normalizazioa
Benito(e)k bidalita 2008, abendua 6 - 18:49(e)an.
Lehengo ostiralean HABEren jardunaldi akademikoko dance-aren ondoren, arratsaldean euskaltegi sare batzuetako martxosook chill out apur bat izan genuen Bilboko Euskararen Etxean. Badakizue, session batekin nahikoa ez, eta after hours baten bila hasten direnetakoak gara.
Hantxe beraz AEK, IKA eta Batuzeko 20 bat lagun DJen zain. Laster agertu ziren: Patxi Baztarrika EAEko Hizkuntza Politikarako sailburuordea, eta Erramun osa HPSko koordinazio zuzendaria. Sessioneko programa:
Baztarrikak hasi zen inkestarenak jorratzen. Datuen azalpena nahikoa grafiko eta amenoa egin zigun (beste session batetik gentozela estimatzekoa dena). Funtsean hainbat lekutan azaldu dituztenak eta, adibidez, hemen dituzuenak.
Gauza batzuk apuntatu nituen.
- 2006ko datuak dira, urte horretan hogei urte lehenago baino 300.000 elebidun gehiago daude. Haietatik 100.000 inguru helduen euskalduntzeren fruitua direla estimatzen da.
- Elebidunaren tipologia aldatuz joan da. Herri txikietatik ingurune urbanoetara, adinaren batez bestekoa beherantz. Oraingo elebidunaren tipologia hau dela esan daiteke: Ingurune urbanoan bizi den gaztetxoa ama-hizkuntza erdara duena.
- Erdaldun elebakarren kopurua beherantz egin du etengabe.
- Euskara jende gehiagok daki, erabili ere gehiago egiten da horren ondorioz, baina oraingo elebidunak ez du euskara lehengo elebidunak baino gehiago erabiltzen.
- Ideia pare bat azpimarratu zituen Baztarrikak, dagoeneko ezagunak: familia-bidezko transmisioa da euskarari geroa emateko giltza nagusietako bat, eta elebidun pasibo gehiago behar dira.
- Euskarari "modernitate" ikutua eman behar zaio, eta elebakarrak euskal mundura erakarri egin behar dira, ezin ditugu erdal mundura kondenatu.
- Euskara eskola eta euskaltegien bidez ari da transmitizen gero eta gehiago, horrek elebidun berriengan gabezia funtzionalak ekar ditzake: erregistro kolokiala, hizkuntzaren osagai afektiboa, familia-hizkera...
Ondorio eta gogoeta moduko batzuk:
- Estimagarria da erakunde publikoetatik euskalgintzan gabiltzanoi gauzak zuzenean eta jarduteko aukerarekin ematea. Aurkezpena landuta zeukaten biek eta nahikoa zuzen eta natural jardun ahal izan genuen. Entzuten denarekin edo hitz egiten duenarekin konforme egon daiteke edo ez, baina horrelako aukerak ez dira ohikoenak izaten, eta, berriro diot, estimatzekoa da.
- Elebi hitz-erroa han eta hemen:. elebiduna, elebitasuna, elebiduntzea, gizarte elebiduna, elebakarrak, elebidun pasiboak... Euskalgintzan berriz "euskalduna" izan da orain arte hitz-ardatza: euskalduntzea, euskalduna, euskaldun berria, erdalduna, Euskal Herri euskalduna... Hitzak hitz eta ideiak ideia, uste dut halako talka ekarri duela izendatze horrek. Bere logika eduki dezake: EAEn ofizialak diren hizkuntza biak jakin beharko genuke denok, inork ez luke "beste" hizkunza zertan ez jakin; eta horrela, eztabaida eta hausnarketarako gai izan daiteke, baina elebitasuna-diglosia bereizketatik hasita, elebitasun kontzeptua nahikoa estigmatizatuta eduki duten euskalgintzaren sektore aktiboenetako askori terminologia-jasa horrek ez dizkie belarriak asko goxatzen. Eta uste dut ez duela asko laguntzen euskalgintzaren gutxieneko sustengua eta adostasuna bilatzen.
HEAri begira
- Elebidun/euskaldunaren tipologia berriak gabezia funtzionalak eduki ditzake hizkuntz-erregistro informal edo "beroenetan". Hizkuntzarekiko identifikazioan eta transmisioan eragina du horrek, eta, ondorioz erabileran ere bai. Hemendik aurrera bizimoduko gauza hurbilenak euskaraz egiteko arazoak dituzten heldu euskaldunak gero eta gehiago izango dira horren arabera. Helduak euskalduntzea bada gurea, bistan dago hortik erronka bat etor daitekeela guretzat.
- Elebidun pasiboak behar ditugula dioskue behin eta berriz. "Pixka bat es mucho", 1 maila eta azpimailak garatu eta hornitu behar direla, elebakarrak euskarara erakarri behar direla, euskaraz jarduteko oinarri-oinarrizko gaitasuna behintzat lortu behar dela... Tira, ez dut ezetzik esango, baina:
- Orain arte euskarara hurbildu ez diren elebakar askorekin -benetan "hurbilduko" badira- lan egin beharko da, eta ezagunak ditugu aspaldian kolektibo horretan aurkitzen diren jarrerak, jokaerak, aurriritziak eta lan egiteko zailtasunak. Materialak eta (azpi)mailak egokitzeaz gainera, nago ez ote ditugun beste gauza batzuk ere egokitu beharko. Euskal mundura "erakartzeko" ahalegina egiteko prest egongo gara gehienok, baina ez da samurra izango.
- Oinarrizko komunikazio-trebakuntza batekin konformatu beharko dugu askoren kasuan. Ondo, beti ez gara ibiliko "dena ala ezer ez" horretan. Baina oinarrizko behar izan komunikatibo horiek ondo identifikatu eta horra begira jarri beharko ditugu jarduna, metodologia eta tresnak. Dudan nago hala ere oraingo egiaztapen eta diru-laguntzen sistemek horretan lagundu edo lana kakaztu noraino egingo diguten.
- Nik neuk beti pentsatu dut inor "euskal mundua" deritzan honetara ekartzeko biderik eraginkorrena hark "mundu" osasuntsua, bizia, komunikatua, ikusgarria eta irekia ondo-ondo ikustea dela. Eta ez naiz ausartzen esatera adjektibo horiek euskaldunen komunitatearen oraingo deskribapena egiteko onenak direnik.
Edonola ere, solasaldi interesgarria izan genuen Baztarrikarekin. Lehen esan dudan modura estimatzekoak dira horrelakoak, betiko hasiera ekitaldietako zeremonia-diskurtsoetatik aparte. Eta askotan ez bezala, komunikaziorako ateren bat irekita dagoela dirudi behinik-behin.
Horrezaz gain, Osak Euskara21 ekimenarren berri eman zigun labur-labur, aurrekoarekin luzatu egin ginen eta ez zitzaion tarte handirik geratu. Funtsean webgunean dagoen informazioa eman zigun eta horren ondoren parte hartzeko gonbidapena luzatu zigun guztioi eta gonbitea luzatzeko gonbitea ere bai, hemen doa beraz.
Erakunde eta sektore gehiagotako jendearekin ere arituko ei dira horrelakoetan. Beraz, zuetako inork horrelako batean parte hartu eta zerbait komentatu edo osatu nahi badu, hemen ere kantxa daukagu.
Konpartitu mezu hau:
delicious |
zabaldu |
bildu
Benito(e)k bidalita 2008, abendua 3 - 02:00(e)an.
Gaur Euskararen Nazioarteko Eguna. Eta urtero bezala han hemenka topatuko ditugu kontzertuak, hitzaldiak, sariak, kanpainak, afariak eta egun horretan jende guztiak aipatuko duen hori aipatzen denean norberak ere zerbait egin duela pentsa dezan egin daitezkeen klase guztietako ahaleginak.
Nik neuk urte guztia kontuarekin eta egun hori deskantsurako nahi nuke. Baina gaur Enric Serraren Aprendre llengües blogean mezu pare batean Katalunia partean dekalogoak egiten dabiltzala ikusi dut. Kataluniako unibertsitateetako hizkuntz-zerbitzuek GELArekin (Grup d'Estudi de Llengües Amenaçades) batera egin dute bat, eta bestea Isidor Marik proposatu zuen duela urte pare bat.
Dekalogoak, kartilak eta mandamenduen zerrendak ez ditut irla batera eroango nituzkeen genero testualen artean, baina gaurko eguneko solemnitate ikutuarekin ondo ematen dutela, eta pottoki erretxinarena ez egitearren, botako dut neure aletxoa eta lehenegoa dekalogoa itzuli/bertsioneatuko dut. Biba festa!
Hizkuntz jasangarritasuna (sostenibilitat lingüística) dabil leiv motiv bietan. Decàleg per la sostenibilitat lingüística honek unibertsitari eta hiritar guztiei hau eskatzen die
- Hizkuntza guztiak errespetatzea;
- Norberaren inguruko hizkuntzetan interesatzea
- Hizkuntza gehiago ikasteko erreparorik ez izatea;
- Hizkuntzetan dauden jakintza-iturriei uko ez egitea;
- "Minoritarioei" ahotsa ematea;
- Hizkuntza menperatzaileak ez inposatzea eta mehatxatutako hizkuntzak sustatzea;
- Entzungo dizutenen hizkuntzaren erabilera aintzat hartzea eta errespetatzea, baita hizkuntza txikien kasuan ere;
- Munduan zehar dabiltzanean aniztasun linguistikoa praktikan ipintzea;
- Euren askatasun espazioari eustea, hizkuntza bera;
- Inori hizkuntza bat ikastea eta erabiltzea ez galaraztea;
Tira, aletxoa botata, eta baten bati kartel polita egiteko ideiaren bat eman badio, pozik. "Bart ze lo ona!" itzartuko naiz bihar.
Konpartitu mezu hau:
delicious |
zabaldu |
bildu
Benito(e)k bidalita 2008, urria 21 - 22:46(e)an.
Ez zaizue inoiz pasatu? Bolada batean berba bat atzetik dabilkizula ematen du. Erlaziorik gabe han eta hemen entzun edo pentsamendura etortzen zaizu. Egunotan euskaraz (eta hizkuntza guztietan) sinonimo asko dituen batekin pasatu zait niri.
Sinonimo batekin definitu du gaur batek "kuadrilategi" egitasmoa, eta irakurri dudana interpretatzen jarraituta egiten ditugun beste hainbat gauza ere adiera berdinarekin ezaugarrituko lituzkeela begitandu zait. Hori ez da serioa, ez da inportantea... Inportantea "Y" da.
Atzo Leireren Frantziako tourrekoak irakurtzen... Hango teknologia eta hango bitartekoak hona ekarrita...pentsatu. Eta zenbatek esango ligukete "Ba! Hori guztia X bat baino ez da"?
Eta entzun diet gero auzokideei Tas-Tasen. Berbalaguna, euskara elkartea... hau eta bestea egiten dela. Eta batzuen ahotsa berriro: "Ba! Xak!"
Eta Euskara Irakasleak han dabilela, jendea dabil batzen apurka-apurka. Gauzatxo batzuk esaten dira... Tira. "Bo! Beste X bat! Inportanteena "Y" da.
Eta zer esanik ez! Esaizu helduen euskalduntze-alfabetatzean zerbait berria behar dela, ikuspegi irekiagoa behar dela, gauzak betiko triunbiratoaren menpetik atera behar direla. Eta entzungo dituzuen guztien hasieran X bat egongo da, eta gero Xen adiera esparrua hedatzen joango da, lotura semantikoaren kateak berbak eta esakuneak ekarriko ditu parrastaka. Patologia, ostrazismoa edo anatemizazioan amaitu arte. Triunbiratoaren purrustadak.
Eta pentsatzen paratzen zara. Egunean zehar esan-entzun ditudan gauzetatik (edozein hizkuntzatan) zenbatek gaindituko lukete X kategoria hori? Gehienek ez. Eta egiten ditugunak? Berdintsu. Eta, txarrena, hotzean pentsatuta Y kategoriako zenbat ez dira Y jantzi soilak? X kategoriatik (handi)ustez altxatutako mozorroak. Y plantak egiten Xaren ustezko miseriak estaltzeko.
Letretakook ez gara izaten matematiketan onak. Baina egingo nuke X askok ez dutela Xn egiten, akaso Y da X askoren batuketa. Edo, ezpabere, azken batean den-dena da X.
Enpin, baten batek esan zuen modura: "Pilosopia baino, hobeto oilozopia".
PD. Eta beste batzuek guretzat 0 balioa duen X bati 700 ematen diote.
Konpartitu mezu hau:
delicious |
zabaldu |
bildu
Edurne Bilbao (IMHren komunikazio arduraduna), Mikel Urdangarin (Ahize - AEK) | 2008-10-13 13:27
Urriaren 23an, Elgoibarko IMHn, Makina-Erreminta Institutuan, goizez, 30+10 Mintegia burutuko da hirugarren urtez. Bertan, hizkuntza-kudeaketaren gaineko ponentziak aurkeztuko dituzte Belgika, Katalunia eta Euskal Herritik etorritako 19 aditu eta aritu. Enpresen funtzionamendua eta erantzukizunaren kudeaketa hobetzen lagundu dezaketen hausnarketa, praktika on eta produktuen berri emango dute.
Hainbat puntu landuko ditugu aurtengo 30+10 Mintegian:
- Berrikuntzaren eta hizkuntzen urtea izanik, bien arteko loturei buruz arituko zaizkigu Pilar Kaltzada, Innobasqueko Komunikazio-zuzendaria, enpresaren ikuspegitik, eta Igor Calzada Renoko Unibertsitatean ikerketa egiten ari den MIKeko proiektu-zuzendaria, hiritartasunaren ikuspegitik. Azken hori, berrikuntza mintegiaren funtzionamendura ekarriz, bideo-konferentziaz arituko da Renotik.
- Kanpoko esperientzietatik ikasi: Batetik, Bruselako gune elebidunean kokatuta dauden enpresetan eman diren aldaketen berri jasotzen duen ikerketa aurkeztuko digu Université de Namurreko Luk Van Menselek, eta, bestetik, katalanez aritu nahi ez duten langileei begira hainbat enpresatan landu diren Taller de Foment edo Sustapen-tailerren berri ere jasoko dugu Elena Blaya eta Jordi Boschen hitzaldian.
- Bertako esperientzietatik ikasi: Euskaltel, Tekniker, Ideko, Urkotronik eta GKN Legazpiren esperientziak aurkeztuko dira. Ahize-AEK hizkuntza-aholkularitzak erantzukizunaren koste eta onurei buruzko aurkezpena egingo du, eta horretaz gain, talde txiki eta norbanakoen ohituretan eragiteko tailer eta proiektuen berri ere emango dute Emun eta Elhuyar aholkularitzek (hurrenez hurren, Elias Zumalde eta Ana Labaka). EHUko irakasle Daniel Hermosillak Ahize-AEKrekin lantzen ari den ikerketa-proiektuaren oinarriak azalduko ditu, eta, praktika gehiagorekin osatzeko, Kutxako 600 langileri egindako elkarrizketen analisiaren berri emango digu Imanol Minerrek.
- Enpresaren marka-irudiari buruzko alde teorikoa eta praktikoa ere landuko dira. Alde batetik, enpresen aholkulari eta EHUko irakasle Sergio Mongek hizkuntza eta markaren arteko loturak aztertuko ditu, eta, kasu praktikoan, Euskaltelek aurkeztuko du nola kudeatzen duen euskara identitate-marka gisa.
- Urtero bezala, softwareak pisua izango du mintegian. Informatika arloan ematen ari den bilakaerak aniztasuna kudeatzeko gero eta aukera handiagoak ematen baititu. Alde batetik, nazioarte mailan eragin handia duen enpresa baten hizkuntza-kudeaketa eta produktuak ezagutzeko aukera izango dugu: Microsoft. Bestetik bertako bi erreferentzia: ESLEk, Euskadiko Software Libreko Enpresen elkarteak, software mota horrek eskaintzen dituen aukeren berri emango du, eta Elekako Iñaki Irazabalbeitiak dokumentu eleanitzak erlazionatzeko teknologia aurkeztuko du.
- Arlo berria: Aurtengo berezitasunetako bat izango da Andres Urrutia Notario eta Euskaltzainburuak emango duen hitzaldia. Izan ere, orain artean gutxi landu izan den arlo bati ekarpena egingo dio: lege-dokumentuak kudeatzeko zerbitzua aurkeztuko du.
Mintegi honen antolatzaileak IMH – Elgoibarko Makina-Erremintaren institutua, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Elgoibarko Udala eta Ahize-AEK hizkuntza-aholkularitza dira, eta nahi duen orori parte-hartzeko gonbitea egiten diote. Aldibereko itzulpen zerbitzua izango da, eta entzule etorri nahi duenak bi bide ditu izena emateko:
- Telefonoz: 943 74 41 32 (Leire Alberdi)
- Posta elektronikoz: imh@imh.es.
Egitaraua ikusteko edota izena emateko:
http://www.imh.es/albisteak/30-10-mintegia-enpresa-eta-hizkuntza-kudeaketa/view
Otto | 2008-10-07 16:30

Nire jefeek bidaiatzera behartzen naute, sarri. Horrek endredo franko ekartzen dizkit normalean baina, trukean, aukera ematen dit liburuak irakurtzeko.
Eta irakurtzen aritu naizen azkenaren berri ematera nator. Izenburuan duzuen El nacionalismo lingüístico. Una ideología destructiva, Juan Carlos Moreno Cabrera linguistika katedradunarena. Oso liburu interesgarria, ukitu zientifikoa ematen diona denok jakin badakigunari.
Izenburua irakurrita, zer pentsatu ez dakigula gera gaitezke: zertaz arituko da? ze nazionalismoz arituko da?... Neuri ere beste hainbeste gertatu zitzaidan. Ilustratzeko, hona hemen idazleak berak esandakoak EL MUNDOn:
«Mi libro es un termómetro para saber si uno es nacionalista o no. Si a uno le gusta es que no es nacionalista, ahora como no le guste...es que es nacionalista».
Dena den, nik abertzale edo nazionalistatzat dut neure burua eta, niri neuri, izugarri gustatu zait.
Besteak beste, honakoak geratu zaizkit buruan:
- Hizkuntzak ez dira hizkuntzak eta aldaerak, dialektoak.
- Hizkuntzek ez dute aldaera estandarra eta, horren adarrak, dialektoak; bada ere, dialekto-edo bat aukeratu da, eta horren aldaera formal (eta artifizial) bat da aldaera estandarra.
- Hizkuntza baten zabalkuntza ez da berezkoa, baizik eta planifikazio politiko jakin eta kontziente baten ondorio. Adibide nagusia, ingelesa eta gaztelera eta euren hedapen koloniala.
- Gaztelera espainiar bihurtzea planifikazio horren adibide baino ez da.
- Hizkuntza baten zabalkuntzaren atzean interes politiko eta ekonomiko nabarmenak daude.
- Hizkuntza "handiak" prestigiatzeko, lokalismotzat hartzen dira hizkuntza "txikien" aldarrikapenak.
- ...
Oso lan interesgarria; zoritxarrez, geuk bezalakoek baino irakurriko ez dutena.
Benito(e)k bidalita 2008, urria 7 - 10:26(e)an.
Duela hilabete inguru erabili.com-en zabaldu zen hariak jarraitu egiten du. Roberto Alkarterrik eman zion hasiera, eta Bittor Hidalgok galdera batekin erantzun: Atariko probak. Bai ala ez?. Robertok galderari erantzun eta Bittorrek gaur eman du bere erantzuna: Atariko proboi, bai EDO ez? Ba, EZ
Ezezko horretara heltzeko tesi batetik abiatzen da: gaur eguneko probek ahozko euskara bizia ez dute baloratzen eta euskara era naturalean erabiltzen duen euskaldunaren kalterako ere izan daitezke, "euskaltegikumearen" onerako. Bere hitzetan:
Garbi dago. Duten zehaztasun, zuzentasun, erantzun on bakar eta beste oso antzeko distraigarri -maiz erabiliak diren- gehienen gaitzespen eskaerekin, atariko probek saritzen dute euskara soilik euskaltegian ikasten eta erabiltzen duen euskaltegikumea.
Azken batean probetan euskararen erabilera naturalerako gaitasuna neurtzea proposatzen du, euskaraz egin beharko denaren eta norberari egokituko zaion ingurunearen (berba honekin ametsetan hasiko naiz benetan) arabera, ahozko hizkuntzari pisu gehiago eman eta idatzizkoari kendu.
Eta berriz, euskaldun berri etorriari, eskatu diezaiogun, eta saritu, lehenik, euskaldun zaharren mailaz mailako ahozko erabilera bereganatu dezan, benetan behar dutena hauekin komunikatzeko, denbora galarazi gabe A2, B1 edota B2 mailetan, gauzak idatziz ezin zuzenago emanaraziz (inoiz argitaragarri edo artxibagarri ezin izan litezkeen idatzietan); edota okerrago, zehaztasun eta zuzentasun alferrikakoenak eskatzen dizkieten atariko probak pasaraziz, hauek batere laguntzen ez dietenean euskaldun aktiboekiko interakzioan.
Eztabaida behintzat badago erabili.com-en. Bittorek jende gehiagoren iritzia eta eztabaida zabaltzea eskatu du. Tira ba, erabili.com-en daukazue kantxa.
Hemen ere jardunda gaude azterketen eta agirien inguruan apur bat. Baten bati dokumentatzeko balio badio.
Konpartitu mezu hau:
delicious |
zabaldu |
bildu
Benito(e)k bidalita 2008, urria 7 - 09:09(e)an.
Aspertuta nagoela, PLEren asuntuan pentsatzen hasi eta hau egin dut. Euskara ikasle baten PLEa izan litekeena edo (edo, edo, edo).
Gero, Magic-ek udan aurkeztu zigun PLEa gogoratu dut eta irakurri-entzun dut berriro.
Bitartean, agregatzaileak abisua eman dit, eta Lola Torresen mezu honetara joan naiz: On/Off PLEs (Parte 1).
Ondorioa. Nire PLE hori agregatzailea baino ez da. Ikasteko baliabideen kopurua, kalitatea, irekitasuna eta haien jarioa hobetzen den neurrian ez daukat dudarik halako tresnaren bat baliagarria izan daitekeela ikasle (mota) batentzat. Baina Magic eta Lolarenak irakurrita beste zerbait (asko) falta delakoan geratu naiz.
Eta begitandu zait ikasteko ingurune pertsonalaz baino ikasteko ingurune globalaz hitz egin beharko genukeela. Eta ingurune hori kokagune desberdinetan dugula: sare telematikoan eta ingurune fisikoan, inguru hurbilean eta inguru formalean; ikasgelan, ikas-plataforma telematikoan eta inguratzen gaituen errealitate guztian (fisikoa zein digitala).
Azken batean, Lolak dioen modura:
Para los educadores, supone reconocer un concepto que asume el aprendizaje como algo que ocurre más allá del aula y que la tecnología institucional no puede abarcar todo lo que el aprendiente necesita.
Hau da, ikastea -gure kasuan helduek euskara ikastea- edonon eta edonoiz gerta daiteke, ez soilik leku eta denbora-tarte zehatz batean (ikasgelan eta eskola denboran).
Eta?
Ba, helduen euskalduntzeari sakadatxo bat eman nahi badiogu, bistan da ikaskuntza ingurune gehiagotara zabaltzea ez dela kalterako izango. Enfoke modura eta ez aplikazio-multzo modura ulertzen du Lolak PLEren asuntua. Neuk ere uste dut hori dela enfokea, enfoke irekia eta globala, ikastea leku askotan eta beti gerta daiteke.
Beraz, euskalduntzea planifikatzean komeniko zaigu begirada ikasgelatik eta erakundetik harago ere eramatea (fisikoki zein birtualki): hizkuntz-hausnarketa, elkarreragina, praktika, feedback-a, laginak eta ikas-prozesuaren osagai eta jarduera guztiak hedatzea nonbait, norbanakoaren ikas-prozesuan alde eta puntu desberdinetatik eragin dezaten.
Ken Carrollen hau ere irakurri dut egunotan:
I’ve always maintained that learning is multi-dimensional, and deepened when you approach the subject from different angles. (Nik beti uste izan dut ikastea multidimensionala dela, eta sakonagoa da ikasgaira zenbat eta alde desberdin gehiagotatik hurbildu).
Connectivism squares with our experience
Carroll-ek dioena ez dakit nik diodan ildo beretik doan (itzulpena ere ez da izango oso txukuna), baina esaldia bere horetan hartuta baliagarria zait. Ikasgaia ahalik eta alde, une, egoera eta toki gehienetan aurkeztu, ingurunean integratu azken batean.
PD: sarean nabilela Kanadako esperientzia honen berri izan dut: Learning cities. Hiria ikasgune modura interpretatua, ideiak sortzeko abiapuntu bat izan daiteke.
Konpartitu mezu hau:
delicious |
zabaldu |
bildu
Benito(e)k bidalita 2008, ekaina 11 - 17:49(e)an.
Lehengo egunean Jon Urruxulegik euskaltegi mota berria antolatzeko proposamena egin zuen Berrian, Euskal Estatua izeneko artikuluan hain zuzen ere. Joxe Manuel Odriozolak izenburu berarekin plazaratu zuen gutunean jorratu zuen haritik tiratzen du Urruxulegik: euskal estatua eraikitzeko orduan euskarari zer balio-pisu ematen dioten alderdiek eta politikariek, euskal subjektu nuklearra...
Jonek hain zuzen ere, euskal subjektu nuklear hori eraikitzen laguntzeko modu bat proposatzen du: hutsik dauden herriak "euskaltegi" bihurtzea, euskaraz funtzionatu eta biziko liratekeen entitate lokal berriak, barnetegi modura ere funtzionatu dezaketenak...
Inoiz entzun dut halako proposamenik, hustutako herriak euskaldunekin berpopulatzea eta hala. Proposamena bitxia behintzat bada, baina ez naiz hasiko hura aztertzen. Jonek balizko euskaltegi hori deskribatzeko pasarte honetan azpimarratutakoak eman dit atentzioa:
Subentzio beharrik gabeko euskaltegi librea, idealismoaren habia, Nor-Nori-Nork sistema zigortzailerik gabeko eskola liberatzailea, euskaraz bizi leloaren praktika sozio-linguistiko plastikoa, kibutz euskaldun ez estatala, naturaren kodigoaren erresuma, euskal herria litzatekeen euskaltegia litzateke horrelako bat. Zergatik ez martxan jarri?
NNN, alde batetik euskalduntze-alfabetatzearen ikur bihurtuta (bai, Gozategiren kantua), bestetik sistema zapaltzaile baten ikurra, askatasunaren ukatzaile omen. Eta ez dakit ba, muturretik muturrerako bidaian ez ote gabiltzan..
Gogoratu dut duela hilabete batzuk Gontzal Fontanedaren Euskal Euskara liburuaz ari ginela, Gontzalen aipu hau:
Gero azaldu zen nor-nori-nork, Elvira Zipitriaren bidez. Estibalizko priorea bere ikaslea zen, nire adiskidea eta liburuxka bat idatzi zuen: Nor-nori-nork el secreto del verbo vasco.
NNN, euskal aditzaren paradigmak sailkatzeko terminologia hori, ez zuen zapaltzaile batek sortu antza, ikastola eta gau-eskoletan ziharduten irakasleek baino, frankismoaren sasoi gogorrean. Seguruenik gainera, asmo bakarra zuten orduan euskara ikasten eta alfabetatzen saiatzen ziren animosoei hizkuntzaren forma ulertu eta buruan eskemak egiteko lagungarri bat eskaintzea. Euskara ikasi eta, ondorioz, erabiltzeko tresna bat.
Ausartegia izatea da akaso, baina ikas-estrategia ez genioke deituko gaur egun? Hizkuntzaren forma interpretatzen laguntzen digun tresna, terminologia, sailkapena, deskripzioa... Ikasteko tresna edonola ere.
Neuri behintzat lagungarri suertatu zitzaidan ikasten nenbilenean, grafikoa eta argia. Euskararen aditzaren paradigma egun batzuetan lortu nuen hala ulertzea eta memoriaz ikastea. Gero hizkuntzaren formari esanahia eman behar izan diodanean, erabili alegia, eskema bat eduki dut eraikita, gauzak biziki erraztu dizkidana.
Errorea izan daiteke ikas-prozesua hizkuntzaren forman zentratzea. Horretaz uste dut aspaldi gaudela gehien-gehienok jabetuta. Hizkuntza ikasteko hizkuntza erabili egin behar da, esangura eman, elkarreragina eta hori guztia. Baina ikasteko modu "naturalenean" ere ikasten duenak hizkuntza hartu behar du hausnarketagai eta mintzagai. Irakur-entzuten duenari erreparatu, ondorioak atera, formaz pentsatu, galdetu ("Nola esaten da?"), hizkuntza "eraiki". Eta eraikuntza lan horretan laguntzeko tresnak badaude, sistematikoki baztertzea behintzat ez zait egokia iruditzen.
Aspaldian entzun nion baten bati euskara ez dela ikasten "por via axilar", liburua besapean batetik bestera eroaten dutenengatik. Ez ba! Baina basoko polena ere ez dakit transmisio bide eraginkorrena ote den.
Eta zapaldu aditzaren esanahia ez dago aditz laguntzailearen forman, subjektua eta objektuaren arteko erlazioan baino, seguraski.
Konpartitu mezu hau:
delicious |
zabaldu |
bildu
