran josita.
Eta posiblea da oso ikasteko aroak mugarik ez izatea.
Edo bestela, ez dakit zelako ikastaro baten beharrean nago ni ere.
Argazkia: Old man (with many hands) teaching Finnish sign language. Egilea: gak. Lizentzia
Benito(e)k bidalita 2009, apirila 30 - 01:41(e)an.
Erdaldunen euskararekiko aurreiritziak eta jarrerak ikerketa aurkeztu zen atzo. EJren Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak enkargatu zuen duela hiru urte, eta UNESCO Etxeak eta UNESCO katedrako Amarauna taldeko ikerlariek burutu dute.
Ikerketa interesgarria dirudi, EAEko erdaldunek (elebakarrak suposatzen dut)euskarari buruz zer pentsatzen duten, zer (aurr)iritzi duten eta zer harreman izan duten aztertu dute. Helduen euskalduntzean bereziki interesgarria gainera, azken batean kolektibo hori euskaltegion "target" nagusietako bat izaten da.
Baikor egoteko motiboa izan dezakegu zabaldu diren lehenengo datuak ikusita: %55 euskaren mundutik hurbil sentitzen ei dira, laurden batek dio hurbiltzeko interesa dutela, gehienek euskara ezin dela galtzen utzi eta euren seme-alabek jakitea nahi luketela.
Ikasteari dagokionez datu deigarriak hala ere: %65 inguruk dio inoiz saiatu egin da euskara ikasten, eta erdiek baino gehiago jakin nahi luketela diote. Lagin baten gaineko datuak dira, baina portzentaiok EAEko erdaldun elebakarren kopuru osora (900.000 inguru) ekarriko bagenitu, esan genezake 600.000 bat lagun saiatu direla inoiz ikasten, eta une honetan 500.000 inguruk jakin nahi luketela euskara .
Deigarria, esperantzagarria edo kezkagarria, nondik begiratzen zaion.
Eta zergatik ez dute ikasi/ikasten? UNESCO Etxearen webguneko laburpenean azalpen hau dugu:
Hiru oztopo-mota aipatu dira: hizkuntza zaila dela eta heldutan ikastea ia ezinezkoa dela perzibitzea; euskara ikasteko modu bakarra euskaltegira joatea dela pentsatzea eta horretarako denborarik ez izatea; eta, euskalduntze-sistemaren helburu bakarra “bikain” ikastea eta azterketa bat gainditzea dela uste izatea. Sarri helburu apalagoetarako eskaintzarik ez dagoela pentsatzen da: tabernan eskatu ahal izateko, seme-alabei etxeko lanekin laguntzeko, ulertzeko beste jakiteko edo “pixka bat” hitz egiteko.
Hizkuntza zaila da euskara, areago helduaroan ikasteko, topikoa izan daiteke, baina pertzepzio hori zabal dabil duda barik. Hizkuntzaren beraren ustezko zailtasunari ikasten laguntzen ez duen ingurune soziala gehitu beharko zaio seguruenik.
Modu bakarra euskaltegia dela. Hala baldin bada bistan dago nondik jo beharko genukeen: Mahomari etortzeko bidea eman, edo Mahomarenganaino mendia eraman bestela.
Eta bikaintasuna eta tituluak lortzera baino ez dela bideratzen eskaintza... zalantza pare bat datozkit.
- Batetik, tituluek jendea euskara ikastera ez zuten motibatu behar? Kontrakoa lortu dutela esan daiteke? Ala fase berri batean sartu behar dugula akaso?
- Bestalde, bitxia kezka hori nondik datorren, orain arte "titulitisaren" kalteak eta euskararen irakaskuntza erabilera errealarekin lotu beharra euskaltzale "erradikalen" leloak izan ei dira. Kontrako muturretik arazo berdina ikusten da orduan? Era berean "pixka bat es mucho" horren atzetik dagoenaren baieztapena ere izan liteke.
Informazio hau guztia orain arte zabaldu diren albisteetatik hartu dut, une honetan ez dakit ikerketa osorik non aurkitu daitekeen.
Loturak:
Benito(e)k bidalita 2009, martxoa 13 - 22:48(e)an.
Korrika 16ren Ongi etorri horren harira euskara ikasle batzuek egin duten bidaia horren berri izan dugu asteotan, Bidaia intimoak dokumentalean adibidez. Asteon Argia aldizkariak ere ekarri dizkigu bidaia batzuen testigantzak. Euskara ikasi duten hiru pertsonarena hain zuzen ere: Hiru bidaia euskarara.
Hiru bidaiari horiek esandako batzuei bueltatxo pare bat eman dizkiet.
Enrike Díaz de Durana gasteiztarra, oftalmologoa lanbidez. Inguru euskaldun batean lanean zebilela, hizkuntzaren bizitasunak eta oposaketak prestatu beharrak ipini zuten bidean. Egunero Zumarragatik Bilboko euskaltegira arrapaladan. Han:
Alde batetik, ondo euskaltegian, baina gelan denbora asko galtzen genuela iruditzen zitzaidan. Etxean ikasten ohituta nago, eta ez eskolan hainbeste ariketa egiten.
Jakin mina geratu zait askotan barruan eta ikasleei behin baino gehiagotan galdetzeko egon naiz. Azkenean ausartu ez, edo erantzun politikoki zuzenegia (ez arduratzeko edo alferrikako tentsiorik ez sortzeko gezurra alegia) emango zidatelakoan hortxe geratu da zalantza. Modulazio luzeak, ordu asko, egunero eta... denbora galtzen ari direla sentitzen dute hauek? Ordu kopurua justifikatzearren ari garela zer eginak ematen pentsatu dute inoiz?
Egiten duten ahalgina ez da makala izaten egia esanda: 1000 ordu inguru egin ditzake ohiko ikasleak bi, hiru edo lau urtetan zehar, egunero. Nekagarria izan behar da "Uste dut zaila dela lan egin eta euskara ikastea, oso zaila". Bidaia hori antolatzeko beste modurik ez dago? Bide beretik luzera berdineko etapak bata bestearen atzetik errepide berdinetik... hori baino ez? Ez saihesbiderik, ez laburbiderik? Beti autobus berdina?
Eta bidaiaren akabuan:
Dakidana erabiltzen saiatzen naiz, baina kosta egiten zait, asko: lotsa ematen dit, okerra besterik ez dut egiten hitz egiterakoan, jabetzen naiz horretaz eta ez dut batere ondo eramaten. Denbora behar izaten dut esaldiak osatzen, pazientzia handia behar du nirekin euskaraz hitz egin nahi duenak: nekagarria naiz!
Bidaia nekagarriaren ostean norbera egin da nekagarri akaso? Lotsa, okerra... Autobide perfektua, ondo seinalizatua, erradarrez betea baino ez ote dugu erakusten? Ez gara inoiz galtzen basoko bidezidorretan? Errebueltaz beteriko errepide komarkalaren xarmak ikaratu egiten gaitu? Potentzia gutxiko autoarekin -edo bizikletan ere bai- kaleartean lasai eta patxadan ere ibil daiteke, ezta?
Mixele Aguerre Bidaia intimoak dokumentalaren protagonistetako bat da, eta Argiakoek ere egin dute berba berarekin.
Kolegioan nintzelarik talde bikain horretan, trukea egin genuen Leitzako ikasle batzuekin. Hara iritsi ginenean, ikustea mundu hori, guk hemen ezagutzen ez genuena, hau da, karrikan jendeak, gazteak, zaharrak, denbora guztian euskaraz... ni harriturik nintzen! Hartan ez nuen halakorik ezagutzen, eta anitz markatu ninduen, biziki oroitzen naiz. Pentsatu genuen guk ere berdin egin beharko genukeela, eta horrela ere euskaraz egitera animatu ginen
Enrikek ere Zumarragako ospitalean euskara bizirik ikusita sentitu zuen akuilua. Motibazioaz berba egiten denean faktore bati daukan garrantzia ematen ez zaiolakoan nago. Bizindar etnolinguistikoa-edo deitzen den hori. Inora joateko bidean jartzeko azken etapa hartako postal politak erakutsi behar dira seguruenik, ez hango pasaportearen zigiluak soilik. Baina hara helduta bidaiariak postalean ikusi duena ez dadila izan dekoratu hutsa edo miseria tapatzen duen monumentu turistiko hutsala.
Azken elkarrizketatua Jose Pérez Maroto leioztarra da, 30 urterekin ikasten hasi eta hor dabil
"Lehenengo eta behin, gustatu egiten zaidalako euskara".
"Eta zergatik ikasi nahi duzu euskara?" galdetu ohi dugu lehenengo egunetan, eta ez dakit erantzun estandar ote den, edo ondo deskribitzen ez dakigun zerbaitetarako formula, baina esango nuke gehien entzun ditudan erantzunetako bat dela, bere sinpletasunean: "gustatzen zait". Zer dago horren atzetik?
Gauza asko seguruenik, ez denak berdinak, baina bai sentimendu positiboa behintzat. Herri hau bidaiari askorentzat erakargarria da oraindik ere. Egia da askorentzat bidaia barik odisea luzea bihurtzen dela erraz asko, erbesteratzea iritziko dio baten batek igoal, urrunegia, luzeegia, bisa eta tramite askokoa... baina bada era berean Ulisesek bezala Itakako etxea gogoan duenik ere. Eta bai, egia da, Shangri-la baten bila dabiltzan asko ere bai.
Gaurko osteratxo hau amaitzeko, neuretzat misterio apur bat daukan pertsonaia bat, bidean zehar askotan agertzen ei dena:
Oraindik kostatzen zaizu euskaraz jardutea, baina ikasi duzun hori erabiltzen duzu?
Lagunekin bai...
Lagun horien berri izan dut sarritan: "Lagunekin praktikatzen dut", "Beno, lagunekin hitz egiten dut noizean behin", "Euskaraz lagunekin bai, gero lanean ez...". Beti jakin nahi izan dut nor den lagun misteriotsu hori, euskara ikaslearekin euskaraz egiten duena. Ez dakit zergatik baina pertsonaia hori leienda urbanoa dela pentsatzeko joera izaten dut.
Eszeptikoegia naiz? Egia da badirela ikasleen lagunartean, harreman-sare hurbilean, euskara ikasten dabilela jakin eta hizkuntza-ohiturak apurtzera ausartzen diren lagun euskaldunak? Neure esperientziagatik badakit-eta harreman hurbilean hizkuntza berri bati tartea egitea ez dela erraza izaten, are inguruak laguntzen ez badu, baina gauzak bestela badira pozteko motiboa izango litzateke.
Tira, gaitz asko sendatzen omen ditu bidaiak. Bistan da lagun hauei bideak ez diela batere kalterik ekarri.
Argazkia: Bus. Egilea: Elsie esq. Flickr-en. Lizentzia.
