Gaur goizean Amarauna irratsaioan blogen heriotzaz egin digute galdera tertuliakideoi. Luzatzeko tarterik ez, eta grazia pare batekin erantzun dugu. Autoinmolazioa egiten gatozela-edo (saioa hemen entzun dezakezue).
Hileta kanpaiak zabaldu dira azkenotan blogei eskainita, zarata handiarekin batzuk, baikor eta burutsu erantzun nahi izan dute bestetzuk. Duela bizpahiru urteko euforiaren ifrentzuan sartu garela esan daiteke behinik behin.
Arratsaldean berriz, RSSaren txorrotak tanta latza ekarri du. Ibilbidea blogaren iturriak "Fin" esan digu. Zer da ba? Zer amaitu da? Bloga bera. Iñakik sarrera guztiak ezabatu ditu dagoeneko, eta laster bloga ezabatzeko asmoa dauka.
Zer dela eta?
Porque mi objetivo original de utilizar el blog como espacio de reflexión y discusión no se ha cumplido, en su lugar, ha sido más bien una especie de tablón de anuncios donde la interacción con mis lectores ha sido muy baja o, al menos, más baja de lo que a mí me hubiera gustado que fuera. El potencial interactivo (esto es web 2.0) del blog apenas se ha desarrollado y, por esta razón, renuncio a invertir más tiempo y esfuerzo en este proyecto.
2.0 delako honek ez ditu Iñakiren espektatibak bete, bistan da. Inoizko oparoena izango zen uztak etsipena ekarri dio nagusiki. Arrazoizko arrazoi bat tartean:
Leo por aquí y por allá sobre las grandezas de la web 2.0, pero veo mucha teoría (potencia) y poca experiencia práctica (acto).
Iñakik esan du, esan, baina aitortu behar dut neuk ere izan dudala sentsazio hori berori behin baino gehiagotan. Partekatzea, ezagutzaren eraikuntza kolektiboa, feedback-a, elkarrizketa... Eta zertan-non-noiz gertatu da hori? Nola? Kasuak pentsatzen hasi eta topatzea kostatzen da. Geure arloan gehien bat. Adibide espektakularrik ez behintzat.
Arazoa ez ei dago bitartekoetan, geugan baino:
De cualquier modo, tengo la sensación de que el problema de fondo no está en la tecnología, sino en los usuarios. Sospecho que el espíritu web 2.0 no está muy extendido entre los usuarios, por eso es que las herramientas web 2.0 no desarrollan mucho su potencial interactivo.
Iñakiren gogoeta gordina izan da, baina zintzoa. Horrela geratu zaio berari. Eta geuri?
Has gaitezen bertotik, Karrajutik. Partaidetza (horretaz ere galdetu digute gaur goizean), bilatzen duguna eta espero duguna. Ondo da. Zer partaidetza izan dugu? Zortzi-hamar lagunek bidali digute artikuluren bat inoiz. Hogei, hogeita hamarren batek egin dizkigute ekarpenak iruzkinen bidez. Partaidetza da hori? Argi eta garbi: BAI. Eta inportanteena, zenbat jendek irakurtzen du hau? Estatistikak hartuta eta prudentziaren eta zentzunaren galbahe guztiak pasatuta estimazioa eginez, berrogeita hamarren bat esango nuke. Hori ere partaidetza da. Ala ez?
Zer nahi genuen bada? Gehiago? Nahi bai, beti. Espero genuen? Nik neuk behintzat ez. Beharbada espektatiben neurrian dago koxka.
Hala ere, egon liteke beste faktore bat etsipena sor dezakeena, publiko falta baino larriagoa nire ustez. Ez dakit zelan deitu. Akaso psikolastoaren ziklo etengabea. Ideiak, iritziak, albisteak bota, jaso, jorratu, tratatu, landu, jardun eta jardun, baina hori guztia ezertan ez dela gauzatzen sentitu. Akabuan alferrik edo ari zarela senti dezakezu.
Karrajua ez dugu itxiko, ez. Gainera, beste endredo batean sartuta gutxiago. Baina Iñakik esan duen modura honek guztiak beste karga bat ere ekartzen du, informazioaren eta elkarrizketaren sobredosia, eta haren tentsioa eta estresa. Horrek guztiak ezer ez digula ekartzen sentitzen hasten bagara, okerrago.
Ez dakit 2.0 edo dena delako botika honek zenbat gaitz eta zelan sendatuko dituen. Seguruenik ez esaten den beste, eta botika aipatze hutsarekin gutxiago. Hala ere, oraindik esango nuke gure botikinetan laster batean beharrezkoa izango dela, hori bai, betiko tiriten eta merkrominaren ondoan. Testatzen jarraituko dugu apur batean, ezta?
PD. Iñakiri egin duen ahalegina eta utzi dizkigun gogoetak, ideiak, materialak eta lan guztiak eskertu barik ezin amaitu. Penaz baina eskerrik asko, zorte on, eta berriro jausten bazara tentazioan, badakizu non gaituzun. ;-)
Barcamp bat zer den eta zelan funtzionatzen duen bertan ikusi.
Han azaldu zirenak ikusi-entzun eta hangoekin jardun.
Lehenengoari dagokionez, formatua interesgarria dela pentsatzen jarraitzen dut. Azalpenak laburrak izatea alde batetik erritmoa bizkortu eta arreta mantentzen laguntzen du, eta bestetik, azalpean egiten duenrari zentratzera eta zehatza izatera behartzen du. Elkarrizketa eta jakin mina pizten du aldi berean. Dena dela, han ikusitakotik antolatzeari begira ideia batzuk apuntatu nituen:
Konfidantza hartzea garrantzitsua da horrelakoetan. Jendea ezaguna ez bada areago. Dinamizazio lana garrantzitsua da beraz, berriketa probokatzea eta publikoari xaxatzea. Patxi ibili zen ahaleginean, baina, ez dakit euskaldunak izateagatik ote den, kostatzen da izotza apurtzea. Beharbada, hasieran elkar ezagutzeko denbora gehiago emanda. Pentsatzeko puntua uste dut.
Interakzioa garrantzitsua da, informalitate giroa izan daiteke halakoen indargunetako bat, eta informalitate giroa zabaltzeko komenigarria izan liteke tarteak eta atsedenak egitea, agurtzeko, komentatzeko, giroa berotzeko azken batean. Bilkura formaletan askotan esaten da onena pasiloetan gertatzen dela, edo bazkarietan. Larunbatean adibidez, merienda-legetxo bat egongo zen ondo (seguru aurretik abisatuta, denok ekarriko genuela zeozer partekatzeko, webdosazerista porrokatuen modura).
Gaien blokeak egin ziren, dena dela jende desberdinaren interes desberdinak batzen direnean zaila izaten da arreta mantentzea. Igual komenigarria izan liteke horrelakoetan interesen distantzian oreka bat gordetzen saiatzea, edo jendea bloke desberdinetan banatzea.
Halakoak antolatzeari begira okurritu zaizkidan ideiak baino ez dira. Basquecamp bera edo halakoren bat antolatzen denerako aintzat hartzekoak. Hurrengo barcamp-en seguru hemengo ikaskizun asko aplikatuko direna.
Bestalde, han plazaratu direnen inguruan zertzeladatxo batzuk:
Herritarrak+teknologia. Bi ideia. Teketenen mashup-ek erakusten duten bidea. Norberak informazioa hautatu eta erakusteko tresnak asko dauzkagu eskura. Mashup-a hori da azken batean, sarea nork bere behar-interesera egokitzea eta iragaztea, ezagutza eta informazioa bilatzeko modu pertsonalizatuak, PLEari buruz jardutean halakoak agertzen dira askotan adibidez. Herri baten inguruko informazioa zelan hautatu eta erakuts daitekeen adibide ona jarri zigun. Eta erabili egin dugu: larrabetzu ipintzen duen lekuan euskaltegia jarri eta hara zer daukagun.
Bestalde, informazioaren zabalkundean aurkeztutako proiektuek, uste dut euskararen ikaskuntzatik baino ez bada ere, aukera interesgarria zabaltzen digutela: eskura ipintzen dizkigu hainbat "input" (albisteak, kontakizunak, iritziak...) hizkuntza ikasteko orduan interes berezia izan dezaketenak: hurbileko gaiei buruzkoak, eskuragarriak, baliabide grafikoez hornituak. Azken batean, hizkuntza erabiltzeko (eta ikasteko ondorioz) aukera hurbila ematen dio ikasleari (irakurtzea edo bideoak ikustea ere hizkuntza erabiltzea da) alde horretatik erakargarria, eta gainera teknologiak norberaren parte hartzea ere errazten du (iruzkinak egitea adibidez). Kasu apur bat egiteko modukoak dira honako proiektuak.
Mapen txanda heldu zen segidan. Gari AraolazakOpenStreetMap-en kolaboratzeko gonbitea egin eta Xabi Erkiziak soinumapa.net-en nondik norakoak kontatu zizkigun, berdin egin zuen Aintzane Agirrebeñak ahotsak.com-ekin. Ideia ibili zitzaidan buruan soinumapa eta ahotsak.com-en artean. Euskara mintzatuaren ahozko laginak edo hobeto esanda, testuak mapeatzeko modurik atondu liteke nolabait? Ez nabil bakarrik, ahotsak.com-ek egiten duen bezala, euskararen testigantzak, jende nagusiarenak batzeaz soilik. Ahozkotasunaz eta hizkera biziaz hainbeste hitz egiten den honetan, berriketak, hizkuntza kolokialaren laginak jasotzeaz baino. Uneko harrikada izan zen, hor dago norbaitek tiratzen jarraitu nahi badu edo.
Maitek ikasleen lan-koadernoak wikispaces-en zelan atondu dituen kontatu zigun ondoren, wikia zelan erabili klaseko lanak bideratzeko eta jarraitzeko. Sinplea eta bistan dago. Maiteren esandakoetatik gauza bi apuntatu nituen: Wiki hitza ez du erabili ikasleekin, eta seguruenik horrek hasieratik kendu dio zailtasun bat, eta ikasleak zer eginean gehiago zentratu dira, terminologia berritzailearekin ikaratu barik. Eta bestetik, lehendik ondo ezagutzen dugun Euskaljakintzaren izpiritua laburtu zigun, eginez ikasten dira gauzak, eta bloga ikasleek ikasi behar dituzten gauza horiek egiteko erabili da, egiten dutena publikatzeko. Akaso lekzio bikoitza, irakaskuntzan teknologia berriak hobetoen erabiltzeko modua teknologiari pisua kentzea eta zer eginean zentratzea da, inportanteena azken batean, ezta?
Gauza gehiago egon ziren, esan bezalak Patxik kontatu ditu Sustatun eta dagoeneko badabiltza argazkiak eta bideoak sarean. Ea honelako gehiago egitera animatzen garen, ordenagailu eta proiektore barik bada ere.
Atzo topatu nuen kalean Karrajuaren irakurle bat, eta blogean erritmoa jaitsi dudala esan zidan. Egia da, publikatu barik tripetan teknoendredatzen ibili naiz, eta, gainera, Karrajuan azkenotan luxuzko kolaboratzaileak ibili zaikigula, haien ekarpenekin Karrajua ondo baino hobeto beteta egon dela begitandu zait (mila esker Plisti, Otto, Etxepel eta Arkaitzi berriro, neure partez, eta seguruenik beste irakurle guztien partez ere bai).
Tumblr zerbitzuan ibili naiz asteotan oharrak, linkak, bideoak eta abarrak batzen, eta gustatu egin zait. Esan nuen era berean, bi akats aurkitu ditudala zerbitzu horretan, iruzkinak ez onartzea eta indibiduala izatea, hau da, erabiltzaile bakar batentzako izatea. Tumblr-en funtzionamenduari erreparatuta konturatu naiz ez dela teknikoki lar zaila halako bat egitea, eta Karrajuaren zerbitzaria erabilita halako tumblelog kolektibo komentatua prestatu dut, izen berekoa: Atoan. Eta Karrajuaren azpidomeintu batean ipini: atoan.karrajua.org.
Hemendik aurrera beraz, Tumblr-en egin dudana Atoan.karrajua.org-en egingo dut. Hau da, estekak, aipamenak, bideoak, ideia laburrak, oharrak eta abar labur batu eta erakutsi. Zertarako?
Karrajuan txikia izanda kabitzen ez dena (hau paradoxa!) zabaltzeko.
Norberak topatzen duena konpartitzeko.
Zuekin komentatu ahal izateko.
Karrajua.org-en garatzekoen zerrenda modura.
Zuetako norbaiti beste nonbait garatzeko aukera emateko.
Zer dago han? Mezu laburrak (luzera mugatuta daukate), mota hauetakoak:
Estekak. Sarean aurkitu dudan zerbait interesgarria apuntatu, eta iruzkin txikitxoa gehitu. Adibidea.
Aipamenak. Norbaitek esandako zerbait jaso eta aipamen modura erakutsi. Iturriarekin jakina. Adibidea.
Bideoak. Sarean "enbotatzeko" kodea ematen duten bideo interesgarria ikusi eta horixe, "enbotatu" (Haritz Euskaltzaindiara! ) eta erakutsi. Adibidea.
Oraingoz lau eduki mota hauekin ondo ibili daitekeela uste dut. Gauza gehiago probatu daitezke (irudiak, audio fitxategiak, galderak...), baina oraingoz hauekin nahikoa daukagu nire ustez.
Bestalde, esan dudan bezala, Atoan hori antolatzearen arrazoietako bat batek baino gehiagok publikatu ahal izatea ere bada. Beraz, zuetako inork Euskalduntze-Alfabetatzearen ingurumari zabal guztiaren gaineko ohar laburrak zabaldu nahi baditu, probara batzeko arazorik ez dago batere. Nirekin jarri harremanetan eta azalduko dizuet.
Hori bai, Atoan hau funtzionala egon daiteke, baina oraindik seguruenik diseinua zein funtzionamenduaren aldetik findu beharreko asko edukiko ditu. Eta hain zuzen ere, jende gehiagok erabilita konpondu, hobetu eta gehitu beharrekoak lehenago ikusiko dira. Beraz, erabili nahi duenak testatzaile papera onartu beharko du neurritxo batean (erronka polita, ezta?).
Honek ez du esan nahi Karrajua.org alde batera utziko dudanik, ez horixe! Hain zuzen ere Atoan hori Karrajuaren osagarria baino ez da. Karrajurako egosten direnak erakusteko lekua esate baterako (karrajua eta sukaldea, gustatu zait irudia). Karrajuaren spin off-en zerrendara batzeko beste bat azken batean:
Klaserako.karrajua.org. Sarean zabaltzen diren ikasmaterialak eta klaserako ideien jarraipena egiteko agregatzailea. Azken asteotan hau ere ibili naiz apur bat egokitzen. (Ikasbilen jarioekin eduki dudan borrokak blog bat betetzeko beste emango duela uste dut)
Karrajua.kom. Taldeak eta sare-sozial antzerako zerbait egiteko proba teknikoa. Ez du bide luzerik egin, baina ideia tekniko batzuk behintzat eman dizkit beste aplikazio batzuetarako.
Ple.karrejua.org. Elgg software-aren proba. Egun batean daukat honen inguruan esperimentu bat proposatzeko asmoa. Esango dizuet. Momentuz beta fasean ere ez, alfa2 (alfalfa) fasean dago.
Wikia. Hau ez dago zerbitzarian, baina tontamentean gauzatxo batzuk batu dira Wikiespaces-eko espazio horretan.
Tira ba, honaino deskargua. Esango didazua Atoan-ena zer iruditu zaizuen.
Karrajuan sartu nahi nukeen guztia ez da beti kabitzen. Paradoxa da, baina kontu laburrenak dira arazo gehien ematen dutenak: aipuak, interneten ikusitako zerbait, bideoren bat... Askotan iruzkintxo bat ere egiteko modurik aurkitu ez eta aipamen hutsarekin Karrajuko mezu kopurua gehiegi puztuko ote den beldurrez han geratzen dira.
Mezu laburrak maiztasun handiarekin publikatzea da nonbait. Microblogging deitu izan dena. Neureak botatzeko alternatibaren bila Twitter, Jaiku eta "what are you doing?" estilokoei erreparatu diet lehenago. Laburregiak baina, arinegiak. Sare modura funtzionatzeko ondo, baina publikazio irekirako ez naute konbentzitzen. Ezta Facebook bezalako sare sozial itxiek ere.
Tumblelog kontzeptua gogoratu dut gero. Blog moduko bat, baina arina, eduki mota asko batu ahal dituena: estekak, media fitxategiak, aipamenak... Ekilikua! Horrelako zerbait behar dut ba! Eta eduki ere eduki dugu aspaldian. Tumblr zerbitzuan hain zuzen ere. Zergatik ez hori erabili ba? Hara!
Atoan izena ipini diot, hau da, okurritu edo ikusi eta atoan apuntatzen dira horrelakoak. Eduki mota desberdinak formato desberdinean erakusteko modua ematen du: estekak, bideoak, aipamenak, elkarrizketak, entzungaiak, jarioak... Itxura dotore eta erakargarriarekin gainera. Adibide modura, Joxe Aranzabalen Farozaina daukazue.
Esteka jarri dut Karrajua.org-eko goiko menuan bestela.
Behin-behineko kontua da dena dela. Tumblr-en gauza pare bat falta direla uste dut. Iruzkinak egin ahal izatea eta erabiltzaile bat baino gehiagok editatzea. Alternatiba pare bat dauzkat eta saiatuko naiz jorratzen.
Gelato softwarea. Zeure zerbitzarian Tumblr-en moduko tumblelog bat egiteko modua ematen dizu, baina iruzkinekin eta erabiltzaile bat baino gehiagok editatuta. Dena dela, oraindik garapen fasean dago eta funtzionalitate batzuk nahikoa mugatuta daude. Oso interesgarria da egiten ari diren lana dena dela.
Norberak eraiki halako gune bat. Drupal edo Wordpressekin adibidez ez da zaila. Hain zuzen ere Drupalekin egin ditut proba batzuk. Hau izango da alternatiba seguruenik.
Didaktika eta irakaskuntzaren inguruko testuen bilduma da (bai, didaktikarion teoria-txapa-psikolasto horiek guztiak). SUEkoen asmoa era guztietako materialak guztion eskura uztea da, eta wiki erara publikatu dituzte testuok.
Wikian antolatuta, proiektua irekita dago guztion parte-hartzera, eta halaxe bota digute gonbidapena guztioi Didakteka osatzera:
Didakteka proiektu irekia da eta parte hartu nahi duten guztiei zabalik dago: dagoeneko eskura dauden artikuluak handituz, zuzenduz edo beste dokumentu batzuk sortuz.
Osatu ez ezik, materialak erabili eta zabaltzeko aukera ere eman digute CC-BY litzentziapean jarrita.
Ideia ona, duda barik, eta gutxien-gutxienik konpartitzeagatik eskerrak ematea merezi duena.
Eta norberak aportatzea ere bai. Animatuko gara? Hasteko Karrajuan fundamentuzko zerbait aurkitzen baduzue (neureen artean kostako da), beldur barik eroan ahal duzue Didaktekara.
Karrajura bisitak nondik etortzen diren kuxkuxeatzen ibiltzen naiz lantzean behin. Gaur adibidez batzuk eduki ditugu helbide honetatik. Webgune bat bestearen atzetik agertzen den aurkezpena dugu: Sareko baliabideak hezkuntzarako titulupean. Interesgarria. Ikusgarria. Zelan egin dute ba?
Peskizetan hasita, Webslides zerbitzuarekin egin dut topo. Diigo lastermarkak gordetzeko zerbitzuaren menpekoa. Webslides horretan erregistratu barik halako bat egiteko aukera ematen dizute. Sartu naiz probatzen.
Lehenengoarekin geratu naiz. RSS jarioa hartu eta bertan agertzen diren webguneak ikusteko aukera? Eta Klaserako.karrajua.org-erako erabiltzen ditugun jarioekin probatzen badugu? Hau irten zaigu adibidez, eta blogean enbotatzeko kodea ere ematen dute:
Esan bezala, ikusgarria behintzat bada.
Klaserako.karrajua.org horretan jarioak erakusteko beste modu bat okurritu zait orduan. Azalean handik eta hemendik jasotzen diren albisteak datoz, baina iturriaren arabera askok ez dute azalpen handirik ematen. Eta jarioko loturako webguneak oso-osorik erakusten baditugu?
Erraza, jario bat hartu, Webslides-en sartu, blogean txertatzeko kodea hartu eta orri batean enbotatu. Horrela bada, atal berria egin dut Klaserako horretan: Iturriak bistan. (ez dut burua asko nekatu izena asmatzeko, ez). Atal horretan jario bakoitza orri batean erakusten da, orriak sailkatuta eta ordenatuta daude. Honela:
Oraindino ez ditut iturri guztiak sartu, eta plantilan sartzeko estutzeagatik, apur bat desitxuratuta agertzen dira batzuetan. Enbotatu horretan ez dago orri osoko ikuspegirako esteka gainera, eta ikusteko arazo batzuk dauzkala dirudi, baina tira, erabilgarria ez dakit, baina erakargarria eta ikusgarria behintzat bada, ezta?.