AEK-k aspaldian antolatzen ditu euskara irakasle berriak prestatzeko glotodidaktika ikastaroak. Orain arte gehien bat aurrez aurreko ikastaroak egin ditugu, Hegoaldeko lau hiriburuetan urtean bizpahiru aldiz.
Irakasle berriak prestatu beharraz konturatuta, ikastaro hauen esparrua zabaltzea erabaki dugu, eta eskaintza berriarekin gatoz ikasturte honetan: Glotodidaktika online.
Ikastaroa urtarriletik ekainera egingo da, urtarrilaren 12an hasita hain zuzen ere. AEKren e-gela gunean garatuko da Moodle software-a erabiliz.
Hemen duzue programaren laburpena:
HELBURUAK
Helduen euskalduntzean jarduteko oinarrizko trebakuntza lortzea
Hizkuntzaren i(ra)kaskuntzaren oinarrizko ezagutza izatea eta hausnarketa bultzatzea.
Euskararen i(ra)kaskuntzaren ezaugarriez jabetzea.
Ikastaroan zehar egindako lan guztiek osatuko dute ebaluazio txostena.
Ikastaroa gainditutzat hartzeko, eginkizunen %80 egin beharko dira, eta guztietan gutxienekoa lortu.
Ikastaroak 100 orduko balio akademikoa du.
Ikastaroa amaitutakoan, egin izanaren ZIURTAGIRIA banatuko da, AEK-k emana. Bertan, ordutara ekarriko da gutxienekoa eman duten eginkizunen kopurua.
AEK-n irakasle jarduteko beharrezkoa da ikastaro hau. Edonola ere matrikula irekia da eta interesa daukan edonork egin dezake.
Gogoratu bestalde EAEko euskaltegi homologatu batean irakasle jarduteko baldintza batzuk daudela: EGA edo pareko agiria, eta diplomatura mailako unibertsitate-titulua.
Ikastaroaren prezioa: 305 €. Informazio gehiago nahi baduzu edo izena emateko idatzi e-posta helbide honetara: marta-c[abildua]aek.org
Badakizue Karraju honetatik gustatzen zaigula euskararen inguruko kontuetatik harago hizkuntzaren irakaskuntzarekin lotura duten kontu eta pertsonei jarraipena, eta ahal bada, haiekin harremana izatea. Horrela bada, gure lagunen artean ELE edo gaztelaniaren irakaskuntzan dabilen jendea ere badugu, bi (hurbilenak) aipatzearren :Ibilbideako Iñaki edo Tres Tizaseko laukotea adibidez. Ekarpen eta ideia interesgarrien iturri ditugu bi hauek eta beste hainbeste.
Tres Tizasekoek hain zuzen ere, sorpresatxoa eman digute aste honetan. Aspaldian zabaldu zuten "Te cedo la palabra" txokotxoa, hor "erresidenteak" ez diren blogariak gonbidatzen dituzte lantzean behin, eta aste honetan gonbidatu benetan interesgarria ekarri digute: Leonor Quintana.
Leonor gaztelania irakaslea dugu, Grezian dihardu, eta ELEren (gaztelaniaren irakaskuntza) munduan interneteko saltsero bizienetako bat da. Bere blogetik aparte, TodoEle eta Comunidad Todoeleko sustatzaile eta partaide aktibo dugu, eta beste hainbat salsatan ere badabil.
Eta Leonorrek proposamen benetan bitxia ekarri digu Tres Tizasera. Vaya Semanitako "Euskaltegi" sortako sketch batetik behaketa-azterketa didaktikoa egin digu. Gauza batzuk ikusi ditu Leonorrek esketx horretan. Azpimarragarriena nire ustez, gogoeta didaktikoa bistan eta eskura ditugun elementu kotidianoetatik ere abiatu daitekeela erakustea izan da. Ariketa interesgarria izan da eta ezin izan dut hona ekartzeko tentazioari eutsi. Beraz, Leonorren beraren baimenarekin (mila esker, gracias, ευχαριστώ) artikulua itzuli eta hemen duzue:
Oso dibertigarria da ETBren bideo hau, H2ko ikasle eta irakasleentzat batez ere. Baina jo dezagun hau benetako klasea dela... Zer esan genezake?
H1 edo H2 klaseko hizkuntza bezala erabiltzea. Andereñok H1 (gaztelania) baino ez du erabiltzen, gehiegi eta sobera, kasu honetan arrazoiek ez daukate zer ikusirik metodologiarekin, telebistarekin baino, bistan dago. H1en erabilera, duda barik, faktore askoren menpe dago, helburuak eta programa betetzeko denbora besteak beste, eta askotan komenigarria ere izan daiteke, baina nire ustez ahalik eta gehien mugatzen ahalegindu beharko genuke. Comunidad Todoelen horri buruzko eztabaida bat dago eta bisitatzea gomendatzen dizuet bide batez.
Afektibitatearen garrantzia ikaskuntzan. Alfredo eta Edorta ikasteko motibazioaren bi muturren ereduak dira. Ikasleak animatzea irakaslearen lanaren partea dela uste dut, baina aldi berean ikastaldean oreka mantendu behar da, inork geure arreta monopolizatu gabe, horretarako guztien parte-hartzea ahalbidetzen duten teknikak beharko genituzke, talde-lana bezala. Era berean ikasleen adina, izaera eta ikasteari buruz hark dituen ideiak errespetatu behar dira, inor baztertuta eta lekuz kanpo sentiarazi gabe, Alfredo bezala. Aukera eman behar zaie guzti-guztiei, eta ez ideia pedagogiko ultraberritzaileei neofitoaren grinarekin itsu-itsu eutsi.
Errorearen trataera. Hizkuntzen irakaskuntzan berebizikoa da ikasleari ulertaraztea errorea oso produktiboa dela eta arriskurik hartzen ez duenak gutxi ikasiko duela. Hala ere, zeintzuk errore zuzenduko ditugun ikusi behar da, eta, batez ere, nola zuzendu. Kontrakoa pentsatu daitekeen arren, neure esperientziak diost helduak sentiberagoak direla honetan. Nik neuk kezka berezia dut, nahi dut ikaslea erroreaz konturatzea, baina ez dut honekin larritzerik nahi, eta aldi berean, arduratzen nau erroreok hasierako etapetan arretarik ez emateagatik fosilizatzea, horretarako moduak aurkitzea da nire kezka.
Agindutako atazen egokitasuna. Dudarik gabe, irakasle ona ikasleekin arduratzen da, baina era berean arduratzen da ikasleari ataza bat eman baino lehen hura egiteko beharko dituen informazioa eta ereduak ematen. Nola emango dizkiogu orduan, edozein gai eta mailatan, egiteko moduan ez dagoen lanak? Baina, kontuz! Ez gaitezen kontrako muturrean eror, eta ez dezagun ikaslearen gaitasuna gutxietsi.
Bufa! Irakastea konplexua da benetan eta zuen esperientziak eta ikuspuntuak ere ezagutu nahi nituzke. Nik bideoa ikusi ondoren neure gogoetak kontatu baino ez dizuet egin.
Leonorren analisiari gehitzekorik? Zer diozue?
VSko sketch batetik hau ateratzen badugu, benetako klase batetik zer ez genuke aterako? Ezta?
Hizpide aldizkariaren 67. zenbakia agertu zait gaur mahaiaren gainean. Badugu egun batzuetarako denbora-pasa, euskaltegien webguneen maiseoan ibili beharrean. (Portzierto, galdera lerdoa ohi bezala inork erantzungo ez duena: Hizpideko edukiak inoiz ikusiko ditugu sarean? Laburpentxo bat sikieran? Edo albisteren bat Ikasbilen baino ez bada, edo azalaren iruditxo bat, thumbnail tamainan aunkesean...? Bengaaaa! Jopeeeee!)
Zer dakar? Horrela gain-gainetik ikusita (aurkibidea irakurrita zehazkiago):
Portafolioa beste tresna bat ikasle eta irakasleen esku. Amaia Arauzo, HABEko teknikaria.
Ikaskuntza konbinatua: gaia zertan den. Maria Jose Lasheras, HABEko teknikaria.
Kontaketa, azalpena eta preskripzioa: sekuentzia nagusiak. Pello Esnal, HABEko teknikaria.
Web semantikoa eta sare sozialak hizkuntza ikas-irakaskuntzan. Agurne Azpitarte, Natxo Guillén. HABEko teknikariak.
IKTean oinarritutako hezkuntza (eta II). Luis Mari Txabarri, HABEko teknikaria (ez dut kopipastea egin, benetan, zin dagizuet).
Esan bezala, badugu egunotarako zer egina, zer irakurria, zer komentatua eta zer esana.
Funtsean, euskara irakasleontzat lagungarri izan daitezkeen dokumentazioaren, tresnen, materialen eta baliabideen bilduma da didakteka, Wikipediaren erara eginda, hau da, era kolaboratibo eta irekian.
Berton diosku dagoeneko (lehengo astean, orain gehiago dira) 220 orri osatu dituztela, 2007ko uztailean hasita hain zuzen ere. Hauek dira orain arte garatu dituzten atal nagusiak:
Lan interesgarria da duda barik, eta erabilgarria ere izan beharko luke. Bakar-bakarrik euskara irakasle batentzat baliagarria izan daitekeen jakintzaren dokumentazioa antolatzea eta leku batean jartzea askok estimatuko duten ahalegina da
Ez da erraza izaten gainera hizkuntzaren irakaskuntzaren inguruko jakintza eta informazioa ordenatu, laburtu eta antolatzea. Mundu honetan hasi edo apur bat jantzi nahi duenak sarri dokumentazio eta bibliografia oparoa aurkituko du, baina, era berean, kaos handi baten aurreko izua sentitzea erraza izan daiteke: Nondik hasi? Zer dago han eta hemen? Non kokatu gauza bakoitza? Zeini egin kasu?
Gida edo eskuliburu moduko zerbaitek asko leunduko luke janzteko bidea duda barik. Hor daukagu beraz Didakteka, horretarako tresna egokia izan daitekeena.
SUEkoek kexu dira orain arte partaidetzarik ez dutela izan. Esan dudan bezala, ez da erraza proposatzen duten erronka, baina, aldi berean, inork bere gain hartu ezean, halako tresnak sortzea eta zabaltzea guztion esku dago.
Eta osatzen laguntzeko animo, ausardia edo modurik ez badaukagu, egin den lanari probetxua ateratzen saiatu ahal gara, irakurriz, erabiliz eta zabalduz. Lizentzia dago eta.
Aurtengo berrikuntza bezela, Software librea ikastaroak Unibertsitate Espezialista izaera izango du eta Euskal Herriko Unibertsitateko Berezko Titulua.
Ikastaroa amaitzean 34 kreditu ECTS bereganatu ahal izango dira.
Ikastaroa 2008ko Urriak 18an hasi eta 2009ko Uztailak 17an amaituko da. Matrikula epea zabalik dago dagoeneko.
Asmoz Fundazioak, XML teknologia: Oinarriak eta tresnak on line bidezko ikastaroa antolatu du.
Ikastaroaren alde praktikoa aurrera eramateko Asmoz Fundazioak software jakin batzuk ipiniko ditu ikasleen eskura. Informatikako ezagutzak dituen interesatu orori zuzendua dago ikastaroa: bai informatikako ikasketak egin dituztenei baita praktikaren bidez informatikan ibiliak direnei ere.
Maiatzaren 5ean hasi eta Ekainaren 30 bitarte iraungo duen ikastaro honen informazio orokorra eta izen-emate orria Asmoz Fundazioko http://xml.asmoz.org webgunean topa daitezke edota xml@asmoz.org postara zuzenduaz. Matrikula epea Apirilak 30ean amaitzen da.
HABEk antolatu dituen ikastaroak aipatu genituen lehengo egunean: wikiak, blogak, podcastak, on-line eta aurrez aurrekoa... Kasualitatez, hurrengo egunean podcasting ikastaroa egiten dabilen lankide batekin berriketan gaia irten eta komentatu zidan ikastaro-amaierarako proiektu moduko zerbait aurkeztu behar dutela eta buruari bueltak ematen ari dela.
Neuk ere ez daukat ideia zehatzik halako proiektua burutzeko, baina interneten nabigatzen ikusi edo inoiz karrajuan apuntatu ditugunekin ideia edo adibide batzuk batu daitezke, inspirazio iturri gisa balio balute edo. Zerrendatxoa egin dut, hemen behean daukazue, baina zeuei ere zerbait gehiago bururatzen bazaizue, wikian ere badago, eta han osatu dezakezue.
Gai bati buruzko elkarrizketak grabatu eta jarduera batzuekin osatu. Aurrekoaren oso antzekoa. Adibidez: Notes in Spanish.
Klaserako grabazioen bilduma. Interneten topatzen ditugun grabazio interesgarriak markatu, eta haiekin geure hautatuen podcasta egin ahal dugu. Odeo zerbitzuarekin egin daiteke adibidez. Ez dituzu fitxategiak igo behar, estekatu soilik. Hemen daude adibidez Karrajurako batu ditugun grabazioak: Karrajua podcast.
Ikasleekin testu idatziak grabatu eta sarean zabaldu. Adibidez, Euskaljakintzako Maitek literaturaren inguruan proposatu zuen hau: Entzun.
Ikasten ari denak testua grabatuko du, eta interneten jarriko du beste inork ebaluatu dezan. LiveMocha zerbitzuan egin daiteke hori adibidez. Autoebaluazio ariketak ere egin daitezke, horretarako tresnaren bat gehitzen bada.
Irakurketa automatikorako tresnak erabili irakurtzeko testuen lagungarri gisa. Karrajuan egin genuen proposamena horretaz: Idatzitik ahozkora, TTS
Soinuen eta hotsen grabazioak. Komentatzeko edo igartzeko ariketa izan daiteke. Esate baterako soinumapan dauzkagun grabazioak bezalakoekin.
Skype bidezko praktika. Ez da podcast-podcasta, baina interesgarria. Mintzapraktika org edo Soziety zerbitzuetan egiten dute.
Klaserako entzutezko materialak erakutsi, estekatu eta gomendatzeko webgune edo bloga. Ez dut adibide zehatzik aurkitu, baina klaserako.karrajua.org-en antzeko zerbait izan daiteke.
Norberaren edo besteen esperientziak kontatzeko irrati-podcast antzeko zerbait: elkarrizketa izaten da hobetoen funtzionatzen duen formatoa. Adibide batzuk: Voces en español edo L de Lengua.
Ikusi duzuen bezala adibideak eta ideian zirriborroak baino ez dira, baina inori zerbaitetan laguntzen badio, hor dauzkazue.
Blogen eta wikien inguruan jardun da aurreko urteotan, baina ikastaroak amaitu eta ez dirudi hango esperientziek jarraipenik izan dutenik (publikoan behintzat). Probako blogak sortu ziren adibidez, baina haietako gutxik iraun dute gaur arte, eta berririk ez dugu ikusi apenas.
Teknologiaren aplikazio didaktikoa -ez dakit arrazoiarekin edo arrazoi barik- autoikaskuntza eta urruneko ikaskuntzarekin lotzeko joera daukagu, gehienez b-learning edo eredu misto (nahikoa lausoa) delakoarekin. Eta gaur egun teknologia hitzaren zabal-zabalean aplikazioak noranahikoak eta nonahikoak izan daitezke. Ikastalde klasikoetan, bai eskola jardunean bertan, bai eskola-denborako osagarri modura, "etxeko lanak" egiteko baino ez bada ere. Alde horretatik Jonen esperientza jarraitzea interesgarria da duda barik, eta kontatzea eskertzekoa.
Bestalde, bitartean HABEk lan-taldeak antolatu zituen autoikaskuntza eta eredu mistoak aztertzeko. Ez daukagu oraindik haien ondorioen berri (hemen ibiltzen den baten batek akaso), laster etorriko dira seguraski. Ez da gauza bera izango balizko eredu msitoa eta aurrez aurreko taldeetan teknologiaren aplikazioa, baina era berean, ez dut uste konpartimentu isolatuak direnik ere. Gehienez continuum batean kokatzeko puntuak. Online-etik off-line-era?